Protestek Errusia astintzen dute

Aleksei Navalni oposizioko kidearen atxiloketak azken urteetako manifestaziorik jendetsuenak eragin ditu Errusian. Oposizioko kidearen abokatuek salatu dute, Moskutik kanpo dagoen beste espetxe batera lekualdatu dutela Navalni.

Navalniren aldeko manifestariak San Petersburgon, urtarrilean. ANATOLY MALTSEV / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilaren 17an, Aleksei Navalni Errusiara heldu zenetik, astero izan dira manifestazioak. Lurreratu zen egun berean protesta bat egin zuten aireportuan. Pasaporteen kontrolerako gunean atxilotua izan ondoren, haren aldeko mugimenduak manifestazioak antolatu ditu astero. Haietako bakar bat ere ez dute baimendu agintariek, pandemiari lotutakoosasun arrazoiak argudiatuta, nahiz eta Vladimir Putin presidentearen aldeko ekimenak ahalbidetzen dituzten.

Hain zuzen ere, protestak eteteko beste mugimendu bat egin berri du Moskuk, oposizioko kidea hiriburutik kanpo dagoen beste espetxe batera lekualdatuz. Navalniren abokatuen arabera, agintariek ez diote familiari jakinarazi nora eraman duten hura, baina presoentzako kanpaleku batera eramana izan daiteke.

Manifestariak kalera irtenarazi dituen arrazoietatik beste bat izan da oposizioko kidea novitxok izeneko substantziarekin pozoitu izana, Siberiako eskualdeko hauteskundeak prestatzen ari zenean. Haren taldeak eta Bellingcat atariaren gisako komunikabide batzuek egindako ikerketaren arabera, Errusiako presidentea bera dago erasoaren atzean.

Dena den, oposizioko kidearen historiak baditu argi ilunak. Aste honetan bertan AI Amnesty International erakundeak kontzientzia preso estatusa kendu dio argudiatuta 2000. urtean migratzaileen aurkako hitzaldiak egin zituela «gorrotoaren diskurtsoa» bultzatuz, eta gaur arte ez duela barkamenik eskatu esandakoengatik. Hala ere, AIk zehaztu du Errusiak hari ezarritako zigorrak bertan behera geratu beharko lukeela.

Londresko Atzerri Politikarako Guneko ikertzaile eta Errusiako barne nahiz atzerri gaietan aditua den Lincoln Pigmanekin hitz egin du BERRIAk. Ez da lehen aldia Errusiako historia garaikidean protestak daudena, baina egia da horren herrialde zabalean horiek nonahi ikustea berria dela. Pigmanek azaltzen duenez, 2017tik ikusi da protestak zabaldu egin direla, eta aurrez ohikoak ez ziren tokietaraino heldu. «Errusian zabaltzen ari den egoera da».

Bestelako arrazoiak

Errusiako hiriburuaren zentraltasunak eta arazo ekonomikoek atsekabea zabaldu dute errusiarren artean. «2011 eta 2012 bitartean protesten atzean arrazoi politikoak bakarrik zeuden. Baina orain bestelako arrazoiak ere badaude, besteak beste, bizi kalitatearen gainbehera, edo herrialde osoan gertatzen ari dena, ez bakarrik Moskun edo San Petersburgon», azaldu du ikerlariak. «Moskuren aurkako sentimendu bat dago, eskualdeetako herritarrek uste dutelako hiriburuak beretzat hartzen dituela haien baliabideak». Pigmanek uste du hiriburuarekiko sentimendu horrek eta herrietako arazoek «errazago» egiten dutela manifestazioei eustea.

Protestak 2011koetatik desberdinak dira urte horretan egin ziren Errusiako eliteen aurkako protestarik handienak. Ikertzaileak azaldu duenez, urte hartan ez zen aukerarik egon gobernua kargugabetzeko: «Aldi hartan egon zen aukerarik gobernuarengandik kontzesioren bat eskuratzeko, nahiz eta azkenean ezer lortu ez; orain, aldiz, Moskuren gertuko iturriek diote gobernuak ez lukeela amore eman behar manifestarien eskaeren aurrean».

Bestalde, hauteskundeei begira, manifestazioak bi ahoko ezpata izan daitezke Navalniren interesentzat. «Batetik, herritarren interesari eusteko balio dezakete, baina, bestetik, irabaziak murriztu daitezke manifestazioen aurkako errepresioaren ondorioz», azaldu du Pigmanek.

2021eko irailean parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte Errusian, eta Navalnik eta bere taldeak denbora daramate horiek prestatzen. Joan den abuztuan blogaria Siberian zegoen eskualdeko bozak prestatzen, eta pozoitu egin zuten. Egun batzuk koman igaro ondoren, Navalni Alemaniara eraman zuten, eta han osasun arreta eman zioten. Orain, jokoz kanpo dagoenez, inguruko beste pertsona batzuek har dezakete lidergoa edo harekin batera zuzendu oposizioa. Pigmanen esanetan, gaitasun hori duten pertsonen artean daude, besteak beste, Liobov Sobol, Leonid Volkov eta Ivan Zhdanov.

Talde hori arduratuko da smart voting izeneko sistema kudeatzeaz iraileko bozetan. Prozedura horrekin zehazten dute barruti bakoitzean gobernuko hautagaiaren aurka nor lehiatuko den, eta hura babesten dute zein alderdirekin aurkezten den kontuan hartu gabe. Iazko abuztuko eskualdeetako bozetan probatu zuten lehen aldiz, eta oposizioak botere apur bat kendu zion Putinen alderdiari, Errusia Batuari; baina benetako proba irailekoa izango da.

Dmitri Peskovek, Kremlinaren eledunak, onartu zuen oposizioko kidea zaintzen ari zirela, gobernuaren aurka egiteko asmoa zuelako eta atzerriko agentziekin harremanak zituelako. Atzerriarekiko harremanen argudioa manifestarien aurka ere erabili izan dute behin baino gehiagotan. Pigmanek dioenez, oposizioko kideak isilarazteko gobernuak erabilitako arrazoietako bat izan da Mendebaldeak zuzenean babesten ez dituen arren, «kanpotik balia daitekeen barne zatiketa» eragiten dutela.

Navalnik oposizioaren estrategia aldatu du, etanazioarteari Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak eskatu beharrean, buruzagi errusiarren aurkako zigorrak eskatzeari ekin dio. Baina hori ere baliatu egin du Moskuk bere alde egiteko. «Azken asteetan zabaldu duten propagandak dio zigorrak herritarren aurkakoak zirela», azaldu du ikerlariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.