Deportazio agindu bat gordetzen duten zitak

Espainiako Poliziak paperik gabeko migratzaileak «amarruen bidez» identifikatzen dituztela eta «zitazio-tranpak» helarazten dizkiela salatu dute arrazakeriaren aurkako zenbait erakundek: «Pasaportea kentzen diete askori, edo kanporatze bidean jarri».

JESÚS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Goiz hartan etxetik atera zenean, Modou Khadimek ezin imajina zezakeen ez zituela berriz zapalduko Ribaforadako kaleak (Nafarroa); egun horretan bertan atxilotu, hegazkin batean indarrez sartu eta 23 urteren ostean jada arrotz zitzaion sorterrira itzularaziko zutela: Senegalera.

Khadimi ez zitzaion halakorik burutik pasatu, Ribaforadako Udalaren zigilua zeraman zitazioa jaso zuenean. «Erroldarekin lotutako arazo administratibo bat konpontzeko» deitu zuten udaletxera. Ez zuen galdetzerik izan ere. Udal bulegoetara iristear zela, Espainiako Poliziak kalean atxiki zuen, Tuterako komisariara eraman eta, bi egunez atxilo eduki ostean, Senegalera bidali zuten, «presako prozedura» baten bitartez. Hiru urte beteko dira aurki.

«Ezin izan nuen ezer egin, ez agur esan, ez etxean nituen gauzak hartu», kontatu du Khadimek, Senegaldik igorritako gutun batean. SOS Arrazakeria, Munduko Medikuak, Paperak eta Eskubideak Denontzat eta Erriberako Senegaldarren Kolektiboak arduratu ziren eskutitza Nafarroako Parlamentuko taldeei helarazteaz.

«Objektu baten gisara sentitu nintzen», irakur daiteke. «Umiliagarria izan zen, inork ez du halakorik merezi». Sorterrira iritsi zenean «atsekabe oso handia» sentitu zuela dio nafar-senegaldarrak gutunean: «23 urte kanpoan eman ostean, atzerritarra naiz nire herrian; oso gogorra da hutsetik hasi behar izatea».

2019ko maiatzean deportatu zuten Khadim, eta Ribaforadako Udalak era aktiboan parte hartu zuen Poliziaren operazioan, zitazio faltsu horren bidez. Datuen Babeserako Espainiako Agentziak espedientea zabaldu zion udalari, herriko bizilagun baten datuak «era bidegabean» eta «leialtasun faltaz» erabiltzeagatik, eta Arartekoak ere txarretsi egin zuen Jesus Maria Rodriguez (PSN) alkatearen jokabidea. Salaketa, ordea, ez zen inora iritsi. Are: Maria Txibiteren gobernuak saritu egin zuen Rodriguez alkatea, Tokiko Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusi izendatuta.

Zitazio faltsuei dagokionez, berriz, hiru urte hauetan «orokortu» egin direla salatu dute arrazakeriaren aurkako elkarteek. «Azkenaldian, ugaritu egin dira gisa horretako amarruak: migratzaileei esaten diete euren egoera administratiboari lotutako tramite bat egin behar dutela, zita ematen diete Iruñeko Chinchilla jeneralaren kaleko komisarian, eta hara iristen direnean, kanporatze prozedura martxan jartzen dute», azaldu du Beatriz Villahizanek, SOS Arrazakeria elkarteko Nafarroako arduradunak.

Haren esanetan, askotarikoak izan daitezke migratzaileei hitzordua emateko aitzakiak: «Egoera normal batean, komisariara joateko zitazio bat jasotzen du ikerketapean dagoen norbaitek, baina kasu honetan, ez dago halakorik: motiboak erabat arbitrarioak dira eta, gehienetan, zerikusia dute azalaren kolorearekin eta irizpide arrazistekin».

Besteak beste, kontrol batean gelditzeak edo polizia etxean beste tramite bat egin behar izateak martxan jar dezake prozesua, baita pertsona horiek delitu bat salatzera doazenean ere. «Sexu eraso baten biktima izandako emakume batek salaketa jarri nahi izan zuen, komisariara joan zen horretarako, eta halako zitazio batekin atera zen; kanporatze prozedura abiarazi zuen Poliziak». Halako amarruek «erakundeekiko konfiantza urratzen» dutela uste du Villahizanek. «Gehienetan, gainera, mehatxu egiten diete: komisarian agertu ezean, atxilotu eginen dituztela esaten diete. Migratzaile gehienak polizia etxean azaltzen dira, beldurrak jota, egoera zaurgarrian direlako».

Dena ukatu du Espainiak

Paperik gabeko migratzaileak zita horietara agertzean, hainbat gauza gerta dakizkieke. «Gehienei pasaportea kendu eta fotokopia bat ematen diete, kontrolatuago izate aldera; hortik aurrera, prozesua arinagoa edo zorrotzagoa izan daiteke, ez dakigu zer irizpideren arabera: batzuk aske uzten dituzte, beste batzuk behartzen dituzte zenbait egunetik behin polizia etxean agertzera, eta askori kanporatze espedientea zabaltzen diete zuzenean».

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ukatu egin du halako amarruak erabiltzen dituenik. Argitaratutako azken datu ofizialen arabera [2021eko urriaren 31ra artekoak], 214 zitazio helarazi dizkie Poliziak egoera irregularrean diren migratzaileei, baina, Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Luis Arastiren hitzetan, «ohiko prozedura» da, «ez amarru bat»: «Atzerritarren auzietarako saileko zitazio bat jasotzea, deklarazioa hartzeko, gauza normala da».

Villahizanen ustez, baina, praktika horiek «irregularrak» dira: «Ezin da paperik gabeko pertsona bat atxilotzeko agindurik eman, aurretik ez bada aktibatu prozesu administratibo zigortzaile bat, eta kasu hauetan, ez da halakorik gertatu». Horregatik, Espainiako Poliziarekin «ez kolaboratzeko» eskatu die Nafarroako gainerako erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.