«Epaileak esaten ari zaizkigu euskararen normalizazioan urrutiegi joan garela», Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta legelariak honela interpretatu du epaitegietatik datorren erabaki saldoa. Urrutiegi joateko, baina, motz geratu da. Euskaldunon eskubideak ez dira errespetatzen, argi dago, eta euskararen normalizazioan urrats asko egin badira ere, ez da «normaldu», edo behintzat, euskaraz bizi nahi dutenentzat, hau ez da normala.
Urrutiak gizarteari ere begiratu dio: «Euskararen aurkako oldarraldi honetaz jabetu behar dugu, eta gizarteak zeresana izan behar du». Pozak gehiago batzen gaitu. Errazagoa da zerbaiten alde egitea, pozik eta erdi festan. Errazagoa da, eta beharrezkoa ere bai. Baina oraindik ere badaude haserretzeko motiboak, eta haserre hori horma bihurtzeko elkartu beharra. Korrika bat behar dugu oldarraldia eteteko. Korrika euskararen alde, eta erasoen kontra. Herri oso bat irudikatu, ezker eta eskuin, zahar, gazte eta ume. Euskaldunak eta euskaltzaleak, euskaldun izan gabe euskara maite dutenak, eta maitatzera iritsi gabe ere, euskaldunen eskubideak errespetatzearen alde daudenak. Elkarbizitzaren alde, errespetuaren alde, eskubideen alde, demokraziaren alde. Eta hori galarazten dutenen kontra.

HIZPIDEAK
Korrika bat oldarraldia eteteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu