Europako Parlamenturako hauteskundeak. Katalunia

Puigdemonten zerrendak irabazi ditu hauteskundeak Katalunian

Generalitateko presidente kargugabetuak botoen %28,57 lortu ditu, eta JxCk bi ordezkari izanen ditu Europan. Junqueras eurodiputatu izanen da, baina PSCk aurrea hartu dio

Clara Ponsati, Carles Puigdemont eta Toni Comin ordezkari independentista erbesteratuak Europako Parlamentuaren parean, atzo, Bruselan. LARA MALVESI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu independentistaren bi lider nagusiak Europako Parlamenturako ordezkari aukeratu dituzte. Helburua bete dute biek, baina Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuari hobeki atera zaio bozetarako formula, eta Kataluniako herritarren artean erreferentziazko liderra izaten segitzen duela erakutsi du. Izan ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek JxC Junts Per Catalunyarengan sortu zituzten zalantzak uxatu ditu: lehenbiziko indarra izan da Katalunian, eta bi eurodiputatu izanen ditu. Oriol Junqueras, berriz, ERC, EH Bildu eta Galiziako BNG alderdiak batuta zituen zerrenda bateko burua izan da —Orain Errepublikak—, eta aukera hori hirugarren indarra izan da Katalunian.

Puigdemont buru zuen zerrendak botoen %28,57 lortu zituen atzo, 946.370 bozka. JxCk Espainiako Kongresurako hauteskundeetan baino ia 450.000 boto gehiago irabazi ditu. Puigdemont hunkituta agertu zen Bruselan eman zuen prentsaurrekoan, eta bi ondorio nabarmendu zituen: independentistek «botoen %50» lortu zituztela atzo, eta «Espainiako diplomaziaren buruzagia garaitu» zutela, Josep Borrell Atzerri ministroa PSOEren zerrendako burua baitzen, eta PSC bigarren izan baita Katalunian. Puigdemontek kanpainan adierazi du europarlamentari hautatzen bazuten, Kataluniako Parlamentuko aktari uko eginen diola.

Junquerasek ere lortu du helburua. Hilabeteko epean bigarrenez hautetsi izendatu dute Espainian behin-behinean espetxeratuta duten lider independentista. Baina aho zapore gazi-gozoarekin, 2014an ez bezala, ERC ez baita izan Kataluniako herritarren aukerarik gustukoena, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak ere aurrea hartu dio, gainera —botoen %22,1 PSCk, eta %21,18 Orain Errepublikak—. Junquerasek kanpainan adierazia du eurodiputatu aukeratzen bazuten, uko eginen diola Espainiako Kongresuko jarlekurari.

Independentistek, ia %50

Europako aitzineko hauteskundeak, 2014koak, historikoak izan ziren Katalunian, 78 urtean lehenbiziko aldiz ERC Kataluniako alderdirik bozkatuena izan baitzen. ERCk eta CiUk elkarrekin botoen %45,5 irabazi zituzten orduan, eta atzo, JxCk eta Orain Errepublikak %49,75 batu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.