'The Zone of Interest'
Zuzendaria: Jonathan Glazer. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 105 minutu.Rudolf Hoss eta Hedwig bere emaztea hiritik aldendutako landa eremu batean bizi dira. Sei seme-alaba dituzte: hiru mutiko, bi neska eta jaioberria den haur bat. Denbora dutenean denak elkarrekin joaten dira lakura bainatzera, eta urtebetetzerako egurrezko kanoa bat oparitu diote aitari. Etxe handi bat dute bizileku, lorez eta barazkiz beteriko lorategi zabal batekin. Igerileku bat ere badute, egurrezko txirrista eta guzti. Txakur beltz bat etxetik sartu eta atera ibiltzen da, Hoss familiarentzat lan egiten duten pertsona ugarirekin estropezu eginez. Haurrak haien gelan jolasten dira, etxekoandreak lagunekin meriendatzen du, eta aita lanera joaten da.
Familia arrunta dirudite hosstarrek. Eta hala ulertzera ematen dute The Zone of Interest filmaren lehen irudiek. Baina Jonathan Glazerrek Martin Amisen eleberrian oinarrituta idatzitako gidoia Polonian kokatuta dago, 1940ko hamarkadan. Hoss familia Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren ondoan bizi da, eta Rudolf Hoss bertan lan egiten duen komandante bat da.
Familia arrunta dirudite hosstarrek. Baina Hedwig lorategian maindire zuriak zabaltzen ari dela, gerra-abioi formazio bat ikus daiteke zeruan. Edozein elkarrizketak tiro hotsak ditu soinu banda gisa. Rudolfek erretzen duen puruaren sugarrak atzean duen gas ganberaren tximiniaren erreplika dirudi, eta etxeko langileek eraildako juduen arroparen artean gustukoena dutena aukeratzen uzten die Hedwigek, larruzko berokia haren armairuan gorde ondoren.
Glazerren plano bakoitzak du hotzikarak eragiteko ahalmena. Familia nazia egoera arrunt batean dagoen familia arrunt gisa erretratatzeak beldurgarria den hoztasuna ematen dio filmari. Ez da odolik, hildakorik, sufrimendurik ikusten, eta horrek egiten du kontakizuna asaldagarri. Soinuaren erabilera bikainak eta hutsalak diruditen elkarrizketek kutsu makabroa duen istorioa eraikitzen dute.
Horrenbesteko hoztasunaren ondoren, horrenbeste sufrimendu entzun ondoren, pentsa liteke edonor anestesiatu egingo litzatekeela, maltzurkeria hartara ohitu. Esaldi, keinu, planoz kanpoko tiro bakoitzak lehenak bezainbeste mintzen du, ordea, eta angustia, itoaldia handituz joango da. Arnasgune baten bila hasiko zara orduan, helduleku baten bila: haurren inozentziatik eratorri daitekeen berotasun apur bat, etxeko langileek erakuts dezaketen enpatia izpi bat. Ez da sekula iritsiko. Eta sabeleko korapiloa pixka bat lasaitu nahian, film bat fikzioa besterik ez dela sinetsarazi nahiko diozu zeure buruari; baina Glazerrek Auschwitz-Birkenau museoaren irudiak erakutsiko dizkizu. Azken zartakoa.