Euskararen ulermena garatzen

Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz proiektuaren hirugarren ikerketa aurkeztu du: 'Uler-saioak' metodologian oinarrituta, 60 orduko saioetan, euskaraz gutxieneko ulermen maila lortzea du xede.

Besteak beste, Fagorren jarri da martxan egitasmoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin, 2010ean abiarazi zuten Aldahitz proiektua, eta horretan lanean jardun dute azken urteetan. Eusle eta Ulerrizketa metodologiei jarraipena egiteko sortu dute egitasmoaren hirugarren atala.

Uler-saioak aholkularitza gida moduko bat da, euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan solaskideren batek euskaraz gutxi edo tutik ere ulertzen ez duenerako. Aplikagarria da, era berean, ez ulertzeak euskarazko komunikazioa eragozten duen kasuetarako.

Metodologiaren helburua da, batik bat, euskara ulertzeko zailtasunak dituzten norbanakoek lehenbailehen ulermen gaitasun gutxieneko bat eskuratzea. Horrela, kalean eta eguneroko harremanetan euskaraz jarduteko aukera izan dezaten bermatu nahi da, nahiz eta horretarako ele biko elkarrizketen formatua erabili.

Aldahitz ikerketa - Uler-saioak metodologia. Ulermena gratzeko estrategia soziolinguistikoak du izena metodologia jasotzen duen liburuak, eta Pello Jauregik,Aldahitz proiektuaren zuzendariak, idatzi du.

Liburuko atal nagusia praktikara bideratuta dago, eta horretarako prestatutako ariketak azaltzen dira bertan.

60 orduko prozesua proposatzen du metodologiak, denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskuratu dezaten. Egunez eguneko programazio diseinua aurkezten da liburuan, eta horri lotutako jarduera pedagogikoa laguntzeko aholkuak ere ematen dira.

Lehenik eta behin, trebatzaile edo irakasle moduko bat behar da, hots, euskara errazean eta hiztegi sinplearekin hitz egingo duen norbait. Liburuan planteatutako ariketen bitartez, trebatzaileak etengabe probatuko du ikasleek ulertu duten edo ez.

Ariketa batzuk fisikoak dira, esate baterako, trebatzaileak aginduak emango ditu, eta ikasleek agindu horiek bete beharko dituzte. Horrela, trebatzaileak oso modu argian egiaztatuko du ea agindua ulertu duten. Metodologiak oso modu progresiboan egingo du aurrera, eta, hasieran trebatzaileak oso modu errazean hitz egingo duen arren, gero eta maila konplexuagoan arituko da. Ulermena garatzea denez xedea, metodologiak ez du zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna, eta ez du eskatzen hartzaileak euskaraz egitea ere.

Dena den, Jauregiren liburuak prozesuaren alde teorikoa ere lantzen du. Jauregik aipatzen dituzeintzuk diren bigarren hizkuntzaz jabetzeko prozesuaren gaineko teoria nagusiak, eta uler-saioak metodologiaren oinarri teorikoak ere azaltzen ditu. Gainera, ulermenaren garrantzia eta garapenaren gakoak azaleratzen dira, psikolinguistikaren eta hizkuntzalaritza aplikatuaren literatura espezializatuan oinarrituta.

Oraingoz, praktikan esperientzia gutxi batzuk bakarrik egin dituzte: Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean, Fagor Arrasate Donostiako lantegian eta Eibarko Armeria Eskolan. Irailetik aurrerahasiko dira martxan era orokortuago batean, lantegietan jarduten duten aholkularitza enpresekin zehaztu ahala.

Lanaren argitalpen digitala ere egin du klusterrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.