begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Baloia jokoan, bilauak pozean

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aurrera jarraitzen du futboleko Munduko Kopak. Jokalariek, kazetariek, antolatzaileek eta soldatapeko sasi-zaletuek zapalduriko estadio horiek eraiki ahal izateko, herrialde txiroetatik joandako peoi behartsuak kontratatu/esklabo egin zituen Qatarko Gobernuak. Lanean ari zirela, inolako segurtasun neurrik gabe, 6.500 inguru hil ziren istripuz zelai haietan. Egun, selekzioetako entrenatzaileei horiek bezalako kontuen gainean galdetuz gero, erantzuna hauxe da: «Nik ez dut politikaz hitz egiten». Ez genekien giza eskubideak politika zirenik, hil ala biziko kontua baizik.

Heroi gutxi izan da Munduko Kopan. Alemaniako futbolariek ahoa estali zuten eskuarekin Japoniaren kontrako partidan, homosexualen aldeko ikurra elastikoan eramatea debekatu zietelako. Alta, ausardiarik handiena, handiena eta perilosoena, Irango selekzioak erakutsi zuen. Gazte-gazteak diren jokalariek muzin egin zioten Ingalaterraren aurkako partidan aberriaren ereserkia kantatzeari. Muzin, errefus, uko hori larrutik pagatuko dute bueltan...

Beste balentriarik ez da ikusi txapelketan. Baina baloiak argitara ateratzen ditu gure beste mota batzuetako miseria ia guztiak ere. Esaterako... Erreparatu al diogu inoiz maite-maite ditugun hainbat filmek, hainbat zinemagilek, hainbat zinema abenturak Dohako Zinema Institutuaren sostengua, bermea, finantzaketa eta bultzada dutela? Eta erreparatu badiogu, kexua edo ardura azaldu dugu?

Ni neu, gizakia naizen heinean, neure espeziekideen kontraesan guztiak ulertzen eta onartzen saiatzen naiz. Konprenitzen dut sortzaile batek jo eta fuego jardun behar duela laguntza lortzearren. Baina ez izan, gero, ez guk, ez beraiek, kontzientzia ahozuri eta mokofina. Exijitzen badiegu futbolariei sekula hartuko ez duten libertatearen aldeko jarrera, zergatik ez eskakizun bera egin zinemagileei?

Ez, ez naiz kontuak eskatzen ari. Ez naiz nor horretarako. Baina ez al dira zuriketa prozesu bertsuak Qatarko Munduko Koparena eta DFI Dohako Film Institutuarena? DFIren webgunean 36 orrialde betetzen ditu institutuak lagundu dituen filmen zerrendak. Eta, egiari zor, bertan agertzen diren hainbat eta hainbat izenburu gabe, mundua eta zinema bera okerragoak izango lirateke. Ilunagoak. Injustuagoak ere bai.

Bota begirada bat. Chicagoko zinema jaialdian saria jaso eta Donostiakoan presente izan zen Simon Mesa Soto kolonbiarraren Amparo (2021). Aurtengo Cannesko jaialdian jendea ustekabean harrapatu zuen Ariel Escalanteren Costa Ricako Domingo y la niebla-k. Donostiako Horizontes Latinos sailean merezi zuen harrera izan zuen Manuela Martelliren 1976 lanak; laster beteko dira 50 urte Pinochetek eta bere konplizeek Txileko esperantzak zapuztu zituztela, eta garai haietako memoria ederki lantzen du pelikula horrek.

Boliviako Kiro Russok ere jaso zituen beka pare bat planetako zirkuitu alternatiboak korritu dituzten El gran movimiento eta Viejo Calavera bere lanetarako. Baita Libanoko bandera zabalik ezinbestekoak diren borroka guztietan parte hartzen duen Nadine Labakik ere; duela gutxi estreinatu du gurean Costa Brava, Libano zinema puska mardula.

Gehiago nahi? Mundu arabiarra Galiziako unibertsoa bezain fin eta samin islatzen duen Oliver Laxek, O que arde filmaren egile bikainak, laguntza hartu zuen Dohan Filmin plataforman ikusgai den 2016ko Mimosas-erako...

Ez, ez dut esan nahi milaka sortzaile horiek errefus egin behar zietenik beka horiei. Ez. Bakarrik nahi dut adierazi futbolariak ez direla bilau bakarrak. Nahi dut frogatu (edo) gaiztoek badituztela moduak eta sosak mundua bere egiteko. Errazak gara humanook konkistatzen, sorgintzen. Eta haiek abilak joko horietan. Gure miseriak azalduz, haienak estaltzen dituzte eskuzabal.

Beste istorio bat. Qatarren desnoblezia salatzen dugun bitartean, goi mailako beste gaizto multzo bat libre sentitzen da bere azpikerietan segitzeko. Ezin dugu herrialdea aipatu, familia bertan izanda zuzendaria beldur baita, baina Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Latinoamerikako pelikula bati, muntatzailea Enkarterrikoa duen pelikula bati, hain zuzen ere, boterean dauden sasi-sasiko iraultzaile ohiek bandera kendu diote, aberrigabe bihurtuz. Eta, horrela izanik, ezin festibaletara joan. Edo, joanez gero, ezin saririk onartu...

Bai, lasai asko dabiltza Qatarko eta mundu osoko gaiztoak baloia jokoan den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.