Arantzazu, Aizkorri, eta Urbiako lainopea

Euskarak lan munduan dituen ajeak eta aukerak aztertu ditu Jon Sarasuak Euskaltzaindiak antolatutako Jagon jardunaldian. Esan duenez, gaur egun lan mundua euskararentzat «horma»bat da, baina belaunaldi berrientzako mugarri ere izan daiteke.
Jon Sarasua, atzo, Bilbon egindako jardunaldietan.
Jon Sarasua, atzo, Bilbon egindako jardunaldietan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2019ko azaroak 15
Euskararen biziberritzean arlo sozioekonomikoak duen garrantzia ari dira aztertzen erakundeetako eta euskalgintzako hainbat aditu, Euskaltzaindiak Bilbon antolatutako 24. Jagon jardunaldietan. Atzo hasi eta gaur arte, euskarak lan munduan dituen erronkak, orain arte egindako urratsak, erabilitako tresnak eta antzeko gaiak jorratzen ari dira Bilboko Merkataritza Ganberako egoitzan.

 

Abagunean kokatu: lan eremuaren haitza gorri izan du izenburu Jon Sarasua soziologo eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966) egindako hitzaldiak. Aurrera begirako lanak zerrendatzen hasi aurretik, «nondik gatozen eta non gauden» laburbiltzen saiatu da Sarasua. Esan duenez, euskalgintzak azken 60 urteetan «amets gidari» izan ditu Lizardiren poema ezagunaren ahapaldiak: «Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa».

Esparru guztietarako balioko zuen hizkuntza eta euskaraz esparru guztietan arituko ziren hiztunak lortzeko bide hori «Arantzazutik Aizkorrirako bidea» definitu du Sarasuak: «Arantzazutik abiatu ginen, Aizkorri genuen amets, eta igoera ederra egin dugu, baina orain Urbiako lainopean gaudela esan genezake».

Izan ere, euskara biziberritzeko lana «geldialdi batean» dago, eta «kezkatzeko motiboak» badaude: hezkuntzan, D eredua ez da «nahi genituen fruituak» ematen ari; unibertsitatean, hedabideetan eta beste zenbait arlotan, «gauzak birpentsatzeko beharra» badago; eta, laburbilduz, «Urbiako lainoa gandu, zirimiri eta are zaparrada» bilakatzeko arriskua sumatzen du Sarasuak.

Lan eremuan ere «horma nagusi eta sendo bat» du euskarak aurrera egin ahal izateko: «Ahalegin handia egin dugu hezkuntza euskalduntzeko, baina lan mundua masiboki erdalduna eta erdalduntzailea da», esan du. Izan ere, euskaldun askorentzat euskara «eskolan ikasitako hizkuntza hura» da, baina ez dute eguneroko harremanik izaten euskararekin, eta lan munduak ere ez du laguntzen hori aldarazten.

Lan munduaren aukerak

Hala ere, Sarasuak uste du lan munduak aukera asko eskain ditzakeela euskarak aurrera egin dezan, eta egunerokoan hizkuntza erabiltzen ez duten euskaldun askorentzat «lotura» izan daitekeela «euskara iraganeko hizkuntza izan ez dadin». Gainera, euskara lan munduan sustatzea beste zeregin batzuk baino «egingarriago» ikusten du.

Aurreko belaunaldientzat hezkuntza euskalduntzea mugarri izan zen bezala, belaunaldi berrientzat ere «lan mundua konkistatzea» izan daiteke «bisioa», ardatza, «Aizkorri non dagoen ikusten lagunduko diena». Sarasuak «egingarri» ikusten du hori —«hogei urte daramatzagu egiten, eta enpresa asko euskaldundu ditugu»—, baina, horretarako, baldintza batzuk beharrezkoak direla deritzo.

Sarasuaren ustez, zeregin horri ekiteko «munta handiko artikulazioa» behar da erakunde publiko nagusien, tokiko erakundeen, nazio zein herri mailako euskalgintzako eragileen eta «beso teknikoaren» artean. «Akordio politiko sendo bat» ere behar da, eta «kontakizun aski malgua, askotariko sentsibilitateetara egokitu eta iristeko».

Asmo horrek guztiak «diskurtsoa fintzea eta malgutzea» eskatuko balu ere, Sarasuak ez du uste bidean aurkakotasun handirik aurkituko lukeenik: «Azken finean, enpresak hizkuntzen kudeaketa konplexua egitera deituak dira».

Baikorra da Sarasua; haren ustez, horrelako zeregin mardulari ekiteko «inoiz ez dugu hain abagune aldekoa izan, elkarrekiko errespetuari eta elkarrekin aritzeko borondateari dagokionez. Aktibatzen bagara, gauza asko egin ditzakegu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna