Sortzaileen ahotsa isilarazteko makina

Freemuse erakundeak txosten batean bildu ditu iaz munduko 78 herrialdetan adierazpen askatasunaren kontra izandako erasoak. Espainia izan zen artista gehien espetxeratu zituen herrialdea. Egoera okerrera egiten ari dela salatu dute.

Mozal legearen aurkako protesta, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Adierazpen askatasuna munduko herrialde guztietan nola dagoen aztertu du Freemuse taldeak The State of Artistic Freedom 2018 txostenean. Martxoan argitaratu zuten, eta iaz 78 herrialdetan izandako adierazpen askatasunaren 553 urraketa aztertu dituzte. Nabarmendu dute Espainia dela musikari gehien espetxeratu edo auzipetu dituen herrialdea. Freemuse nazioarteko erakunde independente bat da, adierazpen askatasunaren defentsan lan egiten duena.

«Ahots kritikoak isilarazteko mundu osoko kultura berri bat dugu aurrean; munduko herrialde guztietan adierazpen artistikoa mugatzen ari dira, baita Mendebaldean ere», ohartarazi dute. Ikerketako datuen arabera, astero artista bat espetxeratu zuten iaz; orotara, 48 artistak 188 urteko zigorra jaso zuten.

Sortzaileak isilarazteko bide anitz badaude ere, hauek dira, txostenak jasotzen duenez, 2017an gehien errepikatu zirenak: 48 artista espetxeratu zituzten, 57 auzipetu, 5 bahitu, 50 atxilotu eta 88 jazarri edo mehatxatu, eta 246 zentsura kasu egon ziren. Musika izan zen kalterik handiena jasan zuen arte diziplina: 288 kasu. Haren atzetik ditu zinema eta arte eszenikoak: 131 eta 110 kasu, hurrenez hurren. Horrez gain, urraketa gehienak herrialdeetako gobernuek egin dituzte: %63.

Txostenak frogatu du arte adierazpenaren kontrako erasoen joera goranzkoa dela, eta «kezkagarritzat» jo du hamar herrialdetan adierazpen askatasunak izan duen bilakaera. Espainia, Txina, Kuba, India, Iran, Israel, Mexiko, Polonia, Venezuela eta Estatu Batuak dira, eta erakundeak gomendatu du «arreta jartzeko» horietan. «Artistak mehatxuen, jazarpenaren eta espetxearen bitartez isilarazten dituzte», salatu du.

Iaz artista edo artelan gehien zentsuratu zituzten herrialdeen artean Frantzia da bigarrena, Uzbekistanen atzetik eta Aljeriaren aurretik. Antzerkiaren eta zinemaren kontra egiteagatik ere agertzen da Frantzia txostenean: antzerkiaren kontrako eraso gehien egin zituen Europako herrialdea da, eta bosgarren tokian dago film gehien debekatu zituztenen artean. Horrez gain, Europan LGBT artisten aurkako eraso gehien egin zituzten herrialdeen zerrendan ere badago, Errusiarekin, Espainiarekin eta Turkiarekin batera.

Espainian jaso dituzten datuak ere kezkagarriak dira: 2017an artista gehien espetxeratu zituen herrialdea izan zen, eta atzetik ditu Txina, Iran, Egipto eta Turkia. Orotara, iaz hamahiru musikari espetxeratu zituzten Espainian. Horrez gain, sortzaile gehien auzipetu zituzten herrialdeen zerrendan hirugarren tokian dago; lehenengo eta bigarren postuetan, berriz, Egipto eta Etiopia daude. Ez dira gutxi izan Espainian azken hilabeteetan egondako zentsura kasuak. Besteak beste, otsailaren 21ean Madrilgo epaile batek Nacho Carreteroren Fariña liburua bahitzea agindu zuen, O Groveko alkate ohiaren ohoreari kalte egiten ziolakoan. Egun berean, Santiago Sierra artistaren Preso politikoak gaur egungo Espainian artelana Arco azokatik kendu zuten, Ifema fundazioaren eskariz. Maiatzean, berriz, Evaristo Paramos abeslariari salaketa jarri zioten, kontzertu batean Polizia iraintzeagatik.

Kataluniako auziak ere izan du eraginik adierazpen askatasunean. Freemusek azpimarratu du Espainiako Gobernuak egoera baliatu duela zenbait artista isilarazteko. Beste arazo politiko batzuk ere aipatu dituzte: Israel eta Palestinaren arteko gatazka, Kurdistangoa... Horietan guztietan artisten askatasuna mugatu dutela diote ikerketan.

Kataluniako kasuan, hainbat adibide zerrendatu dituzte: iazko irailean, Cesk Freixas eta Pep Gimeno El Botifarra abeslarien kontzertuak bertan behera utzi zituzten, PPren eskariz, «propaganda katalanistako ekitalditzat» hartzen zituztelako. Abenduan, berriz, La Insurgencia rap taldeari bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isuna ezarri zizkioten, terrorismoa goratzea leporatuta.

Rap kantariak jo puntuan

Hain zuzen ere, rap kantariak izan dira azkenaldian Espainian gehien zentsuratutako artistak. Freemusek herrialdean aurkitu dituen kasuen artean, espetxeratutako guztiak, auzipetutakoen %66 eta jazarrien erdia rap kantariak dira. «Haien kontrako etengabeko erasoek nazioarteko itunak urratzen dituzte», salatu dute dokumentuan. Bereziki ezaguna da Jose Miguel Arenas Valtonyc rap kantariaren kasua: Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zion otsailean, haren abestietan terrorismoari gorazarre egin eta Koroari irainak eta mehatxuak egiteagatik.

Bestalde, Freemusek ohartarazi du Europako herrialdeetako gobernuak terrorismoaren mehatxua aitzakiatzat erabiltzen ari direla adierazpen askatasunaren kontrako erasoak justifikatzeko. Horrekin lotuta, Espainiako Gobernuak 2015ean egindako Zigor Kodearen erreforma ere aipatu dute. «Terrorismoaren kontrako legeria gogortuz,herrialdearen adierazpen askatasuna ahuldu dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.