Pastor
DARWIN ETA GU

Aurrera 'bolie'

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Alemaniarrek futbola izango dute gaurdanik, Merkelek Bundesligaren hasiera onartu eta gero. ARD telebista publikoak eginiko inkestaren arabera, herritarren % 56k kritikatu dute erabakia. ZDF katearen barometroak datu argiagoak kaleratu ditu: alemaniarren % 62 denboraldia bertan behera uztearen alde daude —pasa den astean % 54 ziren—. Berdin dio. Futbolak Alemanian argi berdea lortuta, irrikan, zain daude Europako beste futbolzaleak, haien txapelketak noiz hasiko.

Futbolaren nonahikotasun menderatzailea salatu dute Alemaniako zenbait hedabidek. Futbolak negozio eta dirutza handiak mugitzen ditu, ez soilik zaletuak. Hortik haren eragina. Alemania kirol herria zela esan dute. Orain, ordea, futbol herria besterik ez da. Futbola jaun eta jabe dugu. Beste kirolak hiltzen ari da. Alemanian eta Euskal Herrian ez da umerik izango, futbol talde baten zalea ez denik. Susmagarria izango litzateke. Futbola barik pianoa jotzea gogokoa balu, analisiak egingo lizkiokete Mozart txikiari, hormonak ondo dituen edo ez jakiteko.

Tageszeitung egunkariak zorrotz kritikatu du Bundesligaren hasiera. Zergatik utzi bazterrean saskibaloia, eskubaloia eta antzeko kirolak? Non daude beste kirolariak? Non haien lobbyak? «Etsi eta onartu egin dute futbolaren elite moralki ez hain abangoardista batek duen lehentasunezko tratua?», galdetu du hedabideak. Baztertutako kiroletako ia inork ez du ahotsa altxatu. Ez zaletu, ez amateur, ez profesionalek. Eliteko kirolariek ere ez. Egunkariak adierazi duenez, bada garaia beste kirol horietan jarduten dutenek beren eskubideak aldarrikatzeko. Baina Alemanian isildu egin dira. Gurean berdin egingo dute futbola hasten denean?

Gizonezkoen futbola, noski. Saskibaloia ere hor dago, airean, baina hori ere soilik gizonen arloan. Emakumezkoen kirola desagertu egin da hemen. Ligak bertan behera utzi dituzte. Ez dira profesionalak. Ez dute produzitzen. Koronabirusak andrazkoak sakrifikatu ditu lehenik, krisi garaietan gizonezkoak duelako lehentasuna. Emakumeak beren rol tradizionaletara itzul daitezela. «Etxera joan zaitezte aitona-amonak zaintzera. Etorriko dira sasoi hobeak», xuxurlatu die birusak, goxo.

Ondo gogoan dut Euskal Telebistan ari nintzen garaietan Radio Euskadira deitzeko agindu zidatela, saskibaloi partida baten emaitzaz galdetzeko. Hango kazetariak, pope horietako batek, nire adinaz galdetu, eta ahots zeremoniatsuz esan zidan: «Saskibaloiari buruz galdetzeko deitu didazu? Gogoratzen zara umea zinenean nork jokatzen zuen saskibaloian?». «Neskek», erantzun nion. «Horixe. Neskek, pololoak jantzita». Kazetari horrentzat ia iraingarria zen berari saskibaloiari buruz galdetzea. Gizona naiz; niri futbolaz galdetu. Utzi saskibaloia neskato bigun negartientzat.

Futbola eta matxismoa. Futbola eta politika. Futbola eta erlijioa. Futbola ez dela politizatu behar esaten dute futbola erlijio bihurtu dutenek. Nik neuk politikaren eremuan gurago dut futbola. Batez ere, politika egiteko modua izan daitekeelako politika egiten uzten ez diguten eremuan. Euskal talde bat —edo bi— Espainiako Kopako finalean? Bada, aukeran, nahiago nuke nire taldeak galdu baina kolonialisten estatuburua belarriko eta buruko minaz itzuliko balitz etxera, txistuen harrabotsak jota, nire taldeak irabazi, eta euskaldun guztiok 155. artikuluaren satrapari txorimalo moduan txalo egiten ikustea baino. Politizatzen ari naizela esango dute batzuek. Horixe! Haiek bezalaxe, baina jokaera eta arrazoi guztiz desberdinak lagun.

Futbola politizatzen dugunean disidentziarako tarte bat uzten dugu oraindik. Erlijio bihurtzen dugunean beste kontu bat da. Orduan, geure jainkoaren aurrean—geure taldea— makurtzen gara. Jainko horrek batzen gaitu gu guztiok. Alemanian eta hemen. Berdin dio fededuna, agnostikoa edo ateoa bazara. Eskuindarra edo ezkertiarra; unionista itsua, autonomista edo independentista. Horrexegatik hasiko da, berriro ere, futbola. Aurrera bolie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.