HILBERRIA. Charlie Watts

Rockaren erritmoa markatu zuena

HAYOUNG JEON / EFE.
aitor biain
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken kolpeak eman gabe joan da Charlie Watts. Ia bizi osoa The Rolling Stones taldeari eskaini ondoren, mende erdi baino gehiago rockaren erritmoak lau haizeetara zabaldu ostean, ezin izan du zaleen aurrean agur esan. Musikariari ebakuntza bat egin berri zioten Londresen, eta ospitalean zela zendu da, 80 urte zituela. Haren ordezkari komertzialak, Bernard Dohertyk, eman zuen albistearen berri, eta taldeak berehala zabaldu zuen oharra sare sozialetan: «Watts senar, aita eta aitona maitatua zen, eta The Rolling Stones taldeko kide gisa ere bere belaunaldiko bateria jotzaile handienetako bat», dio oharrak. «Bere familiaren, taldeko kideen eta une zail honetan hurbilen dituen lagunen intimitatea errespetatzea eskatzen dugu».

1963tik zen Watts The Rolling Stones taldeko kide. Hilaren hasieran iragarri zuten, ordea, lehen aldiz ez zuela taldearen kontzertu bira batean parte hartuko. Irailean du abiatzekoa kontzertu bira hori, AEBetan, eta medikuek hala gomendatuta, eztarriko minbizia izan zuen 2004an bateria jotzaileak erabaki zuen ez parte hartzea. Haren ordez, Steve Jordan ariko zela adierazi zuten. Albisteak berehalako oihartzuna izan zuen orduko hartan, zaleek Wattsekiko zuten maitasunaren seinale. Haren heriotzaren albistea zabaltzean ere erreakzioak berehalakoak izan ziren, samina eta tristura adieraziz milaka mezu zabaldu baitziren sare sozialetan.

Mick Jagger eta Keith Richardsekin batera, The Rolling Stonesen hasierako kideetatik taldean irauten zutenetako bat zen Watts. 1941ean jaio zen; Londresko kamioilari baten eta etxekoandre baten seme zaharrena zen, eta haurtzaro apala izan zuen: familia bera ere etxe prefabrikatu batean bizi izan zen. Etxean bertan, bere kabuz hasi zen bateria jotzen; 14 urte zituela oparitu zioten lehen bateria, eta pixkanaka joan zen bere gaitasunak fintzen.

Jazzera hurbildu zen lehenik, eta bluesera gero. Blues Incorporated taldearekin aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, harik eta Brian Jones eta Keith Richards ezagutu zituen arte. Sortu berria zen The Rolling Stones, eta taldeko partaide izateko gonbita egin zioten. Bertan aritu da ordutik, mende erdiko ibilbidea onduz. Inoiz ez zien bestelako proiektuei eta musika moldeei muzin egin, halere, eta, esaterako, Rocket 88 taldea eratu zuen, beste hainbat musikarirekin batera.

Haren bateria jotzeko moduak eta erritmoak eragin nabarmena izan zuten The Rolling Stones taldearen soinuan; Jumpin' Jack Flash edo I can' t get no (Satisfaction) kantuak dira horren adibide. Ez zen kantuak sortzeaz arduratzen, baina egiteko garrantzitsua zuen taldearen barruan. Izan ere, perkusioaz arduratzeaz gain, bestelako lanak ere egin zituen Wattsek taldean; besteak beste, hainbat diskoren azalak eta bira askoren agertokiak diseinatu zituen, eta Richardsen eta Jaggerren arteko etengabeko haserrealdietan bitartekari lanak egiten zituen maiz. Hain zuzen, behin baino gehiagotan uste izan zen Wattsek taldea utziko zuela, baina zurrumurruak baino ez ziren izan. Eta ez da gauerdiko ahuntzaren eztula hori; izan ere, Richardsek behin baino gehiagotan azpimarratu duenez, «Charlie Watts gabe, The Rolling Stones ez zen existituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.