Eolikoaren hegalak erakusteko azoka

Europako energia eolikoaren erdigunea izango da Barakaldoko BEC erakustazoka bihar arte. Wind Europe azoka egiten ari dira han, eta, sektoreko euskal enpresa eta hornitzaileen ustez, beren «ahalmena» erakusteko plaza ezin hobea izango da.
LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko apirilak 3
Burua altxatu eta ingurura begiratu du Edgar Martinezek. Energia eolikoko sektorean diharduten enpresa nagusienen postuak ikusi ditu eurenetik ez oso urrun: Gamesa-Siemens, Ingeteam, ABB, General Electric, eta beste pabiloian, Iberdrolarena. Ikusmira hori begien parean, garrantzia eman dio eurak ere han egoteari. «Azoka honetan ahalegin berezia egingo dugu aurten». Ateen2 enpresako zuzendari exekutiboa da, eta errota makinen unean uneko egoeraren berri ematen duen teknologia bat merkaturatzen dute. «Munduan bakarrak gara horretan». Eta horregatik da garrantzitsua eurentzat Barakaldoko BEC erakustazokan egiten ari diren Wind Europe azokan egotea. «Merkatuan eskalatzeko aukera emango digulako; azken batean, bozgorailu bat da guretzat hemen egotea».

Merkatu eolikoko 300 erakusle egongo dira bihar arte Wind Europe azokan, eta denetara 50 herrialdetako sektoreko 7.000 profesionalen elkargunea izango da. «Horregatik, hasi berriak garelako, aukera bat da guretzat; laneko bilera ugari eduki ditzakegulako asko mugitu behar izan gabe», azaldu du Martinezek. Eta azoka zabaldu berritan hori izan da BECeko lehen eta bigarren pabiloietako argazkia: sektoreko profesionalak elkarrekin hizketan, batzuk negozio proiektuei buruz, eta beste asko elkar agurtzen.

Gisa horietako bilera batera joan aurretik hitz egin du Xabier Irurek BERRIArekin. Indar Electriceko zuzendari komertziala da, eta azokaren garrantzia nabarmendu du: «Hemen ez baldin bazaude, ematen du dagoeneko ez zarela inor». Funtzio hori betetzeaz gain, euskal enpresek sektorean duten ahalmena erakusteko leku aproposa dela dio. «Hemengo hornitzaileen gaitasun ahalmena oso handia da, ez lehen mailako hornitzaileen kasuan bakarrik, baita bigarren eta hirugarren mailakoen artean ere». Azken boladan, gainera, merkatua gorantz doala sumatzen du, eta horregatik, lehiakorrak izatea ezinbestekoa dela uste du. Are gehiago bertako enpresek kanpora begiratu behar dutenean, «zoritxarrez».

Ekoizle asko, parke gutxi

Soinugileen etxean, ordea, dantzaria herren. Lehen mailako ekoizle eta hornitzaileak eduki arren, Euskal Herrian Europan baino energia eoliko gutxiago kontsumitzen baita. Batez beste, Europako Batasuneko argindarraren laurdena eolikoa da, eta Euskal Herrian berriz, %13,5era iritsi zen 2017an. Nafarroa da parke eoliko gehien dituen lurraldea; Euskal Herriko 45 parkeetatik 41 han daude. Hamarkada batez ez da parke berririk egin, baina Nafarroan beste hamasei eraikitzeko proiektuak daude.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan are herrenago dago egoera, eta horren lekuko Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak Wind Europe azokaren inaugurazio ekitaldian egin zituen adierazpenak, atzo: «Sektore industrial garrantzitsua daukagu hemen, baina parke eoliko gutxi». Baina aurreratu zuenez, energia berriztagarriak sustatuko lituzkeen Lurralde Plangintza Sektorial baterako akordio bat dago Eusko Legebiltzarrean. «Energia eolikoa eta fotovoltaikoa ekoitziko duten parkeak ezartzeko eremuak izango genituzke horrela». Eta era horretan, energia berriztagarrien ekoizpena biderkatuko dela aurreikusi zuen.

Itsasoko parkeak

«Bada garaia ahalegina egiteko». Xabier Sagarzazu Zuazo Ikerlaneko fabrikazio aurreratuko eta energia eta elektronika potentziako zuzendaria da, eta ikerketa zentroaren postutik halako proiektu baten beharra defendatu du. Are gehiago sektorea hazten ari den garaian. «Aspaldian ez da parkerik egin».

Hala ere, energia eolikoaren hurrengo erronka handia itsasoko parkeetan dago, eta esparru horretan ikerketa ugari egiten ari dira. «Oraindik heldutasunera iritsi gabe dagoen teknologia da itsasoko eolikoa, baina sektore heldu batek izan ditzakeen eskakizunak dauzka; 25 urte iraungo duen egiturak eskatzen ditu sektoreak, ahalik eta kostu txikienarekin. Horrek esan nahi du datozen hogei urteetan itsasoko energiaren ekoizpena nabarmen handitu nahi bada, lan asko egin beharko dela, eta inbertsio asko egongo dela». Alor horretan derrigor egon behar dela dio.

Horren guztiaren jakitun, euskal ekoizle asko itsasoko azpiegituretan ere presente daudela nabarmendu du. Horrek ere erakusten du BECen egiten ari diren azokan zein gihar erakutsiko duten euskal enpresek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna