Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Argiaren kontrolpean

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Eguzkiaren argitasunak, bizipoza emateaz gain, izaki bizidunon erloju biologikoa erregulatzen du. Eguzkiaren argia iristen ez den ozeano sakonenetan eta haitzulo ilunenetan izan ezik, gure planetako bizitza osoa Lurraren errotazioarekin sinkronizatuta dago.

Zelula guztiek erloju biologiko bat dute, erritmo zirkadianoak erregulatzen dituena. Erritmo zirkadianoak aldaketa fisikoak, mentalak eta portaerazkoak dira, eta 24 orduko zikloa jarraitzen dute. Erritmo horiek gorputzaren funtzio garrantzitsuetan eragin dezakete, hala nola, hormonen askapenean, gorputzeko tenperaturaren erregulazioan, elikadura ohituretan, digestioan, eta nola ez, lo-patroian.

Garunean dago erloju nagusia, zelula guztien erlojuak koordinatzen dituena, sinkronizatuta egon daitezen. Animalia ornodunetan, gizakiok barne, erloju nagusia 20.000 neurona inguruz osatuta dago. Neurona multzo horrek muin suprakiasmatiko izenez ezagutzen den egitura bat eratzen du, hipotalamoan kokatzen dena eta zuzenean begietatik informazioa jasotzen duena. Muin suprakiasmatikoak, guruin pinealaren jarduera modulatuz, besteak beste, logura sortzen duen hormonaren ekoizpena erregulatzen du, melatoninarena.

Argi gutxi dagoenean, muin suprakiasmatikoak guruin pinealari melatonina ekoizteko agindua ematen dio, loa sortzeko. Logurea eragiteaz gain, gauez melatoninak odol-presioa, glukosa-mailak eta gorputzeko tenperatura murrizten ditu. Hain zuzen ere, aldaketa fisiologiko horiek dira loaldi on baten erantzule.

Goizetan, berriz, argiaren presentzian, muin suprakiasmatikoak guruin pinealari melatoninarik ez ekoizteko agintzen dio. Bestalde, kortisola, adrenalina eta noradrenalina bezalako hormonen ekoizpenak gora egiten du. Egoera horrek guztiak alerta-egoera bat sortzen du, eta kontzentrazio-maila, energia fisikoa edota erabakiak hartzeko ebazpen-gaitasuna nabarmen handitzen dira. Gainera, gauez ez bezala, egunez presio arteriala igo egiten da, eta metabolismoa azkartu.

Printzipioz, erloju biologikoa argi naturalari erantzuteko diseinatua dago, baina argi artifizialarekiko ere sentikorra da. Hori dela eta, argi artifizialak erloju biologikoa erruz nahas dezake. Gizakion kasuan, adibidez, atzematen dugun argi ikuskor espektroko (400-700 nm) argi urdinak (380-475 nm) melanopsinaren sintesia estimulatzen du. Fotopigmentu horrek, besteak beste, melatoninaren sintesia inhibitzen du. Hori dela eta, gauez pantailen bidez argi artifiziala kontsumitzeak, txandaka lan egiteak edota beste ordu-erabilera bateko eremuetara bidaiatzeak loaren kalitatea nabarmen murrizten du.

Beraz, imajinatu zer-nolako nahasmena pairatu behar duten Nazioarteko Espazio Estazioko astronautek, 90 minutuero egunsenti eta ilunabar bortitz bat bizi dutenek, egunean Lur planetari 16 bira ematen baitizkiote. Egia esan, nahaste hori jasanezina litzateke, eta, horregatik, espaziontzietan 24 orduko argi-iluntasun zikloak simulatzen dituzte; 15,5 orduz argia daukate, eta 8,5 orduz iluntasuna.

Izan ere, erritmo zirkadianoak eta argi-iluntasun ziklo naturalak sinkronizatuta ez egoteak loaren kalitateari eragiten dio, eta hainbat patologiarekin ere erlazionatu izan da: obesitatea, diabetesa, depresioa, nahasmendu bipolarra eta urtaroko nahasmendu afektiboa, besteak beste. Hortaz, saiatu gaitezen gure bizitza Naturaren erritmora doitzen, guk uste ez arren, bera baita gure gidaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.