Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Ikerketatik heldulekurik?

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19aren inguruko berriak gure egunerokotasunean ezarri direnetik lerroburu askotan agertu dira ikerketarekin loturiko berriak. Aurrerapen zientifikoetan jarri du gizarteak egoera gainditzeko bere esperantza nagusia eta datu-analisiak lagunarteko hizketaldietan gai bihurtu dira. Gutxitan bezala hitz egin da unibertsitatez kanpoko eremuetan metodo zientifikoaz, artikuluek argitaratu aurretik pasatu beharreko iragazkiez, ikerketen denborez, eta abar.

Alabaina, koronabirusak eragindako krisiaren ondotiko ikerketak eremuen arabera oso bolumen eta eragin desberdina izan dute. Fernando Trujillok, zenbait taldekiderekin batera, txosten bat aurkeztu du pandemia garaian hezkuntzaz egindako ikerketen inguruan eta bertan azpimarratzen du hezkuntza arlotik artikulaturiko ikerketa proiektuak eta aurreikusten diren artikuluak kopurutan nabarmen txikiagoak direla medikuntza, biologia edota farmazia moduko jakintza-arloetan baino. Eta hori deigarria da kontuan hartzen badugu osasun krisi honetan albokalte handia izan duen eremua dela hezkuntzarena, munduko ia ikasle guztiak etxeratu direla, eta gizartean kezka nabarmena badagoela gaiaren inguruan.

Euskal Herrira etorrita, datorren ikasturtearen antolaketan eskolak erabaki garrantzitsuak hartzen ari diren eta oraindik ere hartu beharko dituzten honetan, oso interesgarria litzateke bertoko ikerketa komunitatea gai bagina begirada zientifikotik udaberri honetan gertaturikoa ondo aztertu eta aurrera begira hezkuntza komunitateari intuizioetatik harantzagoko heldulekuak eskaintzeko. Identifikatu eta ezaugarritu beharko lirateke zeintzuk gai edo aspektu diren hezkuntza komunitateko eragile desberdinentzat lehentasunezkoak, eta ondoren zabaltasun eta sakontasun desberdinetako azterketak egin.

Sortutako egoeraren izaera ezohikoak aukera eskaini ahal digu, gainera, ikerketa modu desberdin eta parte hartzaileagoekin esperimentatzeko. Unibertsitatea lotu ohi da eremu teorikoarekin eta eskola eremu praktikoarekin, askotan ez dira elkar aintzat hartzen, kosta egiten da ikerketak ondorioztaturikoa eskolak bere egitea eta eskolaren jakintza ikerketak jasotzea ere ez da ohikoa. Bi mundu horien arteko arrakala gainditzeko aukera polita izan daiteke oraingoa, etorkizunean beharko dugun jakintzak unibertsitatearen eta eskolaren ezagutzak bildu beharko ditu, eta eskolako eragile guztien ahotsak jasotzeak eta horien arteko entzute ariketak bideratzeak lagun dezake horretan. Ziur koronabirusak sorturiko testuinguru honetan abian jarri(ko) direla ikerketa handi edo txikiak, hala ere, eta ikerketa horien ondorioen zabalkundean ere sormenez jokatu behar genuke, egingo diren ikerketa guztiak bildu ahal izateko eta eskoletan eragin zuzen eta errazagoa izan ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.