Nerea Zusberro Alberro.
ANALISIA

Nagusitasuna berresten

2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Jonathan Giraldezen Bartzelonak badaki zer den Wolfsburgen aurka jokatzea. Aurreko denboraldian 5-3 nagusitu zen txapelketa bereko finalerdietan. Gaur bigarren Txapeldunen Liga irabazteko aukera du Eindhovenen, eta Europan erreferentziazko klub bat dela berresteko.

Hala ere, Bartzelona ez da aurreko denboraldiko talde berdina. Alexia Putellasen lesio larriari aurre egiteko beharrak indartsuago bihurtu ditu bloke bezala. Gizonezkoen lehen taldeak Lionel Messi gabe bizitzen ikasi behar izan zuen bezala, emakumezkoenak aurrerapauso bat eman du, haien itsasargirik gabe.

Izan ere, antzekotasun nabarmenak daude gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetako joko ereduen artean. Blaugranek motzean hasten dute jokoa Sandra Paños atezainak hasita, eta nagusitasuna bilatzen dute ezker hegalean. Rolfo, Balde bezala, oso goian finkatzen du, eta lau erdilarietako bat, normalean Mariona Caldentey, hegal posiziora gerturatzen da baloia jasotzera. Patri Guijarro baloiaren jabearengana hurbiltzen da, eta Walshek lan posizionalagoa egiten du euskarri gisa.

Aurkariak baskulatu egiten duenean, azkar eramaten dute baloia alderik alde, eskuinaldean irekita agertzen den Graham Hansenek baloia jasotzen duen arte. Norvegiarrak egin zituen Barçaren bi golak Chelsearen aurkako finalerdietan. Aldi berean, aurrelari batek arean itxaroten du, betiere Alexiaren rola betetzeko lan zaila izan duen jokalariaz lagunduta: Aitana Bommatiz. 14 zenbakiak, Gaviren antzeko funtzioa betetzen du: jokoari jarraipena ematen dio, eta jokaldiak bukatzeko gaitasuna dauka. Bost gol sartu ditu dagoeneko Txapeldunen Ligan. Blaugranak faboritoak dira. Baina zein oztopo izango dituzte? Eta zer-nolako konponbideak ditu Giraldezek?

Presio handia irteeran: Wolfsburg, blokean, goian ezartzen da, aurkariaren irteeran akatsen bat behartzeko asmoz. Horretarako, 5+5 batean zatitzen du bere oinarrizko 4-2-3-1a, euskarri bikoitzeko Roord posizio oso aurreratuetara eramanez. Jonsdottir eta Pajorrek alboetara bideratzen dute presioa, V-ko mugimenduak eginez. Barçak ezkerrera irteteko duen joerak Marionarekin oso adi egotera behartuko du Huth, eta ziurrenik Popp izango da Guijarro hurbiletik markatuko duena.

Zuzenean jokatzeko alternatiba: Marionarekin, Barçaren 4-3-3 teorikoak, 4-4-2 baten antza hartzen du. Barneko jokalarien mugikortasuna da marrazki horren ezaugarririk nabarmenena. Caldenteyk laugarren erdilari lanak egiten ditu, eta horrek aukera emango dio Barçarinagusitasuna izateko zelai erdian, baita irteera posizionalean ere. Baina, Barça alemaniarren presioarekin itota sentitzen bada, Oshoala bilatzea da aukerarik onena: jokalari kaotiko samarra izan arren, desplazamendu luzeen hartzailerik onena da, eta ezin hobeto interpretatzen ditu aurkariaren bizkarrean sortzen diren espazioak.

Dinamita hegalean: Blaugranek presioa saihesten badute, gerta liteke Hansenek buruz buruko egoera aurkitzea eskuin hegalean. Baina, Barçak baloia galtzen baldin badu, Wolfsburgek Jonsdottir kontraerasoan aurkituko du. Islandiarra azkarra eta sakona da, osagarri aproposa Pajor aurrelariarentzat. Mapi Leon eta Irene Paredes jokalari menderatzaileak dira zelai irekiko ekintzetan, baina kontuz ibili beharko dute eraso-defentsa transizioetan.

Bloke erdi ondo armatuta: Alemaniarrek zailtasun handiak dituzte posizionalean eraikitzeko. Haien baloi zirkulazioa oso motela da, eta kosta egiten zaie lerro bateratuak dituzten erdiko blokeak gainditzea. Wilms hegalak Jonsdottir pase luze gurutzatuen bidez aurkitzea bilatzen dute askotan.

Kontuz geldikako baloiekin: Mapi Leon erreferente nagusia izanik, eta erasoan asko hobetu badu ere, ez da eroso sentitzen geldikako jokaldiak defendatzen. Wolfsburgek, ordea, aise menderatzen du jokoaren alderdi hori, Popp, Beattie, Jonsdottir eta halako jokalariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.