urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Groenlandiaren eguna

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Ez badakizu danieraz, ezin zara hezkuntza sisteman sartu; eurek, groenlandieraz jakin ez, eta lasai asko dabiltza. Hezkuntza nahi dutenek hizkuntza arrotz bat ikasi behar dute, zein herritan bizi gara? Hemen, esku zabalik egiten diegu ongi etorri daniarrei. Han, kaleetan hotzez hiltzen uzten gaituzte». Tarrak hip hop kantariaren emanaldi batekin hasten da The Fight for Greenland (Borroka Groenlandiagatik) dokumentala. Iaz estreinatu zen, zinemaldietan ibilbide txukuna eginda, eta Al-Jazeeran dago ikusgai. Gaur egungo Groenlandiako lau gazte helduk kontatzen dituzte euren bizipenak, arazoak eta kontraesanak: politikari independentista bat, beste unionista bat, eta kulturgile bikote bat, Panninguaq eta Tarrak, 250 urtean lehen aldiz inuit tatuaje tradizionalak egiten dituzten lehenak.

«Arazoak izan nituen gaztetan, oso atsekabetuta nenbilen, neure burua aurkitu nahian, eta inuit tatuaje bat egitea erabaki nuen», dio Panninguaq emakume gazteak. «Tatuajeak nire benetako aurpegia erakustea ahalbidetu dit, arbasoekin konexioa berrezartzea. Behinola daniarrak bezalakoa izaten saiatzen nintzen, euren modura bizitzen. Tatuaje honek benetako nia ateratzen laguntzen dit», eransten du Tarrakek. Nortasunari buruzko hausnarketa ez da identifikazio nazional soilera mugatzen, Groenlandiako gizartean bizi dituzten arazo sozial sakonen abiapuntu gisa baizik.

Tatuatzeko ohitura hori, beste hainbat bezala, Danimarkatik iritsitako kolonialismoak eta luteranismoak galarazi zuen. 1721eko ekainaren 21ak markatzen du gertaera: Hans Egede misiolari danimarkarra Groenlandiara iritsi zen eguna egoera kolonialaren abiapuntua da; horrez gain, udaren hasiera eta urteko egunik luzeena izanik, Groenlandiako egun nazional izendatu zuten 1983an. Bihar beteko da, beraz, Danimarkarekiko menpekotasunaren 300. urteurrena; ez da harritzekoa askok begipuntuan jo izana, independentziarako egun egoki gisa. Duela hiruzpalau urte ohartu ziren, ordea, halakorik ez zela bihar gertatuko, oraindik ez zutela herrialde independente gisa antolatzeko astirik, ez aski gaitasunik.

Baina gauzak bizkor ari dira aldatzen Groenlandian, belaunaldi gazteek erakusten duten legez. Bihar ez da independentziarik gertatuko, baina ikusmina daukat zer gertatuko den jakiteko. Iaz, Black Lives Matter protestak mundu osoan hedatzen ari zirela, Nuuk hiriburuan dagoen Hans Egederen estatuari pintura gorria bota zioten, eta «deskolonizatu» idatzi zuten espraiz. Handik hilabetera galdeketa prestatu zuen udalak, monumentua kendu ala ez erabakitzeko. Herritarren ehuneko hamarrek baino gutxiagok parte hartu zuten, eta lehengo lekuan jarraitzen du Groenlandiaren kolonizatzaileak.

Lehengo lekuan dira askoren pentsamoldeak ere. «Baliteke Danimarka oso txikia izatea, baina gero Groenlandia daukagu. Harrotzeko modukoa da», dio dokumentalean pertsona batek. Tarrakek erantzun: «Argudio horrekin egiten ziguten irain Danimarkako eskolan. 'Gurea zara, daniarra zara'». Kantu batean benetako larrialdi dei baten audioa tartekatzen du. Kalean pertsona bat mozkorturik botata dagoelako deitzen dute; larrialditakoak: «Daniarra ala groenlandiarra da?». «Anbulantzia berandu iritsi zen. Inor-ez bat zen haientzat. Haientzat, baliorik gabeko alkoholikoak baino ez gara. Paki eskimala, Artikoko tximinoa. Oraindik ere herri kolonizatua ote gara?». Tarrakek aitortzen du, alabaina, danieraz groenlandieraz baino hobeto egiten duela. Haurrari ingelesez egingo diotela diotso emazteari, mundu osoan hezkuntza izatea ahalbidetuko diolako horrek, danieraz ez bezala. «Ingelesa bigarren hizkuntza eta daniera hirugarrena izatea ez da errealista», erantzuten dioPanninguaqek, «daniar asko bizi dira hemen».

Groenlandiako hizkuntza bizirik dago, ahalduntze prozesu garrantzitsua bizi du, baina mendeetako kolonialismoa oso sakon errotuta dago halaber. KNR Groenlandiako irrati telebistaren Twitter profila jarraitzen dut. Oso noizean behin izaten da ingelesezko txioren bat, baina danierazkoak erraz itzultzen ditu Twitterrek. Arazoa da, groenlandierazkoak ez dituela ulertzen.

Ezin ulertzea, nazioaren arazo bihurtuta. Autoestimu falta aipatzen dute dokumentalean behin eta berriz, eta horren prezio izugarria: nerabeen suizidio-tasa. «Gehiegi edaten eta erretzen dugu, gure buruari errespetua galdu diogu, txarto tratatzen dugu elkar», dio gazte independentista batek: «Independentziarako bidean geu gara gure burua geldiaraz dezakeen bakarra».

Unionistak Kopenhagerekiko harreman estuagoa gura du, diru gehiago eta laguntza psikologiko gehiago gazteentzat. Independentistak aitortzen du diru gehiagorekin bizimodu hobea luketela, baina laguntzen menpe eta berezko gaitasunik garatzeko gaitasun gabeko nazioa izango direla eransten du. Aurreko belaunaldiak utzitako arazo sozialak hartu dituzte egungo gazte groenlandiarrek; euren esku egongo da horiek gaindituko dituen nazio independentea eratzea. Bihar Groenlandiako egun nazionala da eta, ahal baduzue, ikusi The Fight for Greenland.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.