«Ez dut inoiz etsi»

Xabi Tolosak lehen aldiz jokatuko du Lehen Mailako binakakoan titular gisa. Joseba Ezkurdia izango du bikotekide. «Erronka zaila» dela dio, baina «gogoz eta ilusioz gainezka» daudela.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ezaguna du Xabi Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) etxetik Miribilla Bilboko pilotalekurako bidea. Makina bat aldiz egin du. Ordubete pasatxoko bidaia da autoz. Asteartean egin zuen berriro, bakarrik. «Laburragoa egin zitzaidan. Beste bizipoz batekin nindoan». Barru-barrutik irten zaio aitormena.

«Albiste ederra» jaso zuen bezperan: Aspek hura aukeratu zuen Lehen Mailako Binakako Txapelketa jokatzeko. Toki ziurra izango zuen aurrenekoz: «Banuen itxaropena, azken urtean ondo ari bainaiz. Baina zurrumurru asko zegoen. Zorionez, enpresak nire alde egin du. Oso pozik nago, lehen aldiz halako txapelketa bat jokatzeko aukera baitut. Aprobetxatu egin behar dut».

Bazekien jokatuko zuela, baina ez norekin. Aukera gutxi zegoen: «Txapelketako Asperen atzelaririk eskasena naizenez, pentsatzekoa zen Jokinekin [Altuna] edo Josebarekin [Ezkurdia] ariko nintzela». Aurkezpenean jakin zuen Ezkurdiarekin jokatuko zuela. Lehenbizi, elkarri begiratu zioten, konplizitatea bilatuz. Aurkezpena bukatu eta berehala, berriz, elkartu egin ziren: «Biok poztu ginen. Harreman ona dugu».

Deigarria da zein natural esan duen bera dela Aspek binakakorako aukeratutako atzelaririk eskasena: «Errealista naiz. Oso argi dut nolako pilotaria naizen eta zer maila eman dezakedan. Barneratua dut laugarren atzelaria naizela eta ahalik eta bikoterik parekatuenak osatzeko jarri nautela Josebarekin. Normaltasunez eta naturaltasunez hartzen dut. Oso garrantzitsua da norberaren maila onartzea. Nik badakit zeintzuk diren nire indarguneak eta ahuluneak, eta Josebak ere badaki. Indargune horiei probetxu atera behar diegu, ahalik eta bikoterik sendoena egiteko eta arerioei ahalik eta lan gehien emateko».

Sarritan dio badakiela zein pilotari mota den eta zer maila duen:«Ez dut gorabehera handirik, eta piloteoan nahiko eroso aritzen naiz zazpigarren koadrotik. Ez dut beste atzelari batzuen kolpea eta bizitasuna, baina segurua naiz ezkerrarekin, eta hori garrantzitsua da Lehen Mailan. Azkenaldian, gainera, hobeto aprobetxatzen ditut aurrean harrapatzen ditudan pilotak». Argi du zer duen faltan: «Kolpea eta bizitasuna. Eskuinarekin ere hobetu behar dut».

Lerroburuak betetzen ari da. Berdin pasatu zitzaion duela zazpi urte, 18 urterekin eta profesionaletan bi hilabete eskas zeramala Aspek hura aukeratu zuenean binakakoan Abel Barriola ordezkatzeko. Min hartu zuen atzelari leitzarrak, eta enpresak hura jarri zuen Juan Martinez de Irujorekin.

Ez du ahaztu nola jaso zuen berria: «Klasean nengoen, eta sakelakoa begiratu nuen. Bi dei nituen: bata, Inaxiorena [Errandonea, Aspeko zuzendari komertziala], eta bestea, Ibonena [Arakistain, prentsaburua]. Iboni deitu nion, eta hark Inaxiori pasatu zion telefonoa. Hark esan zidan».

Ez ditu ahaztu orduko poza eta ilusioa ere: «Sekulakoa izan zen. Lehen partida, eta Irujorekin, eta parean, Olaizola eta Aretxabaleta. Irabazi egin genien Labriten. Inoiz ez dut ahaztuko».

Ezta hurrengo bi urteak ere: bitan irabazi zuen Bigarren Mailako binakako txapela; 2015ekoa, Erik Jakarekin; eta 2016koa, Gorka Estebanekin: «Oroitzapen oso politak ditut. Bigarren Mailako txapelak ziren, baina lorpen handia izan zen haiek irabaztea. Lan zailak dira horiek. Eta hortxe ageri dira nire garaipen zerrendan».

Aukeraren zain

Bost urte pasatxo joan dira geroztik, eta hiru partida besterik ez ditu jokatu Lehen Mailako binakakoan: 2017an, berriro ordezkatu zuen Barriola ligaxkan, bitan; eta aurten, Ladis Galarzaren ordez aritu zen finalerdietako ligaxkako azken partidan. Gustura jokatuko zuen gehiago: «Bigarren Mailan bi aldiz txapeldun izan eta gero, nahi gabe gora begira jartzen zara. Lehen Mailakoa jokatu nahi duzu. Baina zaila egon da. Atzelari oso onak egon dira eta daude enpresan». 2018an eskumuturrean izandako lesioak ere ez zion batere lagundu. «Bost hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Lesio garrantzitsua izan zen, eskumuturra funtsezkoa baita pilotan aritzeko». Baina zalantza eta beldur guztiak uxatu zituen. «Buruz gogorra eta sendoa» izanez egin zuen: «Indartsua naiz buruz. Edozeri aurre egiteko gai naizela uste dut. Ez dut inoiz etsi. Horri esker lortu dut aukera hau. Oso harro nago ametsa bete izanaz».

Ez du zalantza egin bere ibilbideko sasoirik onenean ote dagoen galdetuta: «Bai. Esperientzia dut, eskuak ondo ditut, enpresaren konfiantza dut, eta emaitza onak lortzen ari naiz. Horri esker, nire errendimenduak gora egin du. Gozatzen ari naiz azken urtean».

Patuak horrelakoak ditu: Ezkurdia lagun duela, Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren kontra jokatu zuen azkenekoz Tolosak binakakoan, eta etzi, partida bera jokatuko dute Mungian (Bizkaia). 22-13 irabazi zuten hark eta Ezkurdiak orduko hartan. «Biok oso partida ona egin genuen. Baina ez daude bi lehia berdin. Zabaleta ikusgarri aritu izan da Mungian. Erronka zaila da, baina gogoz eta ilusioz gainezka gaude».

Zabaleta goratu du. Halere, irabazi egin ditu haren aurka jokatu dituen azken bi lehiak: Mastersean, 22-19 irabazi zieten Unai Lasok eta berak Olaizola II.a-Zabaletari. «Baina, haren aurka hogei partida jokatuz gero, agian, hemezortzigalduko nituzke. Sekulakoa da zein gogor jotzen dion pilotari, eta zein abiaduran irteten zaion. Jakinaren gainean gaude, baina gogoz eta ilusioz gainezka gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.