Iragarrita egoteak ez du arintzen mina

Arcelor Mittalek bihar itxiko du Aguraingo planta, eta hamalau behargin joango dira langabeziara. Enpresak orain bost urte egin zuen ixteko saioa, eta ordutik «heriotza gozo batera» kondenatua izan dela salatu dute beharginek.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
aitor biain
Agurain
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Behin betikoa da erabakia oraingoan. Arcelor Mittalek Agurainen (Araba) duen lantegia itxiko du hilaren bukaeran, eta azken urteetan zuzendaritzak behin eta berriz egin duen mehatxua beteko du horrela. Berriz ere Arcelor, eta berriz ere altzairua. Itxierarekin batera, hamalau langile joango dira langabeziara, eta sektoreko multinazionalik handienak planta bat gutxiago izango du Euskal Herrian. Erabakia «atzeraezina» da zuzendaritzaren arabera, baina langileek diote lan karga badutela, eta salatu dute enpresak nahita utzi duela logistika gunea «hiltzen».

Abenduaren 23an, Eguberri bezperan eta langileen oporrak tarteko eman zuen jakitera zuzendaritzak erabakia. «Kolpe gogorra izan zen», azaldu du Unai Garcia de Andoin langile batzordeko buruak (ELA). «Egun batzuk lehenago, bilera batera deitu gintuzten, aurrez inolako azalpenik eman gabe, eta esan ziguten ez zegoela beste aukerarik. Denbora gutxian, bigarren aldia zen Gabon garaian fabrika ixtearekin mehatxatzen gintuztela».

Aurrekoa ia sei urte lehenago izan zen: 2014ko abenduan, hain zuzen ere. Zuzendaritzak planta ixteko nahia agertu zuen orduan ere, eta enplegu erregulazio bat aurkeztu zuen eskari falta argudiatuta. Semaforoetarako eta kaleko argietarako altzairuzko piezak egokitzen dituzte bertan. Fabrikan egoera oso bestelakoa zen, nolanahi ere; izan ere, ia 60 behargin ari ziren momentu hartan Agurainen.

Negoziazioei eta mobilizazioei ekin zieten, baina, eta lortu zuten lantegia ez ixtea. «Lan gatazka gogorra izan genuen, eta lortu genuen gutxienez hemeretzi lanpostu Agurainen mantentzea». Horrez gainera, adostu zuten hainbat langile Euskal Herriko beste planta batzuetara aldatzea eta beste zenbaitek borondatez lanpostua uztea. «Orain ere mobilizatu gara, baina ez da gauza bera. Bistan denez, indar gutxiago daukagu».

Garcia de Andoinek salatu du enpresak azken bost urteetan ez duela ahaleginik egin lan karga handitzeko: «Erorialdi libre bat izan da dena». Eta erantsi du etorkizuneko plangintzarik gabe jardun dutela harrezkero: «Egunetik egunera, lana gutxitzen ari zen; aurrera egiteko gutxieneko konponketak egiten ziren, makina berriak erosi beharrean... Ez dute inbertsiorik egin. Edo berritu edo hil: ataka horretan jarri gaituzte, eta zuzendaritzak nahiago izan du ezer ez egin».

Langile batzordeko buruaren arabera, ordea, bazegoen zeri heldu. Izan ere, ulertezin zaio nola lehiakideek funtzionatu zezaketen antzeko negozio tamainarekin eta beraiek ez. «Bezero finkoak ditugu. Interes falta nabarmena izan du enpresak». Bada, salatu du fabrika gutxinaka «hiltzen» utzi dutela, azkenerako «heriotza gozo batera» kondenatuta gera zedin.

Lekualdatzerik ez

Arcelorrek Agurainen duen fabrika Sapem enpresa historikoaren ondorengoa da. 1965. urtean sortu zen enpresa, eta Arabako Lautadako industrializazioan ikur izan zen altzairugilea. Multinazionalak bi lantegi zituen Agurainen bertan, baina bateratu egin zituen gero. Egun ez dute produkziorik, halere; banaketa atalaren parte da, eta altzairuzko xaflak moztu baino ez dute egiten. Orain, ordea, linea hori ere Basaurira (Bizkaia) lekualdatuko dute, Garcia de Andoinek azaldu duenez: «Ez dugu ezer ulertzen, eta ez digute azalpenik ematen: Negozioa zergatik da errentagarria Basaurin, eta Agurainen ez?».

Negozioaren lekualdatzearekin, gutxienez, lanpostuei eusteko «esperantza» zuten langileek. Langile batzordeko buruak adierazi du, hain zuzen, hasieran mahai gainean zegoela aukera hori, baina negoziazioei ekin zietenean eta planta ixteko eguna gerturatu ahala atzera egin zuela zuzendaritzak: «Goxoki baten gisara, eskaini egiten dute lehenengo, eta kendu gero».

Euskal Herritik kanpo lanera joateko aukera ere eskaini zieten enpresak, Asturiasera. Baina langileentzat gehiegizkoa da horrek duen prezioa. «Ezin dugu lanpostuari eusteagatik dena bertan utzi eta ade egin. Familiak ditugu, adinekoak gure ardurapean... Ez du zentzurik. Horrek erakusten du Arcelorri bost axola zaizkiola Euskal Herrian dituen lanpostuak». Hamalau langile kalera joango dira zuzenean azkenerako.

Arcelorren lan gatazkak

Arabako plantako lan gatazka ez da multinazionalak Euskal Herrian duen bakarra, nolanahi ere. Olaberrian (Gipuzkoa), esaterako, gatazka betean da altzairugilea. Langileak ordubeteko lanuzteak egiten ari dira astean hirutan; izan ere, lan hitzarmen berria negoziatzen ari zirenean heldu zitzaien enplegua aldi baterako erregulatzeko eskaera ere, nahiz eta enpresak hasieran iragarri zuen ez ziela denei eragingo.

Hain zuzen, ELAk egoera aztertzeko eskatu zien Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. LABek, berriz, ohartarazi zuen multinazionalak «11 urte jarraian» daramala aldi baterako erregulazioak ezartzen eta «iruzur» egiten «gaur egun indargabetuta dagoen legedi bati esker», eta salatu zuen Euskal Herrian dituen lanpostuen erdiak desagerrarazi dituela ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.