Artearen lekuak. Oteizaren Klarion Laborategia

Klarion pusken atzean, hainbeste

Jorge Oteizaren azken sormen abentura izan zen 'Klarion Laborategia' seriea. 1972tik 1974ra bitartean material bakunekin egindako 101 obra ikus daitezke Oteiza museoan. Toki hori bisitatzea eskultorearen obran murgiltzea bezala da.

Klarion Laborategia serieko artelanetako bat, Altzuzako museoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Altzuza
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Pieza txiki asko, zuriak, lauki formakoak gehienak, hainbat eratara pilatuta, kristal baten atzean kokatuta, gelaren albo batean, beste artelan askoren ondoan. Zure begietara, hain gutxi, eta, aldi berean, hainbeste. Gainontzekoa alde batera utzita, Jorge Oteiza bere estudioan aritu zen lanean zenbait urtez, buru-belarri, material bakunez inguraturik, esperimentatzen; sormen abentura horretan osatu zuen Klarion Laborategia entzutetsua, eta emaitza zure aurrean duzu orain, Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa): unibertso bat, klarion zatiekin. Eta artelanei begira, pentsatzen duzu, testuingurutik at, seguruenik, objektu horiek ez luketela esanahi handirik zuretzat. Txikiak baitira, artearentzat, berez, balio eskasa duten materialekin sortuak; zuriak, ñimiñoak, sinpleak, hutsalak. Baina, ez; Altzuzako museoa ez da edozein testuinguru, eta hara iristerako, Oteizaren mundu konplexuan murgilduta zeunden erabat. Oinak museoan jartzea izan da lehen urratsa, eta jada ez zegoen atzera bueltarik.

Eraikinean sartzea Oteizaren lanean murgiltzearen gisakoa baita, nonbait. Francisco Javier Saenz de Oizak artistaren obraren «metafora arkitektoniko bat» sortu nahi izan zuen, eta haren teoria eraikinean islatu. Ondorioz, eremu irekiak korridore, arrapala eta eskailerekin lotzen dira. Argiak itzalekin. Materiala hutsarekin. Leihoetatik sartzen diren argi printzak espazio ilunetan barreiatzen dira, eta karratu formako zuloek eremuen arteko loturak sortzen dituzte. Guztia, isiltasun erabatekoan. Soinu bakarra zure urratsena da: tap, tap, tap. Inguruari so zaudela, soinu horrek sentiarazten dizu Altzuzako museora joatea gainontzeko guztiaz deskonektatzea izan ohi dela.

Hala izan da gaurkoan ere: autoa aparkatu, irten, eta berehala sentitu duzu aldaketa; zaratarik ez, jenderik ez, belar usaina, txorien kantua. Hiriari itsatsita baina naturaren erdian baitago tokia.

Barruan, bi langile gazte prest zeuden heltzen zirenak maitekiro hartzeko -arratsalde on hitzen tonuarengatik nabaritu diezu-; gaurkoan hutsik dago museoa, ordea. Zu zara bisitari bakarra. Haiek emandako informazio orrian irakurri duzu solairu nagusiko instalazioek ibilbide kronologiko bat eskaintzen dutela eskultorearen garai batetik bestera. Aurrerantz jo duzu jarraian.

Korridorea zeharkatuta, erakusketa espazioetara heldu zara. Lehenik, eskultorearen hasierako lanetako batzuk ikusi dituzu, itxura primitibokoak, materia biluzia erakusten dutenak, haren lan ezagunenen itxuratik urrun diruditenak. Hurrengo multzoan Arantzazuko basilikako (Gipuzkoa) garaikoak daude; Oteizak inoiz egin zuen obra publikorik garrantzitsuena da hori, estetika erlijiosoaren XX. mendeko berrikuntzaren ikurra. Hor ikusi dituzu apostoluen buruak, frisoa... Jarraian, artistak irudi geometrikoen desokupazioarekin esperimentatu zuen garaiari eskainitako ataletik pasatu zara; eta, azkenik, hurrengo espaziora sartzeko irekiera karratua zeharkatuz, Laborategi Esperimentalera iritsi zara. Lehen begiratuan sumatu duzu itxura desberdina zela aurrekoarekin alderatuta: obra gehiago zeuden, baina oso txikiak ziren —fisikoki behintzat—. Eskultorea 1950etik 1959ra aritu zen proiektu horretan lanean. Espazio horren albo batean, Klarion Laborategia serieko piezak topatu dituzu. Haiei begira zaude orain.

Bigarren esperimentazio garaian sortu zituen Oteizak obra horiek, 1972 eta 1974 artean, materiarekiko bere gaitzespenaren garai gorenean; horregatik aukeratu zuen klariona, bai eta papera, aluminioa edo kartoiaren gisako materialak ere, adierazkortasun gutxikoak guztiak. 1950eko hamarkadan, material horietara hurbildu zen, baina Klarion Laborategian landu zituen osoki. Bi esperimentazio garaietan, guztira, 2.400 pieza sortu zituen; museoan 700 daude, eta 101 bigarren garaikoak dira. Gaur, pieza horiek jada ez dira gehiago klarion, edo paper, edo aluminio, edo kartoi; artelanak baizik.

Lan horiekin artistak bere izatea azaleratzen zuen. Honako hau idatzi zuen Oteizak berak proiektuari buruz: «Nire Klarion Laborategia bisualki pentsatzeko eta jokatzeko diziplina bat da. Logika hutsa. Formak daude eta ni naiz. Nire lanaren emaitza ni nintzen, neure burua aztertzen nuen. Gorde ditudan obra guztiak, egin ditudan guztiak, hutsik geratu dira egin eta aztertzerakoan. Ez zen eskultura, ni nintzen egiten zena».

Abstraktutik konkretura igarotzea; ideiatik formara. Hori zen eskultorearen helburua material horiek lantzean: inora iristeko asmorik gabe, prozesuan zentratzea. Esperimentatzea, adierazteko behar aseezinari erantzuteko.

Galderak

Baina, nola sor lezake inork hain prozesu artistiko eta pertsonal sakona horren material bakunetatik abiatuta? Galdera hori egiten duzu zeure baitarako korridorean atzera museoaren aterantz zuzentzen zarenean, inguruari so, isiltasun erabatekoa hausten duten zure oin hotsak entzuten dituzularik. Tap, tap, tap. Galdera ikurrak nonahi. Zalantzak ziurtasunak baino handiagoak izan ohi dira Oteizaren lanari dagokionean, baina ezagutzea eta esploratzea aberasgarria da beti. Are gehiago Altzuzakoa bezalako txoko batean bada.

'KLARION LABORATEGIA'
Egilea: Jorge Oteiza
Urtea: 1972-1974.
Lekua: Oteiza museoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.