Pastor
DARWIN ETA GU

'Absurdistan' eta 'Bildotsistan'

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Konstantin Wecker kantari alemaniarrak kontzertu bat eskainiko du gaur livestream bidez, nazien porrotaren 75.urteurrena ospatzeko. Alemaniako abeslari mitiko, ezagunenetako bat da Konstantin Wecker. Duela 72 urte Munichen jaioa, gazterik piztu zitzaion kontzientzia antifaxista, Junge Welt egunkariari jakinarazi dionez. Koronabirusaren krisian dagoen arriskua nabarmendu du Weckerrek elkarrizketan: herritarrek baldintzarik gabeko obedientzia barneratzea. Jokaera horrek autoritarismorantz eramango gintuzke.

Autoritarismoa eta otzantasuna. Duela bi aste, Espainiako hiri batean, poliziengana joan zen ama gazte bat, ume txikia eskutik helduta. «Errege Mago berriak zarete haientzat», esan zien agur moduan. Zenbait lekutan, haurrei zorion-kantak abesteko eskatu diete gurasoek poliziei, umeen urtebetetzean. Lehen, harriak botatzen genizkien poliziei. Orain, txalo egiten diegu.

Euskal Herrian Errege Magoak ala Olentzero eta Mari Domingi ditugu ertzainak? Otzantasuna Espainiako herritarrena dela pentsatzen dugu, sarritan. Zenbait espainiarren ustez, aldiz, geu gara akritikoak. Bildotsak. EAEn hauteskundeak egiteko asmoa dela eta, hitz hauek irakurri ditut Madrilgo egunkari batean: «Soilik oso gizarte soraio batek onar dezake bozak alarma egoeratik irten eta hamabost egunera egitea, mugimenduak mugatuta, hedabideak kontrolatuta, oposizioa isilduta eta eztabaida publikoa desagertuta». Iritzi-emaile horren arabera, kanpaina laburragoa izango da, mitinik gabe. Eta abstentzioa handia izan liteke, kutsatzearen beldurrak astinduta. Haren iritziz, mendean hartutako gizarte batek baino ez luke halako baldintzetan bozkatuko: euskal gizarteak. Una sociedad profundamente aborregada.

Euskal Herria ez da Bildotsistan, baina ezin uka presa handia dagoela bozak egiteko. Handiegia. Batzuengatik balitz, datorren astean bertan joango ginateke bozkatzera. Alarma egoeran hauteskundeak «ezin hobeto» egiteko modua egongo litzatekeela eman du aditzera Josu Erkorekak. Ezin joan zure autoan ondoko probintziara, baina hauteskunde-mahai batean 12-15 orduan ezezagunez inguratuta egoteko arazorik ez. Absurdoa. Herritar batek uko egingo balio mahaian egoteko aginduari, kutsatzearen beldur delako edo 4-5 hilabeteren ostean izuak jota dagoelako, zigortu egingo lukete?

Suspertzea da inportanteena. Ekonomia eta hazkundea. Lana galdu duten herritarrak trebatzeko egitasmo bat iragarri du Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak. Horrela, beste lan eremu batean jardungo dute. Zahar-etxeetan, bertako beharginen lan baldintzak eta adinekoen egoera hobetzeko? Nork jakin. Bitartean, egoitza horietan hildakoen datuak betiko moduan ematen segituko dugu, hilean behin edo. Beste leku batzuetan egun batzuen buruan ematen dituzte krisi larri honetan, baina hau Bizkaia da. Egun on, Bizkaia, y al que no le guste, que se vaya.

Bozak eginez gero, agerikoa da kanpaina ez dela normala izango. Birusak bahitu egingo du. Zer lelo, zer mezu hedatuko dute? Erregionalistek, autonomistek eta ez-dakit-noiz-derecho-a-decidiristek abenturarako momentua ez dela argudiatuko dute. Pandemiaren ondorioz, batasunaren aldeko aldarriak ugaldu dira Irlandan. Hego Tirolen Italiatik bereizteko mezua zabaltzen ari dela azaldu du Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek. Kanaria uharteetan, Gomerako Kabildoko buru Casimiro Curbelo halaxe mintzatu zen El Día egunkarian, apirilaren 13an: «Estatuak erantzuten ez badu, independentzia lortu beharko dugu». Gure kexa bakarra «zentralizazioa» izan da. Birusa unionista dugu Euskal Herrian?

Konstantin Weckerrek Absurdistan kanta sortu zuen 2011. urtean. Abestia gaurko kontzertuan joko du. Testuak kapitalismoa kritikatzen du, ironiaz. Alemanian eta esportazioetan sinesten du kantariak —hori ere txantxetan—. Eta G-8an, «funtzionatzen duten umeak» behar ditugulako. «Nork behar du ume bat, barre egiten duena?», dio bukaeran. Nork behar du atso, agure zahar bat, negar egiten duena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.