Albistea entzun

Aldaketa bultzatzeko heldulekua eman du

Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak ebatzi berri du ez dela beharrezkoa biktimei barkamena eskatzea euskal presoek espetxe baimenak eskuratzeko. Jose Ricardo de Prada epaileak sinatu du autoa, orain arteko interpretazioetatik urrunduta.
Jose Ricardo de Prada epailea, artxiboko irudi batean.
Jose Ricardo de Prada epailea, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko ekainak 10

Argi mintzatu zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Sala aste hasieran: «Damua eta biktimentzat barkamen eskaera adierazten duen presoaren idatzi bat egotea ez da inondik ere legezko betekizuna espetxe baimenak lortzeko». Besteak beste, Jose Ricardo de Pradaren sinadura zeraman auto horrek, eta ez da epaile hark norabide horretan hartu duen lehen erabakia. «Badaude datuak pentsarazten didatenak egoera ezberdin batean gaudela», adierazi dio BERRIAri Sare Herritarreko eledun Joseba Azkarragak, baina gehitu du De Prada bakarra dela «guztiz politizatuta» dagoen auzitegi batean.

«Beti ezberdindu da legediaren aplikazioan jarraibide logiko eta normalei jarraitzeagatik, baita espetxe legediari dagokionez ere», adierazi du Azkarragak. Hala, uste du bere ailegaerak «gauzak bere lekuan» jartzeko balio dezakeela, eta orain arteko giza eskubideen urraketen aurrean egoera «normalizatuz» joan daitekeela, nahiz eta aferak nola «eboluzionatzen» duen ikusi nahi duen lehenik.

Amaia Izko abokatuak ere adierazi du De Pradak «ibilbide oso sendoa» duela atzean, «zuzenbidearen aplikaziorako ikuspegi humanista batekin». Hala, azaldu du Gorka Loran euskal presoaren espetxe baimenaren inguruko autoa «orain arte egin diren interpretazioak baino logikoagoa eta errealagoa» dela. Halere, Izkok uste du zain egon behar dela oraindik ere, aldaketak iritsi direla «gehiegi» esatea baita; batez ere, «epaileen eta fiskalen artean dauden erresistentziak ikaragarriak» direlako: «Eskaini dezake helduleku bat mekanismo legalekin aurrera egiteko, baina oraindik goiz da ezer esateko».

Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salan irizpide aldaketa bat antzeman da Loranen kasuan. Auzitegi bereko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren eta fiskaltzaren argudioen aurka, ebatzi du biktimei barkamena eskatu ez izana ez dela nahikoa arrazoi Arabako espetxeko Tratamendu Batzordearen erabakia atzera botatzeko. Zehazki, autoak dio barkamena eta damua adierazteko idatzi bat presoen espetxe ebaluazio positibo baten «adierazgarri» izan daitekeela, baina badaudela eboluzio hori baiezta dezaketen beste zenbait adierazle ere; Loranen kasuan, «balorazio positibo hori espetxeak egin du, bere progresio eta portaeraren eguneroko behaketaren bidez».

Autoa «pauso kualitatibo garrantzitsu bat» da, Azkarragaren arabera. Hark adierazi du gauza bat dela presoek hala egin nahi izatea, eta beste bat «legea aplikatzeko betebehar gisa ezartzea». Izan ere, Sare Herritarreko bozeramaileak azaldu du irizpideen artean egon daitekeela barkamen eskaerarena, baina «bat gehiago» izan behar duela, eta inondik inora ere ez exijentzia bat, legeak ez baitu halakorik esaten: «De Prada epaileak adierazi du, eta guk irizpide horrekin bat egiten dugu. Ez du logikarik preso bati barkamena exijitzeak legea aplikatzeko».

Azken auto hori ez doa Foro Sozialak salatutako espetxe politikaren «inboluzioaren» bidetik. Izan ere, iazko otsailetik aurtengo martxora bitarte 76 baimen bota zituen atzera Auzitegi Nazionalak, euskal presoek horretarako baldintzak bete arren: bigarren graduan egotea eta zigorraren laurdena betea izatea. Horretarako, Espainiako Espetxe Lege Organikoko 72.6 artikuluan oinarritu izan dira. Haren arabera, «helburu terroristak utzi izana» frogatu behar dute presoek. Baina Foro Sozialak kritikatu du artikulu hori hirugarren graduari buruzkoa dela, eta ez irteera baimenen ingurukoa.

Estrasburgori men

Espetxe legedian soilik ez, De Pradaren eragina Auzitegi Nazionaleko Bigarren Zigor Salaren azken erabakietan ere antzeman da. Epaimahaiko txostengilea izan zen Gorka Palaciosen eta Juan Carlos Iglesias Chouzasen absoluzioaren aldeko ebazpenetan; martxoan eta maiatzean, hurrenez hurren. Bi kasuetan, auzitegiak Xabier Atristainen aferan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako ebazpenak ezarritako jurisprudentzian oinarritu zen auzitegia.

Izkoren esanetan, Estrasburgoko auzitegiaren ebazpena argia da, eta etorkizunean horrek izan behar du epaileek «derrigorrez» aplikatu beharreko neurria: «Doktrinak dio inkomunikazio mota horrek urratu egiten dituela giza eskubideak, eta epaileek hori aplikatu beharko dute».

Halere, Madrilen ageri diren «erresistentziak» aipatu ditu berriz ere abokatuak, gogorarazita Auzitegi Gorenak Atristain berriz espetxeratzeko agindu zuela. «Gorenak egin duena ikusita, edozer gerta liteke aurrerantzean», gehitu du Azkarragak. Hark adierazi du arau hauste «oso larria» dela, eta «erabateko babesgabetasun egoeran» utzi dituela antzeko egoera batean dauden presoak: «Espero dugu guzti hau epe laburrean onbideratzea, De Pradak ezarritako bidetik».

De Prada otsailean iritsi zen Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salara, Ramon Saez eta Concepcion Espejel magistratuak Auzitegi Konstituzionalerako izendatu ostean. Haren profila, baina, ez da ohikoa han. Besteak beste, torturez mintzatu izan da, eta adierazpen horiengatik ikertu zuen Auzitegi Nazionalak berak, ETAri buruzko auzietan bere inpartzialtasuna bermatu ote zitekeen zehazteko. Azkenean, ebatzi zuten «hizlari gisa emandako iritziak» izan zirela eta horrek ez zuela auzitan jartzen epaile gisa duen zeregina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Iosu Alberdi

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.
Etxerat-ek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Iosu Alberdi

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Julen Aperribai

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...