ETAren armagabetzea. Ondorena. Harold Good. Apaiz protestantea eta armagabetzearen egiaztatzailea

«Elkarrizketa aro bat hasi behar da Espainia eta ETAren artean»

Urte asko daramatza Goodek gatazka armatuei konponbidea bilatzen, zenbait bake prozesutan murgilduta. Deia egin dio Espainiako Gobernuari, «jendeak eskatzen duena» entzun dezan.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Ion Orzaiz.
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Iragan larunbatean, ETAren armagabetze operazioen egunean, hedabideen eta han bildutakoen arreta bereganatu zuten bakearen artisauekin eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideekin batera azaldu ziren bi elizgizonek: Matteo Zuppi artzapezpiku katolikoak eta Harold Good apaiz protestanteak (Derry, Ipar Irlanda, 1937). Goodek egiaztatzaile lanak egin zituen Alec Reid zenarekin batera, IRA Irlandako Armada Errepublikanoak armak utzi zituenean, eta duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen Euskal Herriko eragile politikoekin batzartzen, desarmatze prozesu baten oinarriak jartzeko helburuarekin. Ordutik, eragile aktiboa izan da bake bidean.

Nola bizi izan zenuen armagabetze operazioa?

Zirrara eta emozio handiz. Uste dut oso urrats garrantzitsua dela, eta lorratz sakona utziko duena. Ez soilik euskal herritarrentzat, baita mundu osoarentzat ere. ETAk azken muturreraino eraman du bakerako bidea. Ipar Irlandako gatazka eta bake prozesua bizi izan genuenok badakigu noraino den garrantzitsua gisa honetako armagabetze bat, aukera itzelak zabaltzen dituelako. Oso garai itxaropentsua da, eta hala onartu beharko lukete bai Euskal Herriko gizarteak, bai Espainiako Gobernuak.

Espainiak, ordea, gutxietsi egin du armagabetzea. Zer gerta liteke aurrerantzean, jarrera horri eutsiz gero?

Aukera historiko bat pasatzen utziko lukeela. Bi gauza egin beharko lituzke Espainiako Gobernuak orain: batetik, ETAk eginiko urratsari nolabaiteko aitorpena eman; eta bestetik, desarmatzearekin batera zabaldu diren bideak ongi aztertu.

Zeintzuk lirateke bide horiek?

Negoziaziorako aukerez ari naiz, batez ere. Nire ustez, larunbateko armagabetzeak elkarrizketa aro bat zabaldu beharko luke Espainiako Gobernuaren eta ETAko ordezkarien artean, giza eskubideetan oinarritutako neurriak zehazte aldera. Besteak beste, errukia eta gizalegea erakutsi beharko lituzke Espainiak preso politikoak Euskal Herrira eramateko auzian. Lehen urrats bat izan liteke gaixo dauden presoak eta zigorraren zati handi bat betea duten horiek hurbiltzea. Bidea erraztuko luke horrek. Izan ere, ahulenei eta babesgabeei erakusten dien errukiagatik neurtzen da gobernu baten maila.

Noiz hasi zinen Euskal Herriko gatazkan bitartekari lanetan?

Hau ez da azken egunetako kontua soilik izan. Uste dut 2005 edo 2006. urtea zela Euskal Herriko gatazkan murgiltzen hasi nintzenean. Garai hartan, ikuskari lanetan ginen Alec Reid zena eta biok Ipar Irlandako bake prozesuan, eta Eusko Jaurlaritzak sari bat eman zigun, bakearen alde eginiko lanarengatik [Rene Cassin saria, 2005ean]. Niretzat, eskuzabaltasunez eta asmo onez beteriko keinua izan zen hura, eta, gainera, aukera eman zidan Euskal Herriko eragile politikoak ezagutzeko eta lehen kontaktuak egiteko. Handik urte batzuetara, aita Reid zendu egin zen, baina nik aukera izan nuen elkarrizketa horiekin aurrera segitzeko. Euskal Herriko eragileek gonbidatuta etortzen nintzen, eta, ordutik, prozesuan murgilduta ibili naiz. Hunkitzen nau pentsatzeak nik ere nire ekarpentxoa egin diodala bakeari, eta bidaia zirraragarri honen parte izan naizela.

Iazko abenduan, polizia operazioa egin zuten Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak Luhuson. ETAren armagabetzean laguntzen ari ziren zenbait pertsona atxilotu zituzten. Nola jaso zenuen berria?

[Etenaldi luzea egin du erantzun aurretik] Gogoan dut, bai. Gabonen aurretik izan zen operazio hura. Armagabetzea egiaztatzeko saio bat zen Luhusokoa, eta ni neu ere Euskal Herrian nintzen. Lekuko independente gisa aritzea galdegin zidaten, eta prest nintzen hurrengo egunean parte hartzeko. Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrak, ordea, herrian sartu ziren herritarrei galdezka: ea nork parte hartuko zuen egiaztatze prozesu hartan, ea inork ezagutzen al zituen... Eta atxilo eraman zituzten. Nik kezkaz bizi izan nuen operazio hura, baina onik, zorionez, Poliziak ez baitzekien non nengoen ere.

Ilusioak zapuztu al zituzten atxiloketa horiek?

Alde batetik, bai. Sekulako hanka sartzea izan zela iruditu zitzaidan. Hala ere, iragan larunbateko desarmatze ekitaldiaren ikuspuntutik begiratuta, zerbaitetarako balio izan zuen. Izan ere, Polizia operazio horren ostean, prozesuan ez esku hartzeko eta begiraleen jarduna ez oztopatzeko konpromisoa lortu genuen Espainiako eta Frantziako segurtasun indarren aldetik. Berebiziko garrantzia izan zuen horrek larunbateko ekitaldiari begira.

Zein rol jokatu dute egiaztatzaileek?

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak, Ramen [Manikkalingamen] gidaritzapean, oso lan konplikatua egin du urte hauetan, prozesu osoa zainduz eta gainbegiratuz, eta blokeo egoerak saihestuz. Euren lanaren fruitua ere bada zabaldu berri den aukera hau.

Bi apaiz izan zineten desarmatze prozesuan, Matteo Zuppi eta zu zeu. Zein izan da Elizaren jarrera auzi honetan?

Ni apaiz protestantea naiz, eta prozesu osoan bidelagun izan dudana, berriz, artzapezpiku katolikoa [Zuppi]. Asmoa zen egiaztatze prozesua ahalik eta independenteena izatea, Elizaren esku sartzerik gabe. Hori esanda, larunbatean Baionan bildutako jendetzaren aurrean bota nuen esaldietako bat errepikatuko dizut: zauriak ixteko eta adiskidetzeko garaia da honako hau, eta Euskal Herriko Elizak buru-belarri heldu beharko lioke Kristoren irakaspenak zabaltzeko duen ardurari. Finean, horretan oinarritzen baitira irakaspen horiek: zauriak sendatu, adiskidetu eta barkatu.

Zuk aukera izan duzu armagabetzeak Euskal Herrian nahiz atzerrian izan duen oihartzun mediatikoa hurbiletik ezagutzeko. Alde handia egon al da?

Bai. Uste dut, oro har, nazioarteko komunitateak pozik eta esker onez hartu duela armagabetzearen albistea, eta, ez hori bakarrik, gisa honetako pausoak ematera premiatu dituela gatazkan diren alde guztiak. Azken finean, guztion nahia da halako gatazkak bukatzea eta bakea erdiestea. Kolonbian izan naiz berriki, eta han ere konpromiso irmoa hartu dute bakearen alde; eta urte batzuk lehenago, Ipar Irlandan ere gisa honetako armagabetzeak ezagutu genituen. Nazioarteak saritu egiten ditu halako prozesuak. Beldurrez beteriko mundu batean bizi gara: bonbardaketak, terrorismoa... Gure mundutik at nahi genituzke arma guztiak, eta pixkanaka-pixkanaka egin behar dugu bidea, urratsez urrats, egunen batean mundu justuago eta askeago batean bizi nahi badugu. Hori izan zen larunbatean Espainiako Gobernuari helarazi nion mezua: entzun itzazu nire hitzak, baina, batez ere, kasu egiozu hemen bilduta dagoen jendetzari eta nazioartean zabaldu den bakearen aldeko aldarri ozenari. Adi ezazue jendeak eskatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.