Barrikak birziklatu etxeak argiztatzeko

Upel birtziklatuekin lanparak egiten dituzte Prieto aita-alabek, Nafarroako Zabal herrian. Aitaren zurgintza ezagutzak eta alabaren diseinu jakintzak batu dituzte Baku Barrikupel familia negozioan. Horrela, zaborra erabilgarri bihurtzen dute.

Amaia eta Jesus Prieto, Baku Barrikupel familia negozioko sortzaileak. I. Z. / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Zabal
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Oharkabean pasatzen da Zabal herri txikian dagoen etxea (Nafarroa). Lantegi bat dago etxabean, eta han aritzen dira Jesus Prieto eta Amaia Prieto Atxotegi. Aita-alaba dira. Amaia Prietok diseinu ikasketak amaitu berri ditu, eta Jesus Prieto zurgina da. Biek dituzten ezagutzak eta kezkak batu, eta material birziklatuarekin egurrezko lanparak egiten hasi dira, Baku Barrikupel familia negozioan.

Bi arrazoi nagusirengatik hasi ziren elkarlanean. Batetik, Lizarrako denda batean lan egiten zuen Jesus Prietok: «Azken krisia etorri zenean, etorkizunik ez zegoela ikusi nuen». Bestetik, Amaia Prietok ez du argi zergatik hasi zen. Baliteke aita lanean ikusi eta zaletasuna piztu izana, edo, agian, ikasle garaiko esperientziak eraman du horretara. «Graduan ez genuen diru askorik, eta materiala zakarrontzitik ateratzen genuen», esan du Amaia Prietok.

Hiru material erabiltzen dituzte: barrikak, plastikoa eta pinu kontratxapatua. Material guztiak birziklatuak dira, elektrizitatearekin zerikusia duena izan ezik, legediak ez duelako baimentzen. Materiala jasotzeko orduan, momentuz enpresengana jotzen dute edota zakarrontzitik ateratzen dute. Esate baterako, barrikak birziklatzen dituen upelgile batekin harremanetan jarri dira materiala eskuratzeko. Birziklatua izateak duen berezitasuna azpimarratu du Amaia Prietok: «Materialak pieza bakoitzari toke berezi bat ematen dio; denak desberdinak dira, material bakoitza guztiz desberdina delako. Beraz, lanpara bakoitza bakarra da».

Lanpara familiak

Baku Barrikupel familia negozio bat da, eta lanparak familiaka sailkatuta daude. Hiru familiek osatzen dituzte lanparak: Osoak, Poloniak eta Gaztek. Formaren arabera sailkatuta daude, eta lanpara bakoitzak izen bat eta istorio bat dauka atzean. Esate baterako, Laika lanparari izen hori jarri zioten suziri baten antza duelako. Beste batzuek, berriz, Poloniako hirien izenak dituzte, Amaia Prietok han ikasi zuelako. Beraz, izen bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta Baku Barrikupelek ere badu berea. «Baku da izena, eta Barrikupel abizena», azpimarratu du Amaia Prietok. Abizenak barrikei erreferentzia egiten die, baina beste material batzuk erabiltzeko prest daudela gehitu du Jesus Prietok: altzairua, beira eta plastikoa. «Helburua salbatzea da, zakarrontzira ez joateko lan egitea, zakarrontzian ez galtzeko. Beste materialekin jolastea gustuko dut, zurgina naiz, baina material interesgarriak ateratzen badira eta sormenezko proiektu bat bada, probatu nahi dut». Material nagusia aldatzekotan abizena aldatuko litzatekeela diote.

Horiek ez dira etorkizunerako dituzten ideia bakarrak. Bezeroak lantegira gerturatzea nahi dute, bertan nola lan egiten duten ikusi ahal izateko eta materialak ukitzeko. «Ikus dezatela ez dagoela trikimailurik», esan du Jesus Prietok. Horretarako, lantegia berritzen ari direla gehitu du: «Elkarrekin komentatzen ibili gara, eta agian kamera bat jarriko dugu, jendeak behin produktua erosita, nola egiten dugun ikusi ahal izateko. Bezero bakoitzetik istorio bat egiten badugu, primeran». Dagoeneko batzuk gerturatu direla nabarmendu dute.

Hala bada, bezeroak lantegian bertan jasotzeko prest daude. Momentuz, lanparak saltzeko erakusleihoa sarean dute, webgunean eskegita. Dagoeneko elkarrekin egin duten diseinu fasea amaitu dute. Guztira, 17 modelo aukeratu dituzte, eta gehien-gehienak hainbat modutara jarri daitezke: bertikalki, horizontalki edota zintzilik. Horren arrazoia nabarmendu du Jesus Prietok: «Lanparek bizitza bat baino gehiago izatea nahi dugu; jendea ez dadila haiekin aspertu eta berehala zakarrontzira bota. Aspertzen badira, beste aukera bat eman diezaietela, beste posizio edota toki batean jarrita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.