B aztan eta Ultzama inguruan (Nafarroa) esaten dute Belateko tunelak muga ikusezin bat marrazten duela. Albo bat edo bestea bi mundu direlako. Auto batek N-121 errepidea hartu du Leurtzako urtegira (Nafarroa) bidean, eta, Belateko tunela zeharkatu duenean, espero ez zuen errealitate bat aurkitu du tunelaren beste aldean.
Iruñetik Arraitzeko bentetara oskarbi zegoen, baina tunelen ostean, lainoa bidea estaltzen hasi da. Beldurrezko pelikula batean egongo balitz bezala, Urrozen (Nafarroa) ezkerrera egin du, eta, portu ilun eta lainotsu batetik, urtegira iritsi da autoa. Bi gazte jaitsi dira autotik bainujantziarekin eta sandaliekin, baina eguraldia ikusita, beste plan bat bilatu dute.
Atarian, etxola baten ondoan, langile bat dago jendeari harrera egiteko. «Eguraldiak aunitz eragiten du; aurreko egunean 150 auto inguru zeuden, eta gaur ez dago kasik jenderik», esan du. Gaineratu du aurtengo uda iazkoa baino«zailagoa» izan dela: «Eguraldia kaskarra izan denez, jende gutxiago etorri da bainatzera, baina abuztuan turista kopuruak gora egin du».
Leurtzara euskaldun asko joaten diren arren, euskaldun gutxi eta turista asko dabiltza azken egunetan. «Egun on! Hiru euro dira, eta atzeraka aparkatu behar duzue gainerako autoen ondoan», esan die langileak iritsi berri diren batzuei. Autotik jaitsi, eta langilearengana joan dira. «Etortzen zareten lehenengo aldia da?», galdetu die. «Bai», erantzun dute, eta inguruan dauden gauzak azaltzeko mapa bat atera du: «Bi ibilbide, meriendatzeko tokiak eta urtegian bainatzeko txoko pila bat dago».
Alternatiba baten bila
Leurtzako urtegiko parajeak ezagutzeko bi ibilbide daude: motza eta luzea. Ibilbide laburrak bi kilometro inguru ditu, eta urtegia inguratzen du: «Motza eta erraza da, eta zati bat aulki gurpildunean egin daiteke». Nora Gordilla, haur jaio berri batekin joan da, paisaia ezagutzeko eta bainatzeko: «Gure asmoa zen bainu bat hartzea, baina eguraldi honen eraginez, paseo bat eman eta segituan itzuliko gara».
Ibilbide luzeak, berriz, bederatzi kilometro inguru ditu, eta eta pagadiz inguratuta dago. Hernesto Garciak eta haren semeek ibilbide luzea egitea erabaki dute: «Oso polita da, baina lainoaren ondorioz, oso gutxi ikusten zen». Zaragozakoak dira ( Espainia), etaBaztan ingurura joan dira oporrak pasatzera: «Espero dugu eguzkia ateratzea, eta bainatu ahal izatea». Pagoez gain, haritzak, gorostiak, elorri zuriak, atxaparrak, elorri beltzak, intsusak eta iratzeak ikus daitezke inguruan. Gazte batek, bidean aurkitu dituen zenbait landare jaso ditu etxera eramateko.
Handik gertu, ibilbide bera egin behar duten bi gazte daude. Ia bi orduko bidaia egin dute Martzillatik (Nafarroa) Leurtzako urtegira. «Ez genuen lekua ezagutzen, baina oso polita dela esan digute», esan du Julen Diazek. Eguzkia ateratzen bada, bainatzeko asmoa dutela esan du Edurne Esparzak: «Ni ez naiz bainatuko, baina Julen bai».
Eguzkitsu dagoenean, jende ugari egoten da uretan, eta ura inguratzen duten larreak ere jendez lepo egoten dira. Hala ere, gehienetan lasai egoteko tokia egoten da. Lainoa jaisten denean, aldiz, ia ez dago inor uretan edo inguruko belardian. Jende gutxi egon arren, oihartzun handia dagoenez, uste baino jende gehiago dagoela dirudi. Hala ere, isiltasuna nabarmentzen da. Horri esker, haizea, zuhaitzen hostoen mugimendua eta zenbait animalia entzuten dira.
Zuhaitz artean gailupa txiki bat dabil kantari; arra da sabel gorria duelako. Urrunago, txio-txio, txontak daude, baina ez dira ikusten. Txontek sabel marroia, buru grisa edo urdina, hegaletan marra zuriak eta moko luzea daukate. Bat-batean, lainoen artean, uraren gainetik, lertsun bat pasatu da hegan. Lertsunek lepo luzea daukate, eta, zikoinek ez bezala, jaten dutenean, lepoa tolesten dute. Hala nola arrainak eta igelak jaten dituzte.
Txoriez gain, mendian ibiltzen diren behorrak, zaldiak eta zaldikumeak daude. Horien gorotz arrastoak ikus daitezke ura inguratzen duten larretan. Halere, ohi baino zaldi gutxiago daude. Zintzarriak urrun entzuten diren arren, bat-batean, zaldi batzuk uretara gerturatu dira. Ondoan, txakur bat dagoenez, elkar usaintzen hasi dira.
Hale ere, zaldiak segituan joan dira, eta txakurra uretan jolasten hasi da. Harekin, bi gazte daude: makila bat hartu eta uretara bota dute. «Bilatu; bilatu», esan diote. Plisti-plasta uretan sartu, eta saltoka hasi da. Denbora luzez ibili da alde batetik bestera korrika eta makila astintzen.
Bainulari ausarta
Urtegian dabiltzan gehienak paseatzen ari badira ere, pertsona bat bainatzera animatu da. Hotza egiten duenez, di-da batean sartu eta atera da. Oskarbi zegoen momentu txiki bat aprobetxatu du horretarako. «Izugarri gustuko dut ura, ezin nintzen hemendik joan bainatu gabe», esan du Aitor Larraiozek. Gainera kontent dago, jende gutxi dagoenez, biluzik bainatu ahal izan delako: «Biluzik lasai bainatzeko aukera gutxi ditugu toki turistikoetan».
Beste batzuek, aldiz, bainatu ordez, pentsatu dute egunaz gozatzeko eta lainoetatik babesteko onena kanpin denda muntatzea dela. Hortaz, zuhaitzen artean sortu den txoko batean babestu, eta denda jarri dute. Iltze guztiak jarri dituztenean, barrenera sartu dira. Goiza igaro dute han. Urtegian dauden gainerakoek ere antzeko zerbait egin dute, eta merenderoetan zerbait jan ostean, etxera itzuli dira, eguzki bila.
Turismoa
Turistak laino artean, eguzki izpien zain
Isiltasuna nabarmentzen da Leurtzako urtegian oskarbi ez dagonean, eta, horri esker, haizea, zuhaitzen hostoen mugimendua eta zenbait animalia entzun daitezke. Aurten, eguraldiaren ondorioz, ohi baino jende gutxiago ibili da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu