Yoana Acosta eta Yeny Tascon. Antioquiako Erakunde Indigenako buruzagiak

«Gatazka da gure oztoporik handiena, baina ez bakarra»

Emakume indigenei eremu politikorako jauzia egiten laguntzen diete Tasconek eta Acostak, maiz euren komunitateen aurreiritzien gainetik: «Lehen arazoa etxean izaten dugu».

Yoana Acosta eta Yeny Tascon, joan den astean, Irunen (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa elizegi egilegor
Donostia
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Esker oneko hitzak dituzte Yeny Tasconek (Jardin Antioquia, Kolonbia, 1977) eta Yoana Acostak (Calota, Kolonbia, 1981) Mundubat elkartearentzat; izan ere, haren bitartez heldu ziren joan zen astean Euskal Herrira, emakume indigenek Kolonbian dituzten erronkez hitz egitera —Katalunian ere eman zituzten zenbait hitzaldi—. Biak dira Antioquiako Erakunde Indigenako buruzagiak eta Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko ordezkariak, eta denbora luzea daramate lanean emakume indigenek ere eremu politikoan ahotsa izan dezaten.

Azken urteetan emakume indigenek gero eta ordezkari gehiago dituzten arren —lehen aldiz ordezkari bat dute Senatuan, Aida Quilcue indigena nasa—, bidea luzea da oraindik. «Gatazka armatua da dugun oztoporik handiena, baina ez bakarra», azaldu du Tasconek. Biek egiten dute lan emakumeei laguntzen, lehenik zauriak ixten, indigenen ohituren araberako «sendatze prozesu bat» eginez, eta ondoren «subjektu politiko» bilakatzen. «Horretarako, baina, lehen arazoa etxean izaten dugu. Indigenon artean ere emakumea arduratzen da oraindik zaintzaz, lurrez, familiaz, animaliez... eta ez dute ulertzen hortik kanpoko beharrak ere baditugula».

Acostak bere larruan bizi izan zituen gizonezko kideen aurreiritziak: «Gure komunitatean esan genuen emakumeentzako ministerio bat sortu behar zela, eta haiek berehala erantzun zuten familiaren ministerioa behar zuela horrek». Acostaren hitzetan, indigenen artean ere oso barneratua dago emakumeak eta zaintza lotzeko ideia. «Azkenean lortu genuen nahi genuena, eta sortu genuen emakumearen ministerioa; baita familiarena ere, baina bereiz», esan du Acostak irribarrez.

Hainbat erakundetan emakumezkoen gutxieneko kopuruak ezartzea ere lortu dute Caucako nasa indigenek. Baina hor ere topatu dituzte hainbat aurreiritzi: «Batzuek uste dute aski dela taldean bi edo hiru emakume sartzearekin. Baina gu gure interesak defendatzera goaz horra, ez gizonei lagun egitera», esan du Acostak. Dena den, ez da erraza emakumeak eremu publikorako urratsa egitea, ezta komunitatea alde jarrita ere. «Gertatu izan zaigu lau urte pasatzea norbait prestatzen jauzia egiteko, eta azken unean atzera egitea. Oso frustragarria da», esan du Acostak amorruz.

Tasconek ere izan du antzeko bizipenik. «Etsigarria da benetan, baina normala ere bada beldurra izatea», onartu du. Quilcueren kasua ekarri du gogora. Iazko urrian tiroz eraso zioten senatariari —otsail hasieran atxilotu zuten ustezko erasotzailea—: «Agerraldia egin genuen Quilcue bera buru zela, argi uzteko denei gure babes osoa zuela, eta ez zegoela bakarrik».

Garaipen txiki-handiak

Senatuan ordezkari bat lortzea ez da izan azken urteetako garaipen bakarra; urrats gehiago ere egin dituzte, apurka-apurka eremu politikoan euren tokia eginez. Lorpen horietako bat izan da lurren jabetzarena —oinarrizko alorra da lurrena komunitate indigenentzat—. Gustavo Petro presidenteak iazko irailean jarri zuen abian nekazaritza erreforma, eta milaka hektarearen jabetzak banatu zituen indigenen, afroamerikarren eta lurrik gabeko nekazarien artean. Indigenen kasuan, gainera, lehen aldiz, emakume indigenak lurren jabe izateko eskubidea zutela jaso zuen legeak. «Duela gutxi arte, emakume indigenok ezin ginen lurjabe izan: soilik gizonak izan zitezkeen. Emakumeok ginen lurra lantzen eta zaintzen genuenak, harekiko loturak garatzen genituenak... Baina gure aita edo senarra hilik, beste gizon bat egiten zen haien jabe», azaldu du Tasconek.

Hala ere, erabat desagertu ez den indarkeria armatua da emakume indigenek duten oztoporik handiena. Aurten beteko dira zazpi urte Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrilla zenak bake akordioa sinatu zutela, eta mende erdiko gatazka amaitutzat eman zutela. Talde armatu baten desagertzeak, ordea, egoerak okerrera egitea ekarri du komunitate indigenentzat.

«Lehen emakumeak errespetatzen zituzten; orain, ez. Norbait hiltzeko arrazoi nahikoa da komunitateko buru izatea», azaldu du Tasconek. Horrek are gehiago zailtzen du emakumeek lidergoa hartu ahal izatea, berez gainditu beharreko oztopoei gehitzen zaielako indarkeriaren biktima izatearena: «Ni ama bakarra naiz. Nire semeak ez dauka beste inor, eta, hala ere, erabaki dut nire komunitatearen alde egitea. Baina kezka beti daukat hor: zer gertatuko da semearekin, ni hiltzen banaute?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.