Pilota. Binakako Txapelketako finala

Etxekoen harrotasuna

Unai Lasoren gurasoek denetarik bizi izan dute: gaizki pasatu zuten profesionaletatik kanpo geratu zenean, eta gozatzen ari dira orain, itzuli denetik lortzen ari denarekin. «Sekulako lana egin du horren indartsu itzultzeko», dio haren aitak, Txema Lasok.

Txema eta Unai Laso aita-semeak, elkarrekin. TXEMA LASO.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Guraso batzuk zerbaitek izugarri zoriontsu egiten baditu, seme-alabak gozatzen ikusteak egiten ditu. Zoriontasuna are eta handiagoa da aurretik seme-alabak sufritzen ikusi badituzte. Horregatik daude «izugarri zoriontsu» Unai Lasoren gurasoak (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997): Mari Jose Lizaso (Bizkarreta-Gerendiain, 1966) eta Txema Laso (Bilbo, 1959). Gozatzen ari dira semea azkenaldian egiten ari denarekin, are gehiago aurretik hura sufritzen ikusi ondoren. Asko sufritu baitzuen 2020ko irailean Baikorekin kontratua luzatzeko akordioa lortu ez, eta profesionaletatik kanpo geratu zenean. Bederatzi hilabete egin zituen kanpoan, eta txapelketa baten azken txanpa eta beste lau oso galdu.

Beste horrenbeste hilabete daramatza berriz ere profesionaletan, eta sekulakoa egin du. Finala jokatu du parte hartu duen txapelketa guztietan: lehenbizi, Nafarroako Lau eta Erdikoan, itzuli berritan; ondoren, lau eta erdiko nagusian; igande honetan, berriz, binakakoaren finala jokatuko du, aurreneko aldiz, Bilbon. Ander Imaz izango du bikotekide, eta Jokin Altuna eta Julen Martija aurkari.

«Uste baino hobeto joan da dena», dio Lasoren aitak. Berehala begiratu du atzera: «Kanpoan geratu zenean, bakartuta ginen biak, koronabirusarekin, eta gaizki pasatu genuen; sekulako faena izan zen kanpoan geratzea. Ezinegon handia genuen. Ez genekien noiz arte iraungo zuen egoerak».

Horren handia izan zen kolpea, semeari zalantzak erasan zion; ea zer etorkizun izango zuen pilotan: «Baina argi utzi nion kanpoan geratu bazen ez zela izan ez zuelako balio, enpresak aurreko kontratua baino okerragoa eskaini, eta ezetz esan genuelako baizik».

Ikusi gehiago:Ander Imaz: «Gozatu behar dut. Agian, ez dut berriz biziko halako zerbait»

Gomendioa eskatu zion semeak: ea zer egin. Semeak eskatu, eta aitak eman: «Esan nion lehen bi egunetan entrenatzen bazen, hirutan entrenatu beharko zela orduan; lehen ordubetez aritzen bazen, are eta gehiago aritu beharko zela. Eta lan hori bukatzen zuenean, hasiko ginela, ni hari pilota botatzen, eta berak gantxoz errematatzen».

Afizionatuetan hasi zen, etxekoen klubik kutunenean, Huarten: han aritu zen Laso profesionaletan debuta egin aurretik, eta han aritu zen haren aita entrenatzaile lanetan. Argi izan zuten. Ez, ordea, beste batzuek: «Jendeak esan zigun ez bueltatzeko afizionatuetara, gure irudiari kalte egingo ziola galtzeak. Baina guk ez genuen duda egin; ez ginen inoren beldur. Oso gogor entrenatu ginen, lehen baino gehiago». Entrenatu bakarrik ez, jokatzen hasi zen: «Hobetzeko, jokatu egin beharra dago». Lasok kantxan egin zien aurre aurreiritzi guztiei: dena irabazi zuen: «Oso ondo joan zen. Zezen baten gisan itzuli zen».

Horregatik dio azken hilabeteetan lortutako guztia ez dela «halabeharrez» gertatu: «Lan gogorra egin du, lan handia». Beste arrazoi bat aipatu du: «Unaik bizitza aldatu behar zuela erabaki zuen urtarrilean. Lanik gabe geratu arren, etxetik joatea erabaki zuen, eta lagun batekin jarri zen bizitzen, horrek dakarren guztiarekin: ardurak, gastuak... Prestaketa aldatu zuen ere: Egoitz Carrionekin hasi zen. Argi izan zuen aldatu egin beharra zuela indartsuago itzultzeko; gutxienez, buruz».

«Luze» egin zitzaien itxaronaldia: «Jendeak esaten zigun beranduenez buruz burukoa jokatzeko itzuliko zela. Baina ez zuten sartu. Kolpea izan zen, izugarri ondo prestatu baitzuen. Azkenean, uste baino beranduago itzuli zen».

«Meritua dute bi bikoteek»

Itzuli bai, baina ez zekiten nola joka zezakeen: «Afizionatuetan dena irabazi zuen, baina horrek ez zigun askorako balio». Berehala uxatu zitzaizkien zalantzak: Jon Ander Peñari, Mikel Urrutikoetxeari eta Asier Agirreri irabazi, eta San Fermin torneoko finalerako sailkatu zen. Horretan, gogotik sufriarazi zuen Altuna (22-20): «Orduan ikusi genuen nahi genuen moduan itzuli zela».

Gertatutakoak «heltzeko» balio izan diola dio, baina nahiagoko luke beste modu batera izan balitz: «Mingainari kosk egin behar diot pilotariren baten gurasoek esaten didatenean zein ondo etorri zaion Unairi kanpoan geratzea. Isildu egiten naiz, baina pentsatzen dut: horren ona baldin bada, esan enpresari zure semea kanpoan geratzea nahi duzula. Unai indartsuago itzuli da, baina ez nioke inori gomendatuko metodo hau».

Ezustean hartu du semea binakako finalean egoteak: «Binakakoan atzelariek agintzen dute: Zabaletak, Rezustak, Albisuk eta Mariezkurrenak. Haiekin jokatuta, aukera gehiago daude». Horregatik dio «meritu handia» dutela finaleko bi bikoteek: «Unai eta Ander erregularragoak izan dira. Jokinek eta Julenek, ordea, behetik gora egin dute». «Ondo» ikusi du semea. Haren ustez, «mesede» egin dio Imaz bezalako «atzelari seguru» batekin jokatzeak.

«Oso partida gogorra» espero du, Altunak eta Martijak 22-21 irabazi zutena bezalakoa: «Ordu eta erdi baino gehiago iraun zuen, eta ia 900 pilotakada eman zituzten». Argi du «atzean» egongo dela gakoa: «Bi aurrelariak errematatzaile petoak dira, eta asko asmatzen dute. Beraz, atzean nagusitzen denak asko izango du irabazia». Semeak irabaztea nahi du, gertutasunagatik eta pilotarengatik: «Pilotarentzat ona litzateke beste txapeldun bat egotea». Sekretu bat kontatu du: «Etxean oso altunazaleak eta martijazaleak gara. Harreman oso ona dugu Jokinen familiarekin, eta zer esanik ez Julenenarekin. Lagun mina dugu, klubean aritu baitzen. Unaik ez badu irabazten, asko maite ditugun bi pilotarik jantziko dute txapela. Gaitz erdi».

Bertatik bertara jarraituko dute hark eta emazteak, eta ziur da sufritu egingo dutela: «Ezin dugu saihestu. Gure semea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.