Gastronomia

Txingar zaporea duten platerak

Otogoien herriko Borda Berri erretegiak sukaldaritza tradizionala eta modernoa uztartzen ditu, eta parrilla da erretegiaren bereizgarria. Bazkariak ematen dituzte bakarrik; karta ez ezik, eguneko menua ere eska daiteke.

Alvaro Bustero sukaldaria da erretegiaren arduradunetako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Otogoien
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Duela 25 urte ireki zituen ateak Borda Berri erretegiak, eta, ordutik, «plateretan islatzen den zoriontasunaren eta harmoniaren etengabeko bilaketan» dabiltza hango langileak. Hain justu, Otogoienen (Araba) dago erretegia, eta Alvaro Bustero eta Mitxel Suarez dira sukaldariak. Haien trebeziari esker, sukaldaritza modernoa eta tradizionala uztartzen dituzte plateretan, baina bada «ezinbestekoa» den bereizgarri bat, Busterok nabarmendu duenez, behintzat: produktu gehienak parrillan egiten dituzte, eta txingarrak ematen die platerei zaporea.

Larre berdeek inguratzen duten baserri baten itxura dauka eraikinak, eta egurrezko habeek eusten diote harriari barrualdean, dekorazioak ukitu modernoak baldin baditu ere. Busteroren arabera, «oso leku atsegina da», eta, gainera, eguraldi ona eginez gero, terrazan esertzeko gomendatzen diete bezeroei, «ikusgarria» dela nabarmenduta. Are, erantsi du antzinako borda baten arrastoak ere badaudela.

Era horretan, gertuko zerbitzu bat ematea dute asmo erretegian, eta, horretarako, bezero bat sartu orduko, barran egiten diote ongietorria. «Aukera asko ditu bezeroak; bazkaltzera etor daiteke, edo mokadu bat jatera: txibierroak, kroketak, oilasko hegalak… Berdin du zertara datorren, bezeroari tratu ona ematen zaio beti», azaldu du sukaldariak. Gainera, tokiko ekoizleekin eta produktuekin egiten dute lan, bezeroek kalitatezko produktuak dastatu eta «esperientzia goza dezaten».

Zerbitzu hori emateko, goizean goizetik hasten dira lanean Borda Berriko sukaldariak. 09:00etarako iristen dira lanera, dena «prestatu eta antolatzeko». Hala ere, Busterok zehaztu du bakarrik bazkariak ematen dituztela, aukera asko eskaintzen dituzten arren eguerdiko kartan: «Plater tradizionalen artean, babarrunak eta arrain zopa ditugu, besteak beste. Gainerako plater gehienak parrillan egiten ditugu, kalitatezko haragi eta arrainekin». Are, sukaldariak aitortu du «kostatuko litzaiokeela» bezeroari gomendatzeko plater bakar bat aukeratzea, baina zehaztu du bezeroa ezin dela joan parrillan egindako plater bat probatu gabe: «Eskaintzen artean, bisigua edo lupia ditugu, parrillan eginak. Galiziako haragi txuleta ere goxo-goxoa da». Are, eguneko menua ere eskaintzen dute.

Ospea handitzen

Azken hilabeteetan, ospe handiagoa lortu du Borda Berri erretegiak. Euskal Herriko Pintxo Txapelketako lehen saria irabazi zuten joan den urrian. Suarezek parte hartu zuen Borda Berri erretegiaren izenean, eta Txingurri pintxoarekin eskuratu zuen lehen saria. Busterok argi dauka horrek ospea eman diola jatetxeari: «Pintxo txapelketari esker, jende askok ezagutu du erretegia. Hainbat komunikabidetan agertu ginen, ahoz aho zabaldu zen... Sari hori irabazteak asko lagunduzigun». Gaineratu du pintxoa erretegian dastatzeko aukera badagoela oraindik, eta jende asko horretara joaten dela, hain zuzen ere.

Bitxia badirudi ere, pandemiak eragindako konfinamendu osteko garaiak mesede egin zion erretegiari. «Guk zortea izan genuen: gasteiztar asko etorri zitzaizkigun Arabatik irten ezin zenean. Jende askok orduan ezagutu gintuen, eta horietako asko itzuli egin dira. Gasteizko jendea etortzen zen batez ere gure terrazara», esplikatu du Busterok.

Dena den, ez du uste lortu duten ospea pandemiarengatik edo pintxoarengatik bakarrik izan denik, eta ziurtatu du «gauzak oso ondo egiten» ari direlako izan dela. Horregatik, «orain arte bezala» jarraituko dute: «Gero eta jende gehiago etortzen da, eta asko pozten nau erretegira datozenek parrillan egindako produktuak eskatzeak, eta gustura jaten dituztela ikusteak ere bai; hori baita daukagun onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.