Pilota. Binakako Txapelketako finala. Ander Imaz. Baikoko pilotaria

«Gozatu behar dut. Agian, ez dut berriz biziko halako zerbait»

Ander Imazek lehen aldiz jokatuko du binakakoaren finala. Garai txarrak pasatu ditu, eta, dioenez, «mesede handia» egin dio txapelketa ona egiteak, «buruz indartzeko».

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gozatzen ari da Ander Imaz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994) final bat jokatzeak dakarrenarekin: «Sutan dut sakelakoa, eta herrian, etengabe zoriontzen naute, baita animoak eman ere. Beste horrenbeste ari zaie pasatzen etxekoei. Oso polita da hau bizitzea».

Lehen finala duzu igandean. Zer moduz zaude?

Poza latza dut. Oso txapelketa polita izan da, oso lan ona egin dugu, eta finala jokatzea sekulako saria da. Jokatzeko irrikan nago.

Hamasei tanto behar zenituzten sailkatzeko. Zer pasatu zitzaizun burutik hamaseigarren tantoa egin zenutenean?

Poz ikaragarria sentitu nuen. Txikitatik egin dut amets final bat jokatzearekin, eta, azkenean, ametsa egia bihurtu da.

Norbait etorri zitzaizun burura?

Etxekoak: ama eta aita. Baita lagunak ere. Beti nigan sinetsi dutenekin gogoratu nintzen. Aitona ere presente izan nuen. Oso pilotazalea zen. Oso pozik egongo zen.

Zer esan zenioten elkarri Lasok eta zuk partida bukatu zenean?

Baietz, lortu genuela! Aspaldi bete genuen helburua, oso txapelketa ona eginda, baina behin finalerdietako ligaxkan egonda, gehiago nahi duzu, eta finala jokatzea sari latza da, egindako lanaren ordaina. Unaik eta biok pozarren ospatu genuen aldagelan. Irabazi edo galdu, gozatu egin nahi dugu. Oso harro egon behar dugu egin dugun txapelketaz.

Mezu asko jaso dituzu?

Izugarria izan da. Inoiz ez nituen horrenbeste jaso. Ezingo nuke bat aukeratu. Ilusio handia egin didate guztiek. Ederra da final bat jokatzea, baina ederra da ere bai horrenbeste maitasun eta animo jasotzea. Profesionaletan debutatu nuenetik [2015eko abenduan], herrian inoiz ez zait animorik falta izan. Eta halako zerbait lortzen duzunean, derrigor gogoratu behar dituzu beti zure ondoan egon direnak. Konturatu egiten zara lanak merezi izan duela.

2018an, Aimar Olaizolarekin bikote eginda, tanto bakar batengatik geratu zineten finaletik kanpo. Arantza hori atera duzu?

Kirolean oso zaila da finalak jokatzea: gauzak oso ondo egin behar dira, eta zortea izan ere bai. Orduko hartan kolpe handia izan zen finaletik kanpo geratzea: lehen bi partidak irabazi genituen, eta, gero, tanto bakar batengatik ez ginen sailkatu. Baina sinetsi izan dut iritsiko zela unea, eta iritsi da, eta oso pozik nago.

Garai aproposa aukeratu duzu lehen finala jokatzeko. Aspaldiko partez, ez dago mugarik, eta pilotalekua bete egingo da.

Ederra izango da 3.000 pertsonen aurrean jokatzea; tartean, herritik joandakoak. Unaik eta biok hitz egin dugu: irabazi edo galdu, oso polita izango da hau bizitzea. Baina oso argi dugu ere horrek guztiak ezin gaituela despistatu.

Finaletara joan izan zara, baina oraingoan zu egongo zara kantxan. Zer sentituko duzu?

Finalak ikustera joan naizenean beti pasatu zait burutik zer-nolako gozamena izango zen hor egotea. Oraingoan, nirea da unea, ni egongo naiz hor, eta horrek sekulako ilusioa egiten dit. Saihetsezina da urduri egotea, partida ona jokatu nahi baituzu. Baina, aldi berean, plazera da. Agian, ez dut biziko halako beste une bat, eta bete-betean gozatu behar dut.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

65 eman dizkidate, eta denak banatu ditut. Beste 80 banitu ere banatuko nituzke. Ari gara negoziatzen gehiago izateko. Uste dut herrian autobus bat jartzeko asmoa dutela. Ez zait babesik faltako.

Lehen esan duzu: aspaldi bete zenuten helburua.

Hala da, lehen helburua gutxienez kanporaketa jokatzea baitzen. Baina oso erregular aritu gara, gurea emanda eta lehiakor izanda, eta horri esker gaude finalean. Inoiz ez dugu etsi, eta horren adibide da finalerdietako lehen lehia galdu arren sailkatu garela.

Zein izan da gakoa?

Hasieratik bikote oso sendoa osatu dugula. Oso txapelketa luzea da, eta edozer gerta daiteke; adibidez, min hartzea. Zorionez, ez dugu min hartu, eta geure buruan bete-betean sinetsita aritu gara beti. Horrek ekarri gaitu hona.

Aurretik, garai txarrak pasatu dituzue biek. Mesede egin dizue?

Bai, garai txarrak pasatu eta gero, gehiago baloratzen eta gozatzen baituzu daukazuna. Oso motibatuta ekin genion. Gaizki joan zitekeen, baina oso ondo joan da.

Inoiz baino hobeto jokatu duzu?

Bai. Zaila da hemezortzi partidatan zurea ematea, baina pare bat kenduta, guztietan eman dugu. Nire sasoirik onenean nago.

Aurrerapausoa eman duzu?

Bai, eta horren erakusle da horren pilotari pusken aurka aritu arren finalera iritsi garela. Oso gustura ari naiz, eta gauzak ateratzen ari zaizkit. Ederra da ikustea atzelari handien aurka lehiakor izan naitekeela. Behar nuen halako txapelketa on bat, buruz indartzeko. Bolea eta ezkerra entrenatu ditut, eta hobetu egin dut. Polita da ikustea lanak fruitua ematen duela.

Nola ikusi duzu Laso?

Oso ondo. Bolada oso onetik zetorren, eta zaila da eustea, baina erakutsi du pilotari handia dela. Plazera da harekin jokatzea: asko laguntzen dit, eta oso erraza da harekin lan egitea, beti baitago irribarretsu. Horrek asko errazten du txapelketa ona egitea.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Oso gogorra izango da. Sekulako bikotea dira, eta erakutsi dute: lehenak izan ziren aurreneko ligaxkan, eta, gero, azken partida jokatu gabe sailkatu ziren finalerako. Jokinek beti behartzen zaitu bete-betean aritzera, eta Julenek erakutsi du gogorra eta langilea dela. %200ean jokatu beharko dugu aukeraren bat izateko, baina erakutsi dugu sasoi onean gaudela.

Hirutan jokatu duzue. Balio dute zerbaitetarako partida horiek?

Ez, finalak oso partida bereziak baitira, eta baitute antzik beste partidekin. Argi dugu azkenekoan baino hobeto ariko direla.

Non egongo da gakoa?

Julenen eta nire artekoan nagusitzen denak asko izango du irabazia, aurrean Unaik eta Jokinek oso gutxi behar baitute bukatzeko.

Ikusi gehiago:Unai Laso, etxekoen harrotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.