Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Xinjiangen geratuko diren istorioak

2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Michelle Bachelet giza eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak maiatzean Txinara egindako bidaiaren ostean azkenean argitaratu du ikerketaren emaitza: azken urteotan Xinjiangeko gutxiengo etnikoen giza eskubideak urratu direla salatzeko froga nahikoa dago. Nazio Batuen ikerketaren arabera, Pekinek terrorismoa errotik mozteko hezkuntza zentro boluntarioak besterik ez diren kartzela moduko horietan torturatu ere egin da; epaiketarik gabe sartu dituztenen artean indarkeria sexuala ere jasan duten emakumeak daude.

Ezkutatu diren istorioak edonon

Denok ezagutzen dugu norbait: poesia errezital batean ezagutu nuen bere ama urte batez desagertuta izan zuen alaba uigurra. Gerora jakin nuen azkenean askatu zutela; zentro berezi horietako batean izan zuten, ez senideekin ez abokatuekin harremanik izan gabe, urte luze batez, besterik gabe musulmana izateagatik. Etxetik gertu dagoen betiko tabernan ezagutu genuen Xinjiangeko beste gazte bat ere, han etniakoa: bere osabak zentro berezi horietako batean lan egiten zuelako familiarekin gatazka handia zuela azaldu zigun, eta, elkarrizketa batean kontatzea onartuko lukeen galdetu bezain laster, kezkatuta alde egin zuen, eta ez genuen gehiago ikusi.

Pekin autoz bost bat ordura dagoen estepan zaldiz ibiltzera joaten garenetik, gertuko dugu Xinjiangeko kazakhstandar bat ere: Dala esaten diote. Duela lau bat urte Xinjiangetik ihes egin, eta orain zaldi gida gisa egiten du lan. Bere hanken forman ikusten da txiki-txikitatik zaldian ibilia dela, belaunak normalean baino kurbatuagoak ditu, kanporantz, zaldien sabel borobilaren forman. Txikia da, ez da 1,60 metrora iritsiko; azal iluna du, eta beti presaka ibiltzen da alde batetik bestera bisitarientzat zaldiak prestatzen.

Animaliek errespetu handia diote, eta baten bat gaizki portatzen denean haserretu egiten da: garrasi egin, eta eskumuturra erakusten die, mehatxu eginez. Lau-zortzi ordu arteko ibilaldiak egiten ditu bezeroekin, galopean ibiltzen da alde batetik bestera, eta, norbait zalditik erori ezkero, hasieran kezkatu egiten da, baina ondo dagoela ikusi bezain laster, barre egin eta gero burla egiten dio erori denari, gauean denak afaltzera ostatura itzultzen diren arte.

Iritsi eta zaldiak deskantsuan utzi bezain laster, kanpoaldean barbakoa prestatzen du gehienetan: beti dago ardi errea nahi duen bisitari talderen bat. Eta su-garrek erdi itsutua eta izerditan dutenean, zerbeza bat ireki eta trago luze-luze bat hartuz hasten du gaua. Gehiegi edaten du Dalak, ia egunero. Batzuetan, mozkortu, eta neska guztiei bikotea duten galdetzen hasten da, baina ez du inork gaizki hartzen, ezagutzen dute. «Dala beti berdin...». Batzuetan, triste jartzen da, eta momentu horietan galdetu ezkero, hitz egiten du:

-Zu Xinjiangekoa zara, ezta?

-Bai, kazakha harro.

-Eta familia han duzu?

Baietz egiten du buruarekin, serio.

-Nola daude? Eta Xinjiang? Ez al duzu itzuli nahi?

-Oso gaizki dago Xinjiang.

Eta orduan hain iluna du begirada, duda sortzen zaio galdetzen ari denari, eta, enpatia badu behintzat, gaia aldatzeko ordua dela erabaki, eta zerbeza botila altxatuta, gidari topa egiteko keinua egiten dio, irribarrez. Estepako ostatuan inork ez du gai ilunik nahi; ez atzerritarrek, ez han etniako txinatarrek, ez kazakhoek ere. Inork ez du nahi Dalak alkohola dela-eta gehiegi hitz egiterik ere, hurrengo egunean damutuko baita. Jakina da gutxiengo etnikoentzat eraiki dituzten hezkuntza zentro horietako batean izana dela. Kazakha izanik musulmana da, baina ez du erlijioa praktikatzen; hala ere, izango ditu familian sarritan meskitara joaten zirenak, eta baditu inguruan zentro berezi horietatik pasatu diren ezagun eta gertuko asko ere.

Aurrerantzean ez dute meskitara astero bisita egingo, gobernuak Xinjiangen azken urteotan meskita gehienak suntsitu baititu; gainera, epaiketarik gabe kartzelatu dituzten guztiei sartu diete barne-barnean beldurra eta autozentsura. Etxean Korana izatea, edo bizar luzea edukitzea kartzela berezi horietara eramateko aitzakia nahikotzat ditu gobernuak, erradikalismoaren zeinutzat hartzen baitu islama edonola praktikatzea. Gobernuak dio zentro berezi horiek terrorismoa errotik mozteko hezkuntza zentro boluntarioak besterik ez direla. Baina Dalak ez du erlijioa praktikatzen, eta izan da zentro horietan, eta ez, inola ere, boluntario.

Urteak daramatza Xinjiangetik urrun, Pekinen iparraldera dagoen estepa horretan lan egiten, eta jendeak ez dio bere jaioterriaren inguruan galdera askorik egiten. Zaldien artean erdi ezkutatuta bizi da haren iragana, eta, horrela behintzat, badu bizitza erdi normal bat izateko aukera.

Autozentsura luzarorako barneratuta

Txinan bizi diren guztiek ezagutzen dute Xinjiangeko norbait: hamabi milioi dira, eta mendebaldeko eskualde handian jaioak; asko etortzen dira Beijingera ikasi edo lan egitera, eta hiriburuan erraza da uigur edo kazakh bat aurkitzea: hiriaren kanpoaldean zaldiz estepan, baina baita ostiral gauean tabernan, edo poesia errezitatzeko ekitaldi batean ere.

Asko dira Xinjiangeko iheslariek atzerritik salatzen dutena erreala dela erakusten duten istorioak, baina ezkutatuta daude, eta kameraren aurrean ez du inork kontatzen, noski. Gobernuak lortu du beldurra eta autozentsura den-denek barneratua izatea; tragedia hori urrunago bizi dutenek ere, galdera deserosoak geure buruan isilarazi egiten baititugu. Ez dugu inor arriskuan jarri nahi, ez errezitaleko neska, ez zaldi gida, ez bere osabaren lanaz lotsatzen den tabernako gaztea.

Orain, Michelle Bacheletek bere ikerketa argitaratzean esan du guztia argitaratu edo ez erabakitzeko orduan presio izugarria duela. Berak presio handia du, ba imajinatu Xinjiangetik alde egin dutenen baina oraindik bertan gehien maite dituztenak utzi dituztenen beldurra.

Txostena argitaratu, eta, orain behintzat, Pekinek ere presio handiagoa sentitzen du. Amaituko al da laster Xinjiangeko gutxiengo etnikoen jazarpena? Sei urte pasatu dira gutxienez. Egia da orain Xinjiangen ez dagoela atentatu terroristarik, eta 2016 baino lehen, bai, gero eta sarriago izaten ziren. Baina ez al zegoen hori lortzeko beste moduren bat? Terrorismoa errotik moztearen aitzakiarekin meskita gehienak bota dituzte, kameraz eta zaintzaz bete dituzte Urumqi eta Kashgarren kaleak, eta batez ere, gertatu dena ikusi dutenak erabat isilarazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.