Ismael Manterola
BEGIZ

'Greenwashing' artean

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Askotan entzuten dut arteak ez duela ezertarako balio eta horrek ematen diola bere izaera, hau da, praktikotasunik ez izatea. Ez da hala izan historian zehar eta ez da gaur egun ere. Arteak erabilpen praktikoa du, boterearen irudikapena izateko, luxuzko bizimodua ikusarazteko edo propagandarako. Azken erabilpen hori suma dezakegu Bilboko Guggenheim museoak antolatu duen Motion. Autos, Art, Architecture erakusketan.

Iberdrola eta Volkswagen multinazional handiak dira babesleak, eta autogintzarekin harremana duten beste enpresa batzuk dira laguntzaileak. Erakusketaren aurkezpenean egon ziren enpresen arduradunek argi eta garbi utzi zuten auto elektrikoaren aldeko apustua. Iberdrolarentzat mauka izango dena, auto konpainientzat irauteko modua izango da klima larrialdiak eskatzen dituen aldaketetara egokitzeko. Guztien diskurtsoetan jasangarritasun hitza entzun zen, eta, egunkari honetako berriak zioenez, une egokia omen da erakusketa horrentzat, automobilaren mundua orain aldatuko delako. Beraz, erakusketaren helburua argi utzi zuten, inork zalantzarik bazuen ere. Horri museoaren zuzendariaren diskurtso sasi patriotikoa gehitu behar diogu erakusketa justifikatzerako orduan, «automobilgintza herri honen DNAren parte» dela esan zuenean.

Auto elektrikoa fabrikatzea jasangarria ote den diskurtso horietan entzun ez genuen zalantza da. Argindarra gordetzeko bateriek behar dituzten materialak nola eta nondik ateratzen diren ez ziguten aipatu. Guk garbia den auto elektrikoa edukitzeko munduko beste muturrean zenbat lur mugimendu eta zein baldintzatan lan egiten duten lur hori mugitzen dutenak ez ziren aipatu Bilboko Guggenheimen. Ez aipatzeagatik nola lortuko dugun automobil guztiak elikatzeko argindarra. Automobil batek ez kutsatzeak ez du esan nahi jasangarria denik. Denok dakigu autorik onena ez dagoena dela, baina horrek sistema ekonomikoa arriskuan jartzen du, batez ere gure DNAz beteta dagoen Euskal Herrian.

Erakusketa Norman Foster arkitektoak sinatzen du (by Norman Foster, filmetan bezala), bere bildumako automobilak erakusten baitira. Aurkezpenean, arteaz aritu beharrean, hiriaren alde mintzatu omen zen gure arkitekto kutuna —bide batez, etorkizuneko arte historialariek ikertu beharko dute zein den euskal administrazioen eta Fosterren arteko harremanen izaera, amodiozkoa den edo interesezkoa—. Hirian, azken mendean diseinatu dugun moduan, automobila da nagusi, eta, agian, horrek eraman du arkitektoa hiria hain sutsu defendatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.