Lide Arana.
ARGI ALDIAN

Amen mikrobiota, haurren osasun

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Urteak dira Osasunaren Mundu Erakundea (OME) jaioberrien elikadurarako amaren edoskitzea hobesten hasi zela. Izan ere, jakina da jaioberriek bularra hartzeak onura asko ekar ditzakeela haurraren osasunarentzat. Giza esneak, haurrak behar dituen elikagai guztiak izateaz gain, ere erregulatzen du, eta hori ezinbestekoa da hesteetako mikrobiota (mikroorganismo multzoa) egokia izateko. Gauzak horrela, OMEk 2017an argitaraturiko txostenaren arabera, bizitzako lehen bi urteetan haurrak amaren esnearekin elikatuz gero, 5 urtez beherako 800.000 umeren heriotza saihestu daiteke urtero munduan.

Onura horiek aspalditik ezagunak diren arren, oraindik orain ez ditugu xehetasun osoz ezagutzen esnearen konposizioaren erregulazioa eta immunitate-sistemaren kontrola burutzen duten mekanismoak. Zorionez, gaiaren garrantzia ikusita, gero eta ikerketa gehiago egiten dira giza esnearen inguruan.

Irailean Cell aldizkarian argitaratu berri den artikulu bati esker jakin dugunez, amaren hesteetako mikrobiotak garrantzi handia du haurrak esne bidez jasotzen duen antigorputz nahastean. Ikerlarien arabera, amaren hesteetan kokaturik dauden Peyer-en plakak deituriko egitura batzuk hesteetako mikroorganismoekin elkarlanean aritzen dira. Plaka horietan M zelulek patogenoak ezagutzeko behar diren antigeno laginketa egiten dute. Zelula horiek, ondoren, odolaren bidez ugatzetara bidaiatzen dute eta han antigorputz egokiak sintetizatzen laguntzen dute. Antigorputz horiek esnearen bidez haurrarengana iristen dira eta infekzio kaltegarrien aurka babesten dute. Gainera, frogatutzat eman dute amaren hesteetan kokaturiko hainbat mikroorganismoren parte hartzea ezinbestekoa dela Peyer-plakak egoki aktibatzeko. Beste modu batera esanda, amaren hesteetan dagoen mikroorganismo nahasteak eragin zuzena du bularra hartzen duen haurraren osasunean.

Amaren mikrobiotaren garrantziarekin jarraituz, duela egun gutxi Acta Paediatrica aldizkarian argitaratutako berrikuspen batek erlazionatu egin ditu zenbait mikrobiorekiko kontakturik eza eta azken urteetan izan den alergien gorakada. Diotenez, etxaldeetan bizi diren pertsonek hiri-inguruneetan bizi garenok baino mikrobiota aberatsagoa dute; eta horrek ematen dien immunitate-sistemaren garapen egokiagoak alergien aurka babesten ditu.

Hori horrela, azken hamarkadetan baserri girotik hirietara gertatu den pertsonen mugimenduak gure mikrobiotaren aniztasuna gutxitu du eta gure immunitatearen gehiegizko erreakzioak bultzatu ditu. Aipatu artikuluan diotenez, ez da gauza bera baserri-giroko ama baten esnearen mikroorganismoen aberastasuna eta hiritarrok eskaini dezakeguna. Edoskitzeari esker amaren mikrobiotak jaioberriaren hesteak kolonizatzeko aukera duenez, amaren esnez elikatzen diren etxaldeetako haurrek alergiak garatzeko joera txikiagoa omen dute.

Gaur-gaurkoz, aditu guztiak ez datoz bat edoskitzeak haurrak alergien aurrean babesten dituela dioen baieztapenarekin. Mikrobiotan dugun desberdintasuna izan daiteke orain arteko ikerketetan dagoen adostasun ezaren arrazoietako bat. Izan ere, ez da erraza jaioberrien elikadurari buruzko ikerketak aurrera eramatea, eta, gainera, bizimoduaren moduko faktore konplexuek emaitza alboratuak sor ditzakete.

Edonola ere, amaren mikrobiotak haurraren osasunean rol garrantzitsua jokatzen duela dirudi, eta edoskitzeak zubi-lan garrantzitsua betetzen duela ukaezina da. Beraz, zaindu mikrobiota, berak zu eta ingurukoak zainduko ditu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.