Euskal hiztun berrien errimetan

Bertsolaritzak euskaldun berrien legitimazioan duen eraginaz mintzatu da Miren Artetxe bertsolari eta irakaslea Donostian, EHUk Mintzolarekin batera antolatutako udako ikastaroaren barruan.

Donostia
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bere hizkuntza etxean edo etxeko transmisio bidez ikasi ez duen edonori» deitzen dio hiztun berri Miren Artetxe EHUko irakasle eta bertsolariak. Bertsolaritza eta hiztun berriak hitzaldia eman zuen, atzo, Donostian, EHUk eta Mintzolak elkarlanean antolatutako Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak udako ikastaroan. Hiztun berrien errealitatearen eta bertsolaritzaren arteko «artikulazioez» mintzatu zen.

«Hiztun berriak beren egunerokoan euskara erabiltzen dutenak izan daitezke. Jario erabatekoz mintzatu eta euskaldun zaharraren passing-a duten horiek ere hiztun berri gisa kategorizatuko ditugu; horiek arazo bat dute, hiztun zaharrok ez daukaguna». Euskara etxean ikasi ez izana hiztun horren legitimazioan «oztopo» bat izan daitekeela uste du Artetxek. Haren iritziz, egungo hizkuntza ideologiak euskal hiztunengan eragina du, eta hizkuntza gutxituetan, beste askotan ez bezala, «benetako hiztunaren rola, etxean ikasi duen horri» ematen zaio. Hori dela eta, hiztun berriak «legitimazioa irabazi» egin behar izaten duela uste du, eta are gehiago euskara batua erabiltzen badu.

Legitimitate horrek hizkuntzaren erabileran duen eragina «nabarmena» da Artetxerentzat: «Ni hiztun legitimo sentitzen baldin banaiz, errazago mintzatuko naiz hizkuntza horretan. Aldiz, nik neuk zein ingurukoek legitimotasun hori eman ezean, traba bat suposatuko du erabileran».

Beraz, «denbora eta espazio jakin batean ematen den prozesu» gisa ulertuta, bertso munduan sozializatzeak euskal hiztun berrien onarpenean eragina duela deritzo bertsolariak. Horretan hainbat aldagaik parte hartzen dutela dio: gaitasunak, erabilerak eta bertsolaritzaren diskurtsoak, tartean.

Hizkuntzaren gaineko ezagutza edukitzea bertsolari izateko oinarrizko tresna dela kontuan hartuta, bertsotan aritzea eta euskaraz mintzatzeko gaitasuna izatea eskutik helduta doazela pentsatzen du Artetxek: «Zenbatetan entzungo ote genuen: nola esaten da hori euskaraz? Galdetu hari, bertsolaria da eta. Egotzi ez ezik, bertsolarioi eskatu egiten zaigu euskaran trebeak izatea». Erabilerarekin gauza bera gertatzen dela uste du irakasleak: «Ez bakarrik bertsotan aritzen direnek edota bertsogintzan eragile direnek; publikoan daudenek ere euskararen erabilera trinkoa egiten dute». Historikoki, bertsolariari euskararen aldeko diskurtsoen zabaltzailearen irudia egotzi izan zaiola dio Artetxek; bertsolari gisa sozializatzen den horri, zeharka bada ere, diskurtso horiek «sortu eta birsortzeko» eskatzen zaio.

Euskal Herriko «gazteen erdiak baino gehiagok» euskara etxetik kanpo ikasi duela dio Artetxek. Baina bertso munduan kontrakoa gertatzen dela gehitu du. Izan ere, bai eragileak bai zale gehienak ere, euskaldun zaharrak dira: «Orduan, zer pasatzen zaie euskal hiztun berriei bertsolaritzan aritzean? Ba orain arte lagun artean nabarmena izan ez den ezaugarri bat dela hiztun berria izatea. Baina bertsoen munduan murgiltzean, konturatzen dira kategoria hori pertinentea dela, eta hor talka bat sortzen da».

Bertsolaritzak, erraztasunak ematearekin batera, mugak ere ipintzen dituela uste du Artetxek: «Nahiz eta bertso munduak erremintak eman hiztun berriei legitimazioa lortzeko bidean, oztopoak ere jartzen ditu. Izan ere, bertsolari izateko, hiztun legitimo izan beharra dago, eta ideologia berbera daukagu euskal gizartean eta bertso munduan».

Zer den legitimoa, eta zer ez

Bertsotan dabilen euskaldun berri batek legitimazioa lortzeko «erraztasun handiagoa» duela deritzo Artetxek. Bertsolari legitimoaren eta hiztun legitimoaren artean lotura bat dagoela uste du: «Bertsolari legitimoa, ezer baldin bada, lehenik eta behin gizona da. Baina badira beste hainbat ezaugarri ere: zuria, euskaldun zaharra, garai batean baserri mundukoa eta gaur egun unibertsitarioa...horiek denek osatzen dute, besteak beste, bertsolari legitimoaren irudia». Ezaugarri talde horren barnean euskaldun zahar izatearen ezaugarria dagoela dio. Egungo ideologiaren arabera, «hiztun legitimoa, hiztun zaharra delako». Planteamendu horrek «aukera ikaragarri bat» ematen duela uste du irakasleak; izan ere, bertsolaritzako ideologiak aldatzeak «gizarteko praktikak eta diskurtsoak eraldatzea» ekarriko lukeela deritzo: «Euskaldun zahar gisa irakurriak direnez, legitimitate handia dute bertso munduko eragileek. Gainera, bertsolari legitimoari esleitzen zaizkion ezaugarriak bertso munduan negoziatzen dira, gizartearekin harremanetan».Diskurtsoak eta praktikak aldatuko balira, definizioak eta kanonak aldatuko liratekeela dio; modu horretan, beste hizkuntza kategoriei sarbidea irekiko litzaieke.

Egunerokoan, diskurtsoen eta praktiken eraldaketan, bertsolaritzak rol garrantzitsu bat duela pentsatzen du Artetxek: «Bertsolaritzak izugarrizko aukera du ideologia hauek landuz ger, euskalduntasunaren kontzeptu estrategikoago bat sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.