Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ilargiaren koloreko ubeldura

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Crai Nou'

Zuzendaria: Alina Grigore. Herrialdea: Errumania.Iraupena: 84 minutu.

Aurtengo Sail Ofizialean bigarren opera prima dugu ondorengoa. Alina Grigore aktoreak zuzendaritzara egin du bidea estreinakoz, modu aski txukunean.

Irinak (Ioana Chitu) etxetik alde egin nahi du, Bukarestera ihes egin, hiriburura, unibertsitatera, han desagertzeko, bere arrastoa bidean ezabatzeko. Zuzendariak familia disfuntzional baten alaba den Irinaren erretratua irudikatuko du: protagonistarekin batera, batez ere, lehengusuaren rola (Mircea Postelnicu) —apartekoa—, eta ahizparena (Ioana Ilinca Neacsu) izango dira bizkarrezur.

Grigorek nahasmenarekin joko gaitu hasi bezain pronto; gatazkan esnatuko gara protagonistarekin batera, eta hori izango da filmaren tonua gidatuko duena. Eztabaida bortitz eta azkarrekin, eta irain zein akusazio gurutzatuekin, familia harreman labirintikoetan galduko gara. Nork zer egin duen, nori, zergatik, noiz. Beti egongo da ulertuko ez dugun zerbait, ezagutzen ez dugun norbaiten inguruko galdutako daturen bat... Baina ez pentsa, esango nuke, Irina ere nahasmen horretan galdua dagoela.

Familia barruko indarkeria fisikoaren eta psikologikoaren ondorioak biziko ditugu filmean, indarkeria matxista, patriarkal, klasistaren azalpen grafikoa izango baita erakutsitakoa. Protagonista bahituta dago, sekta batean balego bezala, presondegian, beti lehengusuaz lagunduta, borreroa balitz bezala. Horrek guztiak protagonistarengan duen eragina bi eszena klabetan laburbilduko da dramatikoki.

Batak Blue Velvet-era lotuko gaitu. Irinak, plazera edo maitasuna ulertzeko, mina ezinbesteko elementu gisa barneratu duela erakusten duenekoa, ohean bere maitalearekin. Bestea, amaierako planoan, argituko ez dudana, arrazoi ulergarriengatik, ez dizuet filma hondatu nahi eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.