Albistea entzun

Ignacio Martinez Garcia. Abokatua

«Sanofik erabaki zuen irabaziak lortzen jarraitzea»

Sanofiren aurka auzibideak martxan dituzten familien kasuak daramatza Martinezek. Botika konpainia handia da, eta aski zaila dela aitortu du: desorekatua. Baina ari dira aurrera egiten.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko maiatzak 24

Murtzian (Espainia) du bulegoa Ignacio Martinez Garciak, eta hark daramatza Depakine botika hartu zutelako Sanofiren kontra auzibideak abiatzen ari diren familien kasuak. Handik solastatu da BERRIArekin, aurki kasu gehiago auzitara eramateko prest, besteak beste Euskal Herriko familienak. Madrilen aurkeztuko dute auzi eske hau ere, aurrekoen gisan.

Martxoan, aldeko sententzia bat izan zenuten. Zer dio?

Muinean, ebazpen horrek zera dio: Sanofik bazekien, hasieratik, teratogenoa dela botika, eragina duela umekietan, eta, makinak geratu beharrean, irabaziak lortzen jarraitzea erabaki zuen: botika saltzen jarraitzea. David eta Goliathen arteko borrokez hitz egiten da usu halakoak deskribatzeko, baina kasu honetan zinetan halaxe da: Sanofik baliabide asko ditu auzibide honetarako, eta ni artisau bat naiz ia. Astiro-astiro joango naiz; hiru kasu sartu genituen lehen, eta beste horrenbeste sartuko ditugu orain. Ez dira batere auzibide errazak.

Aldeko sententziarekin, irabazitzat har daiteke lehen auzi hori?

Ez. Sententziaren kontrako helegitea jarri du botika konpainiak, eta helegitea jarri dugu guk ere. Egia da arrazoi ematen digula, baina kasuetako bat preskribatutzat eman zuen. Kalte ordain batek ere handiagoa izan behar zuela uste dugu, eta horregatik jarri dugu guk ere helegitea. Beraz, oraindik ere edozer gerta daiteke.

Baina ja epai batean zuei arrazoia eman izanak zer eragin izango du?

Sakonean zera dio: Sanofiko arduradunek erabaki zuten abisurik ez ematea, eta ia ezertxo ere ez egitea ia 2018ra arte, jakin arren zer egiten zuen farmakoak. Ikaragarria da. Eta hori da epaiaren oinarria. Eta sententziaren muin horrek, gainera, kalitate juridiko handia du: oso ondo eginda dago, eta irmoa da. Horren aurrean, konpainiak zera adierazi du, 80ko hamarralditik bazuela botikaren eragin teratogenikoen berri, baina susmoen berri ematen joan zela horiek egiaztatu ahala. Baina horrek ez du balio. Espainiako legedia argia da: susmoak izan orduko, neurriak hartu behar dira, eta epaia argia da horretan. Jakina, oinarri hain argiak dituen epai bat alde izateak haizea alde dugula jartzen gaitu, nolabait ere.

Beraz, bidea samurtzen duen zimendu bat duzue?

Hori da. Gainera, tarte honetan zera gertatu da: urtarrilean Pariseko Gorte Judizialaren sententzia batek ere Sanofi zigortu zuen.

Eta ez da Frantziako justiziak emandako lehen ebazpena...

Ez. Hala ere, sententziarik argiena Madrilen martxoan emandakoa da. Frantzian ere poz handiz hartu dute, oso argia delako.

Talidomidaren ondorioz malformazioekin jaio ziren pertsonen kasuak ere eraman dituzu. Antzekotasunak badira orain bideratzen ari zaren kasuokin?

Asko. Talidomida, adibidez, berez 60ko hamarraldian ja erretiratu egin zen mundu osoan, baina guk gero egiaztatu genuen Espainian, adibidez, 1985 arte errezetatu zela. Eta Depakineren kasuan ere oso ume txikien berri badugu. Eta hor bada osasun sistemen ardura. Behin ja haurdunaldiak 2015etik, edo bereziki 2018tik aurrera gertatu zirenean ja Sanofiri ezin zaio deus egotzi, ja egina baitzuen argi Depakine hartzeak duen arriskuaren gaineko ohartarazpena. Horregatik, kasu horietan ez dugu egingo botika etxearen kontra...

Baina badira kasu oso berriak?

Bai. Bi kasuren berri badut nik. Bi ume oso txiki ditut.

Gehienak nerabe eta gazteak dira egun, ezta?

Zuzen ari zara. Adin buelta horretan dabiltza gehienak. 2002-2004. urteetan jaioak dira asko.

Eta ordurako ondo ezagunak ziren botikaren arriskuak...

Jakina. Eta badira kasu aski larriak, autismoarekin-eta lotuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bilboko elkarretaratzea, gaur iluntzean; dozenaka lagun bildu dira. ©Marisol Ramirez / Foku

«Nekropolitikari» egotzi diote sarraskia Euskal Herriko protestetan

Maite Asensio Lozano

Melillako biktimen senideei elkartasuna helarazi diete, dozena bat tokitan egindako mobilizazioetan.

Irungo alarde parekidea, atzo. ©JON URBE / FOKU
COVID-19aren aurkako Moderna txertoa ©Idoia Zabaleta /Foku

Omikronaren aldaera berrietara egokitutako txertoek immunitatea handitu dezaketela adierazi dute

Edurne Begiristain

Koronabirus kasuen gorakada dela-eta, toki itxietan maskara janzteko gomendioa eman du Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak.

Donostiako Udaltzaingoaren auto bat. ©JON URBE / FOKU

Donostiara bidalitako udaltzain berri ia guztiak erdaldun elebakarrak dira, LABek salatu duenez

Julen Aperribai

Sindikatuak udalari eskatu dio bere lan poltsa osatu dezala, udaltzainek bete beharreko hizkuntza eskakizunak aintzat hartuta. Egoera bera urtero errepikatzen dela ohartarazi du, baina urtetik urtera gehiago direla euskaraz ez dakiten udaltzainak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...