KRITIKA. Musika

Biolontxeloa ahoan

Arkaitz Mendoza.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

Piotr Beczala

Pianoa: Helmut Deutsch. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Azaroak 27.

Ba bai, biolontxelo bat du ahoan Piotr Beczala tenorrak. Munduko ahotsen rankingean botere handiz sartu da poloniarra, eta, zuzenean entzunda, merezimendu handiz! Ahots epela du, kolore anitzekoa, biolontxelo baten arku eratze dotore baten antzekoa, eta batez ere erdiko aldean pisu handiz oinarria hartzen duen tenor liriko spinto zoragarria dugu. Kantu-izarren artean askotan topatu izan ditugu fama handiko abeslariak, baina gutxi dira heldutasuna eta pazientzia dutenak eta beren unea itxaroten jakin dutenak.

Poloniarrak ez du ez dagokiona kantatzen, argitasun itzelez aukeratzen baititu bai operak bai kantatzeko obrak; erabaki arraroa, ibilbide azkar eta suziriz beterikoa egin nahi duen artista batentzat, baina luzera begira emankorragoa. Esku egitaraua hartu, eta lied kanta pila ageri dira, batzuk italiarrak, besteak poloniarrak, eta baita alemaniarrak ere, eta errezitalaren amaieran entzuleak eserlekutik altxatzeko diseinaturiko bost aria handi, operari keinua eginez. Ba agian, nahiz eta azken kanoikadak haluzinagarriak izan, ez ziren aurretik jorratutako lied mordoxkak bezainbeste hotzikaraz zipriztindu.

Lied laguntzaile gisa gaur egun dagoen piano jotzailerik hoberenetakoa dugu Helmut Deutsch austriarra. Bi orduan dotore eta fin jardun zen, Beczalaren ahotsak nahi zuen modura arnas zezan, bidaia horretako lagunik fidagarriena bilakatuz. Zoragarri aritu zen, batez ere Mieczyslaw Karlowicz poloniarraren kantuetan, abesti bakoitzaren hasierari eta amaierari biribiltasun sendo bat emanez.

Bestela, Francesco Paolo Tostiren L'ultima canzone, Ottorino Respighiren Lagrime nahiz Pioggia, eta harribitxiz apaindu zuen Ermano Wolf-Ferrariren O si che non sapevo kantuetan maila gaindiezinean aritu ziren, denbora luzez ahaztuko ez ditugun interpretazio handiak egiteraino. Agian, Kursaaleko auditoriuma ez zen hiriko agertokirik egokiena kantu errezital bat entzuteko, zubia gurutzatu bezain pronto Viktoria Eugenia antzokia hor izanda, baina poloniarraren ahotsa lehengai fresko askorekin hedatu zen Kursaaleko azken ilaretaraino. Bikain asmatu dute antolatzaileek Piotr Beczala gure artera gerturatuz; Kursaal Eszenari ere txaloak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.