Neskak eta mutilak, punta banatan

Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten hamabi ikastetxe daude oraindik Euskal Herrian. Adituek hezkuntza mota hori kritikatu arren, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babes ekonomikoa dute: 26 milioi euro jasoko dituzte aurten.

Mutilak soilik hartzen dituen Erain ikastetxea, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hezkidetza, berdintasuna, feminismoa... Hezkuntzako jardunean gero eta leku gehiago hartzen ari dira kontzeptu horiek, baina oraindik bada nesken eta mutilen arteko diferentziak azpimarratu eta banatuta ikasi behar dutela aldarrikatzen duenik. Eta hautu hori babesten duten gurasoek badute seme-alabak halako ikastetxeetara bidaltzeko aukera, Euskal Herriko zenbait eskolatan ikasleak sexuaren arabera bereizten baitituzte. Hamabi zentro daude guztira: lau Nafarroan—Miravalles-El Redin Iruñean eta Zizur Txikian, eta Irabia-Izaga Iruñean eta Cordovillan—, lau Bizkaian —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—, eta bi Zuberoan —Saint Michel Garikoitz Etxarrin, eta Cours l'Immaculee Conception Domintxaine-Berroetan—. Finantzaketa publikoa dute horietako askok, baina bide hori eten egingo zaie Hegoaldekoei, LOMLOE lege berriak berariaz jaso baitu halako eskolak diruz ez laguntzea.

Baina, gaur egun, justifikatuta al dago eskolek ikasleak bereiztea? Areago, erakunde publikoek haiek finantzatzen jarraitu behar al dute? BERRIAk galdetu dien adituak ezezkoan daude. «Erabat anakronikoa iruditzen zait; XXI. mendean berdintasunerako hezkuntza orokortu beharko genuke», nabarmendu du Marian Morenok, Nafarroako Skolae hezkidetza programa idazteaz arduratu zen taldeko kideak. Gehiago zehaztu du bere ideia, adibide bat emanez: «Anakronikoa edo absurdoa da, orain pentsatzen ariko bagina bezala ikastetxeek beste arrazoi batzuengatik segregatzea: adibidez, etniagatik; inori ez litzaioke buruan sartuko arrazoi etnikoengatik segregatutako eskolarik egotea». Ikastetxe horiek hezkuntzan orokortzen ari diren ideien aurka doazela iruditzen zaio Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasle eta genero gaietan adituari ere: «Hezkuntzaren diskurtsoan behin eta berriro entzuten dugu berdintasuna, elkarbizitza, inklusibitatea, hezkidetza... Eta zaila da uztartzea paradigma hori hezkuntza segregatuarekin eta segregatzailearekin».

Neskek eta mutilek banatuta ikasi behar dutela uste dutenek «arrazoi anakronikoak» ematen dituztela berretsi du Morenok, eta horien aurka egin du: «Esaten dute mutilak —normalean mutilei egiten baitiete erreferentzia— despistatu egiten direla emakumeen gorputzekin; hortaz, euren erlazio afektiboetan, sexualetan eta bizikidetzakoetan hezkuntza bat falta zaien mutilez hitz egiten ari dira».

Hezkuntza mota horren oinarrian zer dagoen azaldu du Barquinek: «Azpian ikuspegi binarista eta binarizatzailea dago: gizakiak bitan banatzen dira, emakumeak eta gizonak dira, eta desberdinak dira funtzioetan, ezaugarrietan... Eta ez da horrela dela bakarrik, baizik eta horrela izan behar duela, eta hezkuntza honek laguntzen du hori birproduzitzen». Gainera, nabarmendu du heterosexualitatea hartzen dutela arau orokortzat: «Nesken eta mutilen arteko interes afektibo-sexualak ikasleak despistatzen dituela diote; orduan, hobe ez egotea elkarrekin». Horrenbestez, Barquinen hitzetan, ez dute aintzat hartzenikasgeletako aniztasuna: «Ez dute kontuan hartzen ikasle asko ez direla heterosexualak. Zer gertatzen da lesbianekin, gayekin, bisexualekin eta asexualekin? Sekulako aniztasuna dago, baina hemen heterosexualitatea bakarrik ikusten da, eta, gainera, hori bultzatzen du eredu horrek».

Halere, zergatik jarraitzen dute oraindik milaka ikaslekeskola horietan —8.000 baino gehiago dira Hego Euskal Herrian—? Morenok hainbat arrazoi eman ditu; besteak beste, «oinordekotza historikoa»: «Jarrera politiko batzuen oinordekotza ere bada; ez dute eduki ausardiarik berdintasuna sistematizatzeko eta orokortzeko ikastetxeetan». «Inertziak» izan ditu hizpide Barquinek ere: «Aspalditik daude ikastetxe horiek hor, eta badakigu Hezkuntza Sailetik mugimenduren bat egiterakoan erresistentzia batzuk egongo direla eta Elizaren alderdirik kontserbadoreenak presioa egingo duela; eta batzuetan, errazagoa da ezer ez egitea».

Diru publikoz lagunduta

Ipar Euskal Herriko bi eskolak ez —Saint Michel Garikoitz eta Cours l'Immaculee Conception—, baina Hego Euskal Herriko guztiak administrazio publikoek itundutakoak dira, eta 26 milioi euro pasatxo jasoko dituzte 2020-2021eko ikasturtean. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak hamabi milioi euro emango dizkie sei ikastetxeri, ohiko gastuetarako: Arangoyari, 600.000 euro pasatxo; Ayalderi, 4,5 milioi inguru; Munaberi, ia 1,9 milioi; Gazteluetari, ia 2,4; eta Eskibeli eta Eraini, 1,3 bana milioi —200.000 euro inguru Erain Txikirako izango dira—. Gainera, beste 850.000 euro jasoko dituzte COVID-19ak sortutako gastuetarako. Nafarroako Gobernuak, berriz, hamahiru milioi euro pasatxo —COVID-19aren gastuak kontuan hartuta— bideratuko ditu Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeetara.

Laguntza molde hori, ordea, baliteke amaitzear egotea: Madrilek onartu berri duen LOMLOE hezkuntza legeak halako ikastetxeei diru publikoa ematea debekatu du. Barquinek eta Morenok ere finantzaketaren aurka egin dute. Honela dio Morenok: «Nahiz eta familiek askatasun osoa duten umeak heztera nahi duten lekura eramateko, estatuak ezin die mesede egin segregazio sistemei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.