Koronabirusa

Oraingoz ametsak itxaron beharko du

Aste Santuaren atarian, bidaia eta oporretarako asmo guztiak ezerezean gelditu dira; bidaiariek, oro har, etsipen onez hartu dute gertatutakoa, eta batzuk hasiak dira egoera normaltzen denerako planak egiten, agentziak ezkorragoak diren arren.

Bidaiari bat, Loiuko aireportuan, alarma egoera hasi berritan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Guk ez dugu produktu ukigarririk saltzen; guk asmoak eta ametsak eskaintzen ditugu». Halaxe mintzo da Aimar Sanchez (Barakaldo, Bizkaia, 1978), Nkai bidaia agentziako arduraduna. Jende askorentzat, oporretan kanpora joan ahal izatea edo bidaia bat egitea kontsumotik harago doan zerbait da: dirua ez ezik, ilusioa ere jartzen dute horretan. Koronabirusaren pandemia Aste Santuko oporraldiaren atarian iritsi da, ordea, eta bati baino gehiagori zapuztu egin zaio ilusio hori. Ohiko bizimoduan etenaldia egin eta kanpora ateratzeko asmoak itxaron beharko du egoera normaldu arte.

Horrek, jakina, arazo handiak ekarri dizkie agentziei. Lorea Etxeberria (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Zarauzko B The Travel Brand agentziako arduraduna da: «Gure arazo nagusia da Aste Santuari begira urtarriletik martxora egindako guztia galtzen ari garela. Are gehiago, Aste Santuan familiarekin munta handiko bidaia egin nahi zutenek, Afrikara edo Asiara adibidez, seguru asko iazko urrian edo arazoan egin zuten erreserba. Eta hori guztia galtzen ari gara, hilabete askotako lana, ez soilki martxoko eta apirilekoa». Hala ere, nabarmendu du jendearen erreakzioa «oso positiboa» izan dela: «Oso ondo baloratu dituzte eman dizkiegun aholkuak, edo dirua berreskuratzeko egindako gestioak. Animo handiak eman dizkigu horrek».

«Ezkontza pila bat bertan behera lotu dira, eta, horrekin batera, eztei bidaiak ere bai», azaldu du Sanchezek. «Maiatzean jaunartze asko daude: gure garaian, lehen jaunartzea egiten genuenean, errotuladore zorro bat oparitzen ziguten, baina orain badaude gurasoak jaunartzea dela-eta semeari edo alabari Parisko Disneylanderako bidaia oparitzen diotenak. Nik behintzat banituen horrelako bidaia batzuk, eta denak ezeztatu dituzte».

Bezero guztiek ez dute lortzen aurreratutako dirua berreskuratzea. Hotelen kasuan, kontratuan agertzen diren baldintzen araberakoa izaten da: «Hotel askok tarifa merkeagoak egiten dituzte», esan du Etxeberriak, «baina dirua bueltatzeko aukerari uko egitearen truke, hau da, Aste Santurako hotel bat hartzeak mila euro balio badu, adibidez, hotelera joan baino bost egun lehenago erreserba bertan behera utz daiteke, eta aukera dago 900 euroren truke hartzeko, baina ezin da bertan behera utzi».

Hegaldien kasuan, berriz, auzia korapilatsuagoa da, eta, Etxeberriak dioenez, «borroka handia» izaten ari dira horrekin: «Egoera normal batean, hegazkin konpainia baldin bada hegaldia bertan behera uzten duena, bezeroak eskubidea du dena berreskuratzeko. Baina hegazkin konpainia asko esaten ari dira ez dutela hori egingo, eta txartel edo taloi moduko bat ematen ari dira, ezeztatutako txartelaren balio berekoa, gehienez urtebeteko epean konpainia horretan erabiltzeko».

Bezero batzuek ez dute irtenbide hori onartzen, baina konpainiak dirua itzultzeari uko egiten badio, arazoa bidaia agentziarentzat izaten da: «Guk, kasu askotan, diru hori jada aurreratu diogu hegazkin konpainiari, eta konpainiak itzultzen ez badigu, ezin diogu bezeroari bueltatu, ez daukagulako».

Presioaren eraginez, konpainia batzuek atzera egin dute, eta hasi dira dirua bueltatzen. Baina, Etxebarriak dioenez, «hegazkin konpainiak indartsuak dira, eta besteok presioa egiteko dugun gaitasuna txikia da. Dudarik gabe, borroka hori izaten ari da kontu honetako alderik zatarrena».

Bi bidaia bertan behera

Jonathan Espinosak (Zaratamo, Bizkaia, 1982) bi bidaia ezeztatu behar izan ditu pandemiaren ondorioz. Martxoaren 13an Perura joatekoa zen. Hangoa du neska laguna, eta harekin egun batzuk pasatzekoa zen: «Bera medikua da, eta hango lanpostuari uko egin zion, hona etortzeko». Izurriak hankaz gora jarri dizkie egitasmo guztiak. Espinosak, Peruren kontsulatuaren aholkuei jarraikiz, bertan behera utzi zuen bidaia,bazekielako Perura iritsitakoan berrogeialdia egin beharko zuela; neska laguna ere lanari lotu behar izan zaio berriro: «Hemen egoera txarra da, baina han askoz okerragoa. 24 orduko txandak egiten ditu ospitalean, 12 orduko atsedenaldia, eta berriro 24 orduz lanean».

Horrez gainera, Aste Santuan 18 eguneko bidaia egin behar zuen beste bi lankiderekin Hegoafrika, Botswana eta Zimbabwera; hori ere ezeztatu behar izan dute. «Ni oso ipurterrea naiz: ezin naiz geldirik egon, eta asko gustatzen zait bidaiatzea. Ea konfinamenduaren kontu hau azkar pasatzen den».

Larrialdia amaituko da, baina zer gertatuko da orduan? «Bi ikuspegi daude», azaldu du Sanchezek. «Batzuek diote jendea egoera honetatik aterako dela aisialdirako eta bidaiatzeko gogo handiagoarekin, et a beste batzuek uste dute 2008an bezala gertatuko dela eta jendeak ez duela bidaiatuko. Ni bigarren iritzi horrekin bat nator: beldur handia dago, eta pandemia globala da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.