Albistea entzun

Generoa euskaran: bizigarri ala itogarri?

Euskarak eta generoak arnasguneetan duten elkarreragina aztertzeko ikastaro bat antolatu dute UEUk eta Kontseiluak. Besteak beste, sexu-genero sistemaz eta hitanoaz aritu dira Kattalin Miner, Onintze Legorburu eta Garbiñe Bereziartua.
Garbiñe Bereziartua eta Onintza Legorburu ikerlariak, Manex Mantxola Kontseiluko kidearekin, atzo.
Garbiñe Bereziartua eta Onintza Legorburu ikerlariak, Manex Mantxola Kontseiluko kidearekin, atzo. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko ekainak 16 - Tolosa

Hizkuntzaren hautua eta praktikak baldintzatzen dituen elementu adierazgarrienetako bat da generoa. Euskararen kasuan, emakumeek gehiago erabiltzen dute eremu gehienetan, eta hizkuntzarekiko engaiamendua ere handiagoa da —Euskaraldi guztietako partaideen %60 baino gehiago izan dira andreak—. Datu horiek kontuan hartuta eta gaiaren ezagutzan sakontzeko asmoz egin zuten UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza hautuen eta generoaren arteko gurutzaketa arnasguneetan ikastaroa atzo, Tolosako kultur etxean (Gipuzkoa). Egun osoko egitaraua prestatu zuten, gaia ertz askotatik lantzeko; genero disidentzia, arnasguneen erronkak, hitanoa eta gorputzak izan zituzten hizpide, besteak beste.

«Intuiziotik» heldu zion sexu-generoaren eta arnasguneen arteko gurutzaketari Kattalin Miner ekintzaile feminista eta Eihera kooperatibaren sortzaileak. Hain zuzen, kooperatiba horrek «LGTBI prozesuak» lantzen ditu herri txikietan, eta prozesu horietan bizitakoez aritu zen. Alderaketa batekin hasi zuen azalpena: «Zis-hetero araua da genero sistemaren agindu nagusia, eta euskara da, berriz, arau nagusi hori arnasguneetan». Hala ere, bereizketa bat egin zuen bien artean: «Arnasgunea bizigarria da, eta zis-hetero araua, itogarria». Era berean, azaldu zuen sistema bat arautzen duten elementu horiek hobeki ezagutzen dituztela sistema horretan «disidente» direnek: «Bollera batek hobeto daki heteroarauak nola funtzionatzen duen hetero batek baino. Azken horrek ez duelako zalantzan jarri behar izan arau hori».

Uste hori oinarritzat hartuta, galdera bat erantzuten saiatu zen: «Zer konnotazio ditu euskarak genero araua betetzen ez dutenentzat?». Batetik, azaldu zuen euskara «onarpenerako bide bat» zela «gorputz disidenteentzat», «konpentsazio» bat: «Marika da, baina euskalduna». Onarpenerako bide horretan, ordea, azaldu zuen euskarak «marikatasuna kendu» egiten duela.

Halere, Minerren aburuz, «gorputz disidenteentzat» arnasguneak ez dira «bizigarriak»; herri txikiak izan ohi dira, eta «ihesi» egin nahi izaten dute: «Euskaraz aritzen diren disidenteen erreferentziak falta dira. Mugimendu feminista, esaterako, euskaldunagoa izan da, baina LGTBI+ mugimenduko erreferenteak, gehienbat, kanpoan daude». Ondorioz, askok «sexiliora» jotzen dutela azaldu zuen. Horrela deitzen zaio herria atzean uzten duten LGTBI komunitateko kideek egin ohi duten bideari, onarpen handiagoaren edo beste aukera baten bila.

Hain zuzen, kontzeptu horren bueltan euskarari lotutako zenbait esperientzia ezagutzeko aukera izan du Minerrek, eta horietako batzuk eraman zituen atzo Tolosara. «Ezagutu nuen pertsona batentzat, Bilbo zen arnasgunea disidente gisa. Baina, era berean, euskara galtzen hasi zen hara bizitzera joan zenean». Halere, pertsona horrek kontatu zienez, herrira bueltatzen zenean joan aurretik zeukan «identitatea» berreskuratzen zuen, eta, horrekin batera, «euskaldundu» egiten zen, «herrian onarpen hori lortzeko»: «Bi mundu banatu ditu: batean euskara, eta bestean marika izatea».

Sexiliotik herrira bueltatzean izandako esperientziez ere aritu zen. «Esaterako, euskara galdua zuen pertsona bat herrira bueltatu zen, eta talde feministan, eroso sentitzen zen espazio batean, euskara erabiltzeak adiskidetu egin zuen hizkuntzarekin». Gehitu zuen, gainera, halakoetan ez dela «euskara bera» izaten pertsona horiek «euskarara itzultzera» bultzatzen dituena, «baizik eta espazio disidenteetan euskara erabiltzea». Bide horretatik, kolektibo disidenteek «potentzialitatea» daukatela ere azpimarratu zuen: «Bizigarritasuna, bazterren batura, hauturako aukera edo elkar elikatzea».

Toka edo noka?

«Hitanoa ez da ezkontzen feminitatearekin». Onintza Legorburu ikertzaileak bota zuen esaldia, Garbiñe Bereziartua ikerlaria ondoan zuela, eguneko laugarren saioan. Manex Mantxola Kontseiluko kideak egin zituen moderatzaile lanak, eta bi ikerlariek bide eman zioten Hitanoa eta generoa: nola gurutzatzen dira arnasguneetan? hitzaldiari. Legorburuk azaldu zuenez, hitanoari «zakarra, bortitza, pobrea, baserritarrena...» eta antzeko adjektiboak ezarri izan zaizkio, eta horrek, neurri batean, emakumeek gutxiago erabiltzea ekarri du: «Nik señorita bat izan nahi badut, ez dut hitano zakarra erabiliko, baizik eta zuketa edo erdara».

Andreek hitanoaren bidez harremanak eraikitzeko duten moduak ere zenbait arlo agerian uzten dituela azaldu zuten. Legorburu: «'Ezkontzen naizenean, jada ez dut gizonarekin hika egingo'. Esaldi horrek gehiago esaten du ezkontzaz instituzio heterosexual gisa, hitanoaz baino. Ezkontzen zarenean zuketara aldatzeak agerian uzten ditu instituzio horren barruko botere harremanak».

Gizonek hitanoa nola erabiltzen duten ere aztertu zuten. Euskararen aldaera hori erabiltzeak «anaitasuna» erakusten duela azpimarratu zuen Bereziartuak: «Espazioaren arabera, gizonei hika aritzeak autoritatea ematen die; maskulinitatea performatzeko modu bat da». Ikertzaileak Azpeitian (Gipuzkoa) egindako azterketen datuak ere eman zituen: gizonen %90 inguruk egiten dute hika haien artean; emakumeen artean, berriz, %2k egiten dute noka. Hala ere, itxaropen mezu batekin bukatu nahi izan zuten hizlariek: «Hitanoak kolektibo batzuk kanporatu ditu, baina horiek berriro sartzeak aldaera horren barneko harremanak aldatu ditzake».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Paradoxa bat kasino zaharrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.
Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

M. Elkoroberezibar Beloki

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera
Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Arantxa Iraola

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.