Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Hasi da festa

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Luze joan da oso, azkenekoz txapelketa nagusiak sorrarazten duen zirrara azalean sentitu genuen garaitik igaro den denbora tarte gorabeheratsua. Atzera begiratu, eta oso urrun ikusten da, historiaurrean kasik, 2017ko udazkeneko edizioa. Gauza batzuk ez dira aldatu, ordea: lehenengo saiotik aretoak entzulez lepo, kantatzen duena edonor izanik ere sarrerak lortzeko zailtasunak (zer esanik ez finalerako), bertso tribuko lagun zaharrak agurtzeko aukera, eta, guztiaren gainetik, puntuen dantza.

Iruñean jokatuko da finala, abenduan; urrun dago saio nagusia oraindik ere, baina bertan kantatzeko txartela lortzeko borrokak zer eman dezakeen ikusten hasi gara lehenengo asteburutik. Getxon erakustaldia eman zuen Alaia Martinek, adibidez, eta, finalerdietan kantatzeko txartela lortzeaz gain, finalerako hautagai sendoa izan daitekeela ere argi erakutsi zuen, urteen joanean bertsogintzan heldutasun bat lortu ostean, aurtengoa bere urtea izan daitekeela iradokiz. Nerea Elustondoz eta Agin Laburuz ere antzekoa esan liteke: hamaika gudutan aritutako bertsolariez ari gara, eta ondotxo dakite aurten gutxienez bi aurpegi berri izango dituela finalak. Bi, edo gehiago. Euren burua inoiz baino aukera serioagoekin irudikatzea ez da ameskeria. Atzeraxeago sailkatu ziren Oihana Bartra, Unai Mendizabal eta Peru Abarrategi. Aditu matematikariek dioten aurreikuspena betetzen bada, Oihana Bartraren puntuazioaren buelta horretan egongo omen da aurrera egiteko langa. Ikusiko dugu.

Igandeko Arrasateko saioan Nafarroako bertsolariak izan ziren nagusi. Herrialdeko txapelketan ondo aritu ostean zalantzarik baldin bazegoen txapelketa nagusian zer-nolako maila emango zuten Saioa Alkaizak, Joanes Illarregik eta azken orduan bere burua oholtza gainean ikusi zuen Xabat Illarregik, bizkor uxatu zituzten zalantza horiek. Joanes Illarregik segurtasun harrigarriz ondu zuen bertsoaldi bakoitza, bere jarduna kartzelako lan sinesgarriarekin borobilduz. Auskalo noraino irits daitekeen leitzarra. Saioa Alkaiza izan zen bigarren, puntu gutxi batzuk atzerago. Bere estiloan aritu zen egungo Nafarroako txapelduna, beretik asko emanaz une oro. Iñaki Apalategik aurrera egiteko aukerak dauzka. 10eko txikian erakustaldia eman zuen, zenbait ariketatan gorabeherak izan bazituen ere. Xabat Illarregik azken orduan egin zuen oholtzara jauzi, eta, Arrasaten ikusitakoaren arabera, azken hilabeteak ez ditu besoak gurutzatuta pasatu, anaiaren prestaketaren aitzakian, agian. Segurtasun harrigarriz kantatu zuen saio osoan zehar, eta, ariketaren batean pixka bat beheragotik kantatu zuen arren, maila oso onean aritu zen oro har. Miren Amuriza izan zen Arrasateko saioan bere mailatik urrunen aritu zen bertsolaria. Lehenengo ofiziotik hasita, kosta egin zitzaion bertsoaldiek aurrera egin ahala bere lekua aurkitzea, eta azkeneko puntuazioan islatu zen hori. Gorka Pagonabarragari dagokionez, arratsaldeko ateraldi on batzuk bereak izan ziren, baina akatsak ere egin zituen. Ezin zaio gehiago eskatu bere lehenengo parte hartzean, edozein kasutan.

Hasi da festa; hori bai, hasi besterik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.