Albistea entzun

Orexan ez delako biderik amaitzen

Gipuzkoako herririk txikiena da Orexa, baina aitzindari bihurtu da energiaren sorreran eta kudeaketan. Eguzki plaken hirugarren instalazioa amaitu dute, eta energia komunitatea sortzear dira. Euren txikitik: «Bertako energia, garbia eta herritarra».
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko irailak 1 - Orexa

Ezkerretara hartzen da bidegurutzean. Bai, behintzat, Lizartzatik (Gipuzkoa) joanda. Lau bat kilometroko igoera pikoa da, eta trafiko seinaleak argi iragartzen du: han amaitzen da bidea, Orexan (Gipuzkoa). Irteerarik eta atzera-bueltarik gabea balitz bezala. «Beti esaten dugu: 'Orexa, bidea hemen hasten da'. Jende guztiak pentsatzen duelako bidea hemen bukatzen dela, eta egia da, bidea hemen bukatzen da, errepidea hemen bukatzen da, baina horri buelta eman behar diogu, gure txikitik, eta egoera honetan ere, eredu izan gaitezke», azaldu du Eneko Maioz alkateak.

Eta zein da egoera? 127 biztanle, azken datuen arabera. Helburua? Gazteen ihesaldiari eustea; bizirik irautea. Modua? «Gurearen moduko herri txiki batek bizirik iraun dezan estrategia bat geneukan osatu beharra, sentsazioa genuelako beharren arabera eta puskaka ari ginela gauzak egiten. Luzera begira pentsatzen hasi ginen: 'Nora goaz? Zer nahi dugu?' Orexa Bizirik izeneko egitasmoa osatu genuen». Bost lan ildo ezarri zituzten, eta helburu bakarra: «Gazteak herrian gelditzea, eta herriko enpresei ere laguntzea aktibitate hori, bizitza hori sortzen».

Bost ildo horietako bat «energia» izan zen: «Orexak duen orientazioarengatik eta duen tamainarengatik, iruditzen zitzaigun ez zela astakeria bat geuk behar dugun energia sortzea edo, behintzat, aukera hori aztertzen hastea. Egia da orduan legeek-eta ez zutela asko laguntzen, eguzkiari jarritako zerga hura... baina, bueno, gu hasi ginen bidea egiten».

Eta baita egin ere. Duela hiru urte jarri zituzten lehen plakak, eta urtero jarri dute, geroztik, instalazio berri bat: ostatukoa lehenengo, frontoikoa iaz, eta Oihan Txiki kooperatibakoa bukatu dute oraintxe. «Herriko enpresei laguntzen diegu —ostatuari eta kooperatibari—, baina garbi geneukan energia horrekin herritarrei ere onuraren bat eman behar zitzaiela, ez aurrezteagatik bakarrik, baizik eta ereduari begira», nabarmendu du Maiozek.

Izena emateko aukera zabaldu zuten energiaren banaketan parte hartu nahi zuten herritarren artean, eta familia guztiek eman dute izena. «Ez da familia bakar bat ere kanpoan gelditu. Hori ere bada zerbaiten seinale: asmatu dugula esplikatzen». Banaketa horretan, gainera, «behar gehiena» zutenek izan dute lehentasuna: «Horregatik daude hamar familia beste familiek halako bost jasotzen dutenak. Beste familiek ehuneko bat jasotzen dute».

Eta azken fasean sartu dira orain: energia komunitatea sortzeko fasean. «Antzeko zerbait egin dugu banaketa hori guztia egiteko, baina ez dauka izate bat, eta orain legeak uzten dizu hori egiten. Eta horretan ari gara, nolabait, hori guztia ofizialtzeko. Kostatzen ari da. Iberdrolarekin borrokan gabiltza, eta interes handiak daude. Aitzindari izatea kosta egiten delako, prozedura asko bete behar direlako, eta gurea bezalako herri txiki batentzat asko kostatzen delako».

Goienerren laguntza

Orexako proiektuaren azterketa eta obra zuzendaritza Goienerrek egin du, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak. «Asko lagundu digute; haiek gabe, ezinezkoa litzateke hau», eskertu du Maiozek. Jaso dituzte Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntzak ere. «Proiektu bereziak dira, eta ulertarazi behar zaie administrazioei ere zer ari diren laguntzen. Ez dira betiko inbertsio klasikoak. Azken finean, diru publikoa delako, baina onura, kakotx artean, 'pribatua' ere badelako. Guri gehiago gustatzen zaigu esatea onura 'komunitarioa' dela. Hori ulertaraztea lortu dugu, eta aurrerapauso handia da, ez bakarrik guretzat, baita bide horretan aurrera egin dezaketen beste herri txikientzat ere».

Orexak behar duen energiaren erdia sortzen dute herrian oraintxe. Alkateak nabarmendu du «herri oso baten» proiektua dela, eta herritarrekin «adostutakoa» izan dela: «Udalak egiten ditu inbertsio guztiak, baina aurrezpena herritarren artean banatzen da. Udalak herritarrei eskatzen diena da konpromiso bat: hurrengo faseetan, beraien etxebizitzak egokiak balira plakak jartzeko, udalari uztea teilatuak. Jendeak oso ongi ulertu du hori».

Lokaletik globalera, beraz. Hitz «potoloak» direla dio Maiozek: «Badirudi herri txiki batean horrelakoek ez dutela lekurik, baina, Gipuzkoako herri txikiena hau egiteko gai bada, edozeinek egin dezake. Argindarraren prezioaren oraingo zurrunbilo horretatik aparte, honek luzerako begirada eskatzen du. Egiten den guztia, txikia bada ere, aurrerapauso bat da. Global horretan oso txikia da, baina, aldi berean, eredu bat ari gara erakusten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bel Pozueta, dokumentalean ©Marmoka Films

TV3ek Amets Arzallusen 'Altsasu (gau hura)' dokumentala emango du bihar

Urtzi Urkizu

Arzallusek Marc Parramonekin batera egindako lana Miarritzeko Fipadoc jaialdian ere emango dute, ostegunean. TV3ek, bihar bertan, Altsasuko auzian zigortutako bi gazte protagonista dituen beste dokumental bat estreinatuko du.

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.