Gontzal Agote.
IRITZIA

Ez ziren rol hutsak

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zinema klasiko definizio lanbrotsupean ezagutzen dugun hori desagertzear zegoen 1969an. Easy Rider egin zen urte berean, Elia Kazanek The Arrangement filma zuzendu zuen. Istorioak kutsu autobiografiko nabarmena zuen, eta, beste behin ere, Kazan bere iraganeko bekatuak zuritzen saiatu zen.

Hollywooden bideak ezin asmatuzkoak direnez, Kirk Douglasek jokatu zuen rol nagusia. Modu horretan, The Arrangement-ek aurrez aurre jarri zituen balio eskala zeharo desberdina zuten bi pertsona. Kazanek burkide ohiak salatu zituen, McCarthy senatariak gidatutako sorgin ehizan. Douglasek, ordea, zerrenda beltzaren kontrako ezinbesteko jarrera aktiboa izan zuen. Dalton Trumboren izena Spartacus-en kredituetan jarri izana ausardia handiko ekintza izan zen, pertsonaren nolakoa ederki erakusten duena.

1999. urtean Elia Kazanek ohorezko Oscarra jaso zuenean —hiru urte lehenago aktoreak jaso zuen sari bera— eztabaida handia piztu zen horren egokitasunaz. Kazan oholtzaratzean, hainbat gonbidatu ez ziren zutitu, ezta txalorik jo ere. Horien artean, aspaldian esklabo izateari utzia zion Espartako, oroimen historikoaren ordezkari; filmean ez bezala, eserita eta isilik gelditzea izan zen duintasunaren aldeko bere aldarria.

Horra nor zen Kirk Douglas. Desagertutako zuri-beltzezko mundu baten azken-aurreko ordezkaria bai; baina, nostalgiaren gainetik, artista independente, matxino eta konprometitua. Van Gogh pintorea, Einar bikingoa edo Dax koronela; batzuetan ezinezkoa da pertsonaia eta pertsona bereiztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.