Flandriako eskuin muturraren makillajea

Belgikako Vlaams Belang alderdiak Europako bozetarako eta Flandriako parlamenturako aurkeztutako bi emakume ordezkatu ditu bi gizonekin, bozetarako beharrezko zerrenda parekideak egin ostean.

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Mozorroa erantzi du Belgikako Vlaams Belang eskuin muturreko alderdiak. Zerrenda parekideak aurkeztu zituen Europako hauteskunde etaboz federaletarako: zerrenda burua gizonezkoa baldin bada, bigarrenak emakumezkoa behar du izan. Halaber, zerrenda hasieran aurkeztu zituen bi emakumezkoak bi gizonezkorekin ordezkatu ditu. Alderdiak onartu egin du legeak eskatzen dituen baldintzaparekideak betetzeko baino ez zituela aurkeztu bi emakumeak.

Pasty Vatlet da alderdia Europako Parlamentuan ordezkatuko zuen emakumezkoa, eta Lut Defroche-Degroote, aldiz, Flandriako parlamentuan ordezkatuko zuena. Aulkiak hartu baino lehenago aurkeztu dute biek dimisioa. Vatlet alderdiko altxorzaina da, eta ezin da diputatu izan. Horrek esan nahi du haren hautagaitza ez zela erreala. Deforche-Degrootek adierazi du hasieratik adostu zuela alderdiarekin haren aulkia gizonezko batek hartzea.

Belgikako Emakume Frankofonoen Kontseiluak gogor kritikatu du alderdiaren erabakia: «Fidel eusten dio konstituzioaren, belgikarren eta demokraziaren aurkako DNAri; etengabekoa da emakumearen kontra duen obsesioa eta homofobia».

Joan den igandean Belgikan egindako boz federalek Flandriaren eta Valoniaren arteko arrakala handitu zuten. N-VA nazionalista flandriarrak lortu zuen diputatu gehien, eta bigarren postuan geratu zen Valoniako PS Alderdi Sozialista —25 eta hogei aulki, hurrenez hurren—. Vlaams Belangek, berriz, sorpresa eman zuen: hemezortzi ordezkari lortu zituen, eta hirugarren indarra da.

Arrakala horren ondorioz,egun asko beharko dituzte gobernua osatzeko. Flandriakoak eta Valoniakoak ados jarriko beharko dute, baina Vlaams Belang baztertu egin ohi dute alderdiek. 2010eko boz federaletan 541 egun igaro ziren Belgikan gobernua osatu zuten arte, eta inoiz izan den negoziaziorik luzeena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.