Koronabirusa

Zaintzaren inguruko kezkak elkartuta

Zahar etxeetako egoera salatuko dute bihar Hego Euskal Herrian egoiliarren senideen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak. Koronabirusak zaintzaren eremuan eragindako krisiaren ondorioz, elkarlana sendotzen ari dira bi eragileak.

Pentsiodunek eta senideek asteon egindako agerraldietako bat, Bilbon, mobilizazioen berri emateko. M. RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Zahar etxeez mintzatzean, irudi bat datorkio burura Andrea Uñari: «Adineko talde bat, eserita, denak ilaran, telebistari begira, edo leiho bati. Ematen du egoitzak adinekoen biltegiak direla, haiek pilatuta edukitzeko tokiak. Nik ez dut halako egoitzarik nahi; eredua aldatu egin behar da, humanoagoa izan behar da». Pentsiodunen mugimenduko kide da, eta zahar etxeen inguruan bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartuko du: «Adinekoak ez gara trasteak, baizik eta pertsonak, eskubidedunak. Urteetan kalean borrokatu gara ongizatea lortzeko, eta hori ez da orain egoitza batean aparkatuta egoteko, baizik zaintza hobea izateko: ratio eta lan baldintza onak izateko».

Zahar etxeen inguruko kezkak bat eginda daude egoiliarren senideak eta erretiratuak. Izan ere, beharginen aldarrikapenez harago, ozentzen ari dira egoitzetan aldaketa eskatzen dutenen ahotsak. 2016an Bizkaiko zentroetako langileen grebaren harira sortu zen Babestu elkartea, egoiliarren senideen ezinegonak bideratzeko, eta orduan hasi ziren lehen kontaktuak pentsiodunen taldeekin; gerora, beste lurraldeetan ere antolatu dira familiak, eta azken hilabeteetan koronabirusak estutu du aliantza hori. Eta hasi dira elkarrekin protestak egiten: Hego Euskal Herriko senideen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak dei egin dute bihar kalera ateratzera, Zaintza erdigunean, publikoa eta duina lelopean; eta mobilizazioekin bat egin dute LAB, ELA, UGT, CCOO, Steilas, ESK, CNT, EHNE eta SATSE sindikatuek, baita zenbait talde feministak ere, hala nola Bilbo Feminista Saretzen, Oneka eta Etxekotu Gabeko Langileak.

«Egoitzetako etorkizuneko erabiltzaileak gara gu», esan du Loli Pison pentsiodunak. Egungo funtzionamenduarekin etsita mintzatu da hura ere: «Nik ez nuke zahar etxe batera joan nahi, baina ulertzen dut zaintza handia behar dutenak ezin direla etxean egon. Guk hala egin behar izan genuen ahizparekin». Erretiratuen mugimenduak aspaldikoa du zaintzaren inguruko kezka, Uñak erantsi duenez: «Gure aldarrikapenetan beti egon gara emakumeak, eta horrekin lotuta, prekaritatea, zaintza, lan horiek egiten dituzten andre arrazializatuak, eta egoitzetan baldintza zailetan diharduten langileak. Zaintza lanek, ez bakarrik egoitzetan, baizik eta etxean edo eguneko zentroetan, oso balorazio sozial txikia daukate».

Izan ere, adinekoen egoitzez harago doa eragileen kezka. Baita senideena ere, Babestuko bozeramaile Iraide Urrizek berretsi duenez: «Eremu guztietako langileen baldintzak hobetzearen alde gaude, denetan daudelako gabeziak. Etxeetan dihardutenek oso baldintza zailak dituzte, eta pandemian ere ez dute babes ekipamendurik izan. Zaintza sistema osoak behar du erreforma bat, eta sakona».

Egoitzetan hildakoak

Zahar etxeetatik hasita. Bertan baitago eztabaidaren foku nagusietako bat orain, pandemiak utzitako datuen ondorioz. «Bigarren olatuan lehenengoan baino okerrago daude langileak, eta Bizkaian 80 egoiliar hil dira jada». Egunero iristen da halako albisteren bat: atzo adineko bat hil zen Bizkaiko egoitza batean, eta beste bat Gipuzkoan. Gainera, azken egunak gorabeheratsuak izan dira, neurri murriztaileek nahasmen handia eragin dutelako adinekoen bisiten inguruan: Gipuzkoan eta Nafarroan bertan behera utzi dituzte.

Horixe izan da senideen elkarteen aldarrikapenetako bat udaberritik, konfinamendua arindu zutenetik: egoiliarrak ikusi ahal izatea. «Bisita duinak edukitzea eta kalera irten ahal izatea», zehaztu du Txaro Markinez Babestu elkarteko kideak. «Gu lehen egunero-egunero joaten ginen ama ikustera, eta kalera ateratzen genuen. Pentsa zer alde nabaritu duen». Arabako zentro batean du ama, eta Bizkaiko beste batean amaginarreba: «Alzheimerra du, ezin du hitz egin, eta bisitak bi metroko distantziara egin behar ditugu? Zergatik ezin ditugu gure senideak egoitzatik atera tarte batez? Senideak ez gara burugabeak, ez ditugu eramango leku arriskutsuetara».

Urrizek gogora ekarri du Osakidetzaren protokoloek «oso garrantzitsutzat» jo dituztela bisita horiek: «Baina Bizkaiko Aldundiak, adibidez, erabaki du astean bi ordukoak izan daitezkeela gehienez. Horrekin nahikoa al da? Erakundeak mezu kontrajarriak ematen ari dira, eta, bitartean, adinekoak bakarrik daude, eta ez da haien zaintza emozionala artatu». Ildo horretan, Markinezek azaldu du azken hilabeteetan oso gogorra izan dela amarekiko harremana: «95 urte ditu; burua nahiko ondo zuen, eta hasieran ulertu egin zuen itxialdia, baina, gero, konfinamendua arintzean jendea kalean ikusten hasi zenean, ez zuen ulertzen zergatik bera ezin zen atera. Depresio batean sartu zen: 'Hil egin nahi dut', 'Zer egin didazue?'... Orain hobeto dago, baina nik martxoan ama bat utzi nuen, eta ekainean beste bat aurkitu nuen».

Pisonen ustez ere, goitik behera aldatu behar dira zahar etxeak. Ahizparekin izandako esperientziari erreparatuta, uste du zentroak «ia kartzelak» direla: «Bunkerren antzekoak dira, oso hermetikoak. Egoiliarrek arazoren bat badute, oso bakarrik geratzen dira; itxita daude, bahituta. Ez daukate eskubiderik». Ados dago Uña: «Zahar etxeetako eredua ez da baliagarria, negozio bat delako. Baina zahar etxeak beharrezkoak dira: instituzioek baliabideak jarri behar dituzte arlo publikoan, eta ez pribatua sustatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.