Nafarroan, abeltzaintza industrialari stop!

2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aurten bederatzigarren urtez, Ekologistak Martxan-ek ekomartxa antolatu du «Ez ezazu planeta jan» lemapean. Uztailaren 5en Fragan (Aragoi) hasita, hamar egunez Aragoin eta Nafarroan zehar ibili da ekomartxa. Aurtengo edizioaren ardatz nagusietako bat abeltzaintza industrialean oinarritzen den elikagaien ekoizpen eredua zalantzan jartzea izan da, kolektibo ekologista abeltzaintza eredu horrek ingurumenean, sozioekonomian, osasun publikoan eta animalien ongizatean dituen eraginak salatuz 2019. urtean zehar egiten ari den kanpaina konfederalera gehituz.

Katalunia eta Aragoin bezala, Nafarroan ere azken 20-30 urteetan interes ekonomiko jakin batzuei lotutako (gutxi batzuen interesak) nekazaritza politika bultzatu da, eta horrek lurrarekin harremana eta gertuko eta kalitatezko produktua oinarri zuen eredu tradizionalean aldaketak eragin ditu.

Haragi, esne edo arrautza ekoizpen maximoa ahalik eta denbora laburrenean lortu nahi duen abeltzaintza eredua bultzatu da, horretarako ekoizpen teknika intentsiboak erabiliz: animaliak espazio txikitan preso edukiz eta horien elikadura kanpotik ekarritako lehengaietan oinarrituz. Horrek menda kantitate handia sortzen du, eta horiek negutegi efektua eragiten duten gasak dira. Gainera, eredu horretan, beharrezkoa da antibiotikoak eta bestelako medikamentuak modu masiboan erabiltzea. Abeltzaintza hori ez dago lurraldera lotua, ez du belardi edo larrerik behar.

Beraz, eredu horrek ura, airea eta lurra kutsatzen ditu, negutegi efektua eragiten duten gasen isurle nagusietako bat da beroketa globala eraginez, gizakion osasunean ondorio negatiboak ditu, eta ez du animalien ongizatea bermatzen. Gainera, nazioarteko merkatuetan funtzionatzen duen eredua izanik (bai horniketarako erabiltzen dituen pentsuengatik bai azken mozkinen komertzializazioagatik) ez du eraginik jarduten duen lurraldeko ekonomia lokalean, enplegu oso prekarioa sortzen du, askotan, enpresa handietan integratuak dauden abeltzainak izanik, eta abeltzaina «autonomo faltsu» izatera mugatuz.

Abeltzaintza produktibista eta intentsibo hori, bere lurraldetik deslokalizatua dagoena, mehatxu bat da abeltzain txikientzat eta abeltzaintza estentsiboarentzat eta, ondorioz, baita Nafarroako herrietan iraun nahi duen jendearentzat ere. Azken urte hauetan eredu txiki edo estentsibo horietan ari ziren abeltzain asko desagertzen ikusi ditugu, beste gutxi batzuk intentsifikatu eta handitzen diren bitartean. Berriki gertatu den fenomeno horren kasu argi bat esne behien sektorea izango litzateke.

Sektore hori tradizionalki motore ekonomiko garrantzitsua izan den zonetan ekoizle txikiak nola desagertzen diren eta, ondorioz, enplegua nola suntsitzen den ikusten dugun bitartean, lurraldearen hegoaldean Caparrosokoa bezalako makrogranjak eraikitzen dira, 5.531 behirekin, eta dagoeneko ingurumen arauak ez betetzeagatik hamaika isun prozesu irekiak dituena. Baina ez da kasu bakarra. Gutxienez bost ustiategi gehiago daude 1.000 behi inguru dituztenak. Nabarmentzekoa da estatu mailan Nafarroa dela esne behien ustiategiak gehien intentsifikatu diren komunitatea, eta, aldiz, esne ekologiko edo larrean ibilitako behien esne ekoizpena ia-ia sinbolikoa dela, adibidez Kantauriko kostaldearekin konparatuz.

Geroz eta handiagoak izateko lasterketa zoro honek oraindik ere bere hartan jarraitzen du, eta nahiz eta aurten Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintza ustiapenetarako baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoa eta ordenazio zooteknikoa arautzen duen Foru Dekretua onartu den eta ustiapen bakoitzerako abere buru kopuru maximoak ezarri diren sektorearen arabera, maximo horiek ikaragarri handiak dira, eta intentsifikazioa ez da murriztu. Sektore guztietan ustiapenen handitzeak gertatzen direla ikusten dugu, legeak hala baimentzen duelako. Esne eta haragi behietan 1.250 UGM, 864 UGM txerrietan, 300.000 plaza hegaztietan, 6.000 esnetarako ardi eta ahuntzetan, 8.000 haragitarako ardietan. Kopuru maximo horiekin, Nafarroako zona asko benetako zabortegi bilakatzen ari dira, eta abere ustiapen industrial horiek, klima aldaketaren fabrika, enpleguaren suntsitzaile eta lurraldeen arteko desoreken sortzaile.

Gainera, azpimarratu behar da, ezin direla ustiategien baldintza higieniko sanitarioak, animalien ongizatekoa eta ordenazio zooteknikokoak hobetu ekoizpen ereduak desberdindu gabe, bakoitzaren baldintza, egoera eta arazoak desberdinak baitira, eta arauak ere hala izan beharko luke. Foru Dekretu hori onartu eta ondoko bi hilabeteetan dagoeneko ikusi dugu nola abeltzain estentsiboko bi proiektu txiki ezin izan diren martxan jarri abeltzaintza estentsiboari ustiategi industrial handiekiko distantzien inguruan jarritako neurriak direla eta.

Beraz, elikagaien ekoizpen industriala sustatzen duen eredu hori ez da ekologikoki bideragarria, ezta sozioekonomikoki bidezkoa ere, nahiz eta lokala izan. Horregatik, idatzi hau sinatzen dugunok Ekologistak Martxan-ek 2019an abiatutako kanpaina konfederalera gehitzen gara, eta, bereziki, aurten abeltzaintza industrialaren aurka antolatutako ekomartxara.

Bukatzeko, egoera hau baliatu nahi dugu eskaera bat egiteko bi zentzutan. Batetik, kontsumitzaileak animatzen ditugu abeltzaintza mota horretatik datozen produktuak ez kontsumitzera, eta beraien egunerokoan eredu jasangarriagoetatik datozen produktuak erabiltzera, hala nola abeltzaintza estentsibokoa edo agroekologian oinarritutako eskala txikiko proiektuetakoak.

Bestetik, administrazioari eskatzen diogu ez dezala gehiago diru publikoarekin eskala handiko abeltzaintza industriala finantzatu, eta beste eredu batzuk indartu eta bultza ditzala benetako neurriekin eta laguntza ekonomikoekin, hala nola eskala txikiko abeltzaintza, baliabideen (ura, lurra, lana) bidezko erabilera egiten duena, tokiko bertako baliabideak erabiltzen dituena (larreak, belardiak, zerealak), transgenikorik erabiltzen ez duena, tokiko bertako arrazak erabiltzen dituena eta medikamentuen erabilera minimoa egiten duena. Materia eta energiaren zikloak ixten dituen abeltzaintza eredu bat, adibidez, animalien hondakinak ongarri gisa erabiltzen dituena. Tokian tokiko kontsumitzaileen osasuna zaintzen duen abeltzaintza eredu bat, ekonomia lokalen motor izango dena, kalitatezko enplegua sortuko duena eta landa ingurune bizi bat mantentzen lagunduko duena, bizirik dauden herri askorekin eta horietan bizi diren ekoizle txiki askorekin.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Hazitik Hozie, LeitzEKO, Jateko eta Lantxurda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.