Tragedia moduan lehenik

Protagonistaren barne nahiz kanpo borrokak eta aztertzen dituen historiako pasarteak tartekatzen ditu Leila Aboulela idazleak 'The Kindness of Enemies' nobelan (Etsaien adeitasuna, 2015).

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Aitaren aldeko kultur ondare guztia (hizkuntza, erlijioa), aita bera bezala, Khartumen (Sudan) utzi zuen. Abizena ez du Hussein jadanik, Wilson baizik, amaren bigarren senar eskoziarrari esker. Izena, berriz, ezin zuriagoa eta kristauagoa du, Natasha, ama errusiarraren opari. Bere ikergaiak pizturiko interesa dela medio, Aberdeengo unibertsitateko Historia sailean etorkizun oparoa izan dezakeen irakasleetako bat da, baina, badaezpada ere, bere helburu akademikoak bermatzearren, inor gutxik —batez ere musulman batek— nahiko lukeen ardura hartu du bere gain: muturreko ideologien menpe erortzeko arriskuan egon daitezkeen ikasleak monitorizatzea eta haien gaineko txostenak idaztea. Hala ere, terrorismoaren kontrako polizia unitateak haren ikaslerik argiena —bere izenak (Osama) eragiten dion ezinegonagatik bere burua Oz moduan aurkezten duen gaztea— atxilotu ostean bere bulegoa miatzera azaldu zaizkionean, erabateko hoztasuna zabaltzen da haren inguruan. Abegikortasun handiz tratatu izan duen sailburuak mesfidantzaz galdetzen dio zergatik ez dagoen Ozen gaineko txostenik, eta exijitzen dio hura lehenbailehen idazteko, bere izena eta, batez ere, unibertsitatea istilutik kanpo gera dadin.

Oraingoan, ordea, Natashak ez du inoren agindurik bete nahi, ezta horrek bere helburu akademikoak kolokan jartzea ekar badiezaioke ere. Jakin badaki Oz errugabea dela, bere kontrako kargu bakarra delako Estatu Islamikoaren entrenamendu gidaliburua ordenagailuan deskargatu izana, eta hori bere eskolarako idazten ari zen saio baterako egin zuen. Ziurrenik, txostenak idatzi zizkien ikasleak ere errugabeak ziren, baina horretan ez da sartzen. Ozekin eta haren ama Malakekin harreman estua du; benetan gogoko ditu, eta, gainera, ikergai duen Shamil Dagestango hirugarren imamaren ondorengo dira.

Dagestan, Txetxenia eta Zirkasia jomugan zituen Errusiaren asmo espantsionisten kontra erresistentzia kanpaina antolatu zuen Shamilek XIX. mendean. Kaukasoko tribuak batzea lortu zuen horretarako, haien artean zatiketa eragile zen odol-mendekua debekatuz eta sufismoaren praktika zabalduz. Horretatik abiaturik, Shamilek Errusiaren inperialismoaren kontra zuzendu zuen jihada Al-Qaedaren zein Estatu Islamikoaren jihadarekin konparatzen ditu Natashak bere lanean. Bere ondorioa da baten zein besteen atzean dagoen ikuspegia arras ezberdina dela. Shamil ez zen heriotzara arte borrokatu; bakea onartu zuen, eta gerra galdua zuela onartu. Norberaren akatsak onartzea Islamaren oinarri den justizia bezain garrantzitsua dela sinesten zuen Dagestaneko imamak.

Jamal eta Anna

Leila Aboulelaren (Kairo, Egipto, 1964) The Kindness of Enemies nobelak (Etsaien adeitasuna, 2015) tartekatu egiten ditu Kaukasoren eta, oro har, Europaren bilakaera geopolitikoari begira eragin sakona izan zuten Shamilen kanpainen nondik norakoak, eta Natashak bere buruarekin eta inguratzen duen errealitatearekin dituen borroken kontakizunak. Iraganeko gertaerak orainaldian zein formatan azaltzen diren aztertu ez ezik —Marxen esanetan, historia errepikatu egiten da, «tragedia gisa lehenik, fartsa gisa ondoren»—, lanak hainbat kulturaren, hainbat errealitate politikoren intersekzioan existitzen diren bizitzen eta nortasunen gaineko gogoeta ere eragiten du.

Natasha ez da bere buruarekin gerran dagoen bakarra. Shamilen seme Jamal al-Din ere bidegurutze batean dago, nora jo ez dakiela. 1839an, haur bat besterik ez zela, aitaren eta errusiarren artean gaizki joandako negoziazio batzuen ostean, errusiar armadak bahitu, eta tsarraren jauregira eraman zuten. Nekazari batzuen etxean lehenik, eta gortean ostean, Jamal al-Dinek Errusian igaro ditu gaztaro osoa eta helduaroko lehen urteak. Hitz gutxi batzuk kenduta, bere lehen hizkuntza zena ahaztuta dauka, eta heziketaz ere errusiarragoa da avarra baino. Aitarengana bueltatzen denerako, tokiz kanpo ikusten du bere burua; Errusian ezaguturiko bizimoduarekin konparatuta, mendikoa latza eta atzeratua begitantzen zaio. Hala ere, jakin badaki Errusian ez dutela inoiz erabat onartuko. Berdin du zeinen ondo integratu den gizartean; errusiarrentzat beti izango da etsaiaren semea, eta tsarrarentzat Kaukaso betiko kontrolpean mantentzeko pieza gakoa.

Anna Txavtxavadze, Jamal al-Dinen itzulera ahalbidetzen duena ere antzeko egoera batean dago. 1854an Shamilen gizonek bahitu egiten dute Georgiako basetxean familiarekin batera uda igarotzen ari denean, Errusiako gortearekin harreman estua duen printzesa bat haien menpe izateak Jamal al-Dinen askapena eta Kaukasorako negoziazio baldintza hobeak lortzen lagunduko dielakoan. Shamilen jendearekin igarotzen dituen hiru hilabeteetan bizimodu erosorik ez du ezagutuko Annak, baina haien gatazkaren nondik norakoak hobeto ulertzeko balioko dio. Azken batean, bere familiak ere erabaki gogorrak hartu behar izan zituen Errusiaren presioaren ondorioz. Bakeari eustearren, koroa eta lurraldea azken horren esku utzi behar izan zituen bere aitonak, George XII.a Georgiako azken erregeak. Senarrak oztoporik gabe egin du bere errusiar kultura, armadan gora egitearren batik bat; Moskun igarotako urteek, ordea, ez dute Annaren georgiar nortasuna apaltzerik lortu. Shamilen jendearekin dagoenean Dagestanen borroka Georgiaren borroka izan daitekeela konturatzen da, avarren askatasuna georgiarrena ere bihur daitekeela.

Gaur egungo Kaukasoari begira, Shamil, Jamal al-Din, Anna Txavtxavadze, Natasha, Oz, eta Malaken historiek gogorarazten dute zeinen errealitate konplexuak sor ditzaketen fedeak, nazionalitateak, politikak eta historiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.