Hegemonia 'apolitikoa'

II. Mundu Gerraren ostean, kultur gerran sartu ziren AEBak SESBekin. CIAk dirutzak inbertitu zituen sormen «apolitikoaren» aldarria mundu mailako arte sisteman ezartzeko.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Gerra batetik datoz gaur egun nagusi diren arte merkatu eta sistema: II. Mundu Gerraren osteko Gerra Hotzetik. AEB Ameriketako Estatu Batuetan garatutako espresionismo abstraktua ikur duen estrategia batetik, nahiago bada. «II. Mundu Gerraren ostean, [Jackson] Pollockek-eta artearen hizkuntza propioa bilatzen zutela zioten, kanpoko erreferentziarik gabe; arte apolitiko bat egiten zutela esaten zuten», dio Haizea Barcenilla EHUko arte irakasleak. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean garai hartan nagusi zen errealismo sozialista zen, haien esanetan, arte politikoa, eta gaitzetsi egiten zuten. «Paradoxikoena da artista haien arte apolitikoa hegemonia kultural bat zabaltzeko erabiltzen zutela modu argian, CIAk diruz lagunduta eta munduko bazter guztietan». Agiri desklasifikatuek erakusten dute hori.

SESB bere arma atomikoak probatzen hasia zenean gertatu zen; Txinan Mao Tse Tungek iraultza komunistarekin boterea eskuratu zuenean; AEBek komunismo usaina zuen guztia ehizatzeari ekinzionean, bai etxean bai kanpoan.

Bere burua askatasunaren lurraldetzat jotzen zuenak zentsuraren eta jazarpenaren adibide garbi bihurtua zen nazioarterako. Irudi hori aldaraztea eta nazioarteko kultur hegemonia eskuratzea helburu, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak dirutzak inbertitu zituen munduko hamaika herrialdetako intelektual, idazle, musikari, artistakAEBen interesen mesederako erakartzeko. Komunismoari bizkar emandakoak, kapitalismoarekin kritikoak zirenak ere erabili zituzten, AEBen askatasun ideologiko mailaren ikur gisa erabiltzeko.

Espresionismo bastraktua izan zen kultur borrokarako erabili zuten ikurretako bat. «Espresionismo abstraktua arte mota espeziala zen Errusian nagusi zen errealismo sozialistaren zurruntasuna erakusteko», proiektu hartaz arduratu ziren CIAko buruetako baten, Donald Jamesonen esanetan. MOMA New Yorkeko Arte Moderno Museoa erabili zuten horretarako.

Askatasunaren Kongresua

Kanpaina horren ardatz nagusia, hala ere, 1950etik 1967ra bitarteko Kultur Askatasunerako Kongresua izan zen. Erakunde horrek ordezkaritza izan zuen 35 herrialdetan, aldizkari espezialduetan dozenaka artikulu argitaratu zituen bere albiste zerbitzu propioari esker, goi mailako nazioarteko konferentziak antolatu zituen eta bere sokako artistei eta musikariei sariak, kontzertuak eta erakusketak eskaini zizkien.

Iranen, Guatemalan, Kubako Cochinosko Badian, Vietnamen esku hartzen ari ziren estatubatuarren propaganda onena, beren kultur programa bihurtu zen.Beren aurka eta komunismoaren alde zeuden Europako eliteak liluratzeko eta AEBak kultur munduan abangoardian ezartzeko urratsa egina zegoen.

«Artea despolitizatzeko saioa gailendu zen», Barcenillaren aburuz. «Gero sortu dira horren aurkako mugimenduak, baina egia da bai arte merkatuan bai sisteman nagusi direla ustez apolitikoak diren arte adierazpenak. Kapitalismoa eta hegemonia auzitan jartzen ez duten artelanek hartua dute plaza ia erabat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.