Irakastea arte bihurtu zuen artisau eskola

Bauhaus eskola zabaldu zutenetik ehun urte bete dira aurtengo apirilaren 1ean. 1933an itxi zuten, baina irekita egondako urte haietan, irakaskuntza estiloan eta arkitekturan oinarri berriak ezarri zituen. Gaur egun ere eragina dute oraindik.

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Apirilaren 1ean bete ziren ehun urte Weimarren (Alemania) Bauhaus eskola zabaldu zutenetik. Industrializazio garaia zen herrialdean, eta oraindik ez zegoen garbi eguneroko objektuek zein estetikari erantzun behar zioten, industria seriean ekoizten hasi zen eta. Erantzun horren bila sortu zuten eskola. Alabaina, artean nahiz irakaskuntzan izan zituen eraginek bizirik jarraitzen dute oraindik ere.

Testuinguruari begiratuz gero, Alemaniak industrializazioa hasi berria zuen XX. mende hasieran. Industriaren goraldia Alemaniaren aurretik izan zuten herrialdeeetan ordurako ezaguna zuten arazo bera, baina bakoitzak bere irtenbidea eman zion. «Bi puntu ezberdin daude arazoaren muinean», azaldu du Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak: «Batetik, industria eguneroko objektuak fabrikatzen hasten denean, praktikoak ez ezik ea ederrak ere izan behar zuten objektuek edo ez; eta edertasun hori nondik lor zitekeen». Gatazka artistiko hori sortu zenean, bazeuden artista plastikoak, baina fabrikak ekoitziko zuena diseinatzen zuenik ez. «Bestetik, makinen estetika zegoen, esaterako, trenena eta autoena».

Nola erantzun arazo horri, ordea? Walter Gropius arkitekto eta diseinatzaileak bazeuzkan zenbait ideia, eta horrela sortu zen Bauhaus eskola. «Antolaketa ezberdin bat proposatu zuen. Heziketa modu ezberdin bat», nabarmendu du Manterolak.

Heziketako iraultza

Heziketa modu berriaren funtsa tailerreko lana eta artea elkartzea izan zen; hots, ikasleek bi alorretatik ikas zezatela: batetik, alde praktikoa edo tailerrean nola lan egin; eta, bestetik, alde teorikoa edo artearen oinarriak. «Ez zituen bereizten eskulana eta lan artistikoa. Artetik zetorren esperientzia hori nola aplikatu aztertu nahi zuen, eguneroko produktuak ederrak izateko», azaldu du EHUko irakasleak. Adibidez, pintoreak jarri zituen irakasle. Ez pintura lantzen zelako Bauhausen, pintorearen jakintza plastikoa objektuetan aplikatzeko baizik.

Eskolak landu zuen beste ideia berri bat atariko kurtsoa izan zen. Zentroko ikasketak hasi aurretik, beste jakintza batzuk jasotzen zituen ikasleak. Pertsona bakoitzaren gaitasun pertsonalak aurkitzea eta garatzea zeukan helburu. Ikastaro horien bidez, ikasketak bukatutakoan hainbat esparru ezagutzen zituzten ikasleek, ordura arte ohikoa ez zena: marrazten zekiten, modelo lanak egiten, argazkiak ateratzen edo altzariak diseinatzen. «Gure fakultateko hasierako planak Bauhausetik hartutako gauzak dauzka», esan du Manterolak. «Alemaniako eskolan, oso famatuak ziren kolore ariketak. Hori oraindik ere egiten da».

Horrez gain, diseinu industrial eta grafikoko lanbideak sortu zituzten eskolan. Ordura arte, ez ziren existitzen. Gaur egun, lanbide horietan erabiltzen diren oinarri arauemaileak eta akademikoak sortu zituzten.

Irakaskuntzatik haratago arkitekturan ere eragin esanguratsua izan zuen Bauhausek, arkitektura modernoan, zehazki. Forma erabileraren araberakoa izango da zen eskolaren leloetako bat. Teoria praktikan jarriz, emango zitzaion erabileraren arabera diseinatzen zituzten espazioak; hau da, erabilera on bat emateko behar zuen irudi geometrikoa ematen zioten.

«Gure fakultateak daukan egitura hortik dator. Tailer bat dago, eta, haren barruan, teoriarako gela eta irakaslearen bulegoa», zehaztu du EHUko irakasleak. «Teoria eta praktika elkartzea du meta. Ez esatea 10:00etatik 11:00etara teoria da, eta 11:00etatik 12:00etara, praktika». Egitura horrekin, irakasleak praktika eten dezake, eta teoria eman beharrak hala eskatzen duelako. Eskola amaitutakoan ere ikasleak lanean segi dezake, badaki-eta non dagoen irakaslea dudaren bat sortuz gero.

Lehen Mundu Gerra osteko Alemanian sortu zen eskola. Nazismoaren gorakadak, ordea, zerikusi zuzena izan zuen Bauhausen garapenean. Garai gatazkatsuan bizi zen Alemania, tartean inflazioa eta krisi ekonomikoa. Ikasleak eta irakasleak ere busti ziren egoerari lotutako arazoetan. Ezkerreko mugimenduetara gerturatu zen Bauhaus, eta subertsibo fama hartu zuen. 1932an, naziak eta kontserbadoreak iritsi ziren Dessauko gobernura. Weimartik hara mugituta zeukaten egoitza, eta instituzioen diru laguntzak galdu zituzten.

Dessautik Berlinera aldatu zuten gero. Egoera ikusita, irakasle askok ihes egitea erabakita zeukaten aldez aurretik. Berlinen, 1933ko apirilaren 11n itxi zuten Bauhaus naziek. «Juduen kosmopolitismoa» eta «gain behera doan arte boltxebikea» amaitzea zuten helburu eskola itxita. Ihes egin ez zuten irakasle asko naziek hil zituzten, juduak edo ezkertiarrak izatea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.