Ainara Castellanos-Rubio.
Zientzia. ARGI ALDIAN

RNAren gaitasun miresgarriak

2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bizitzen ari garen momentu honetan, zeinean birus batek mundu osoa hankaz gora jarri duen, RNA hitza inoiz baino gehiago entzuten ari gara. COVID-19a eragiten duen birusak gizakiona baino 100.000 aldiz txikiagoa den RNA genoma duela badakigu. Baino zer da RNA? Zertarako balio du? RNA eta DNA azido nukleikoak dira, eta lipido, proteina eta karbohidratoekin batera bizi-forma guztiak eratzeko beharrezkoak diren makromolekulen taldea osatzen dute. Orain dela gutxira arte, RNA bitartekari bat baino ez zela uste genuen, DNAtik proteinara pasatzeko eman beharreko tarteko pausoa bakarrik. Izan ere, proteina bihurtzen ez diren RNAk zaborra zirela uste genuen, zelularen inguru-zarata. Baina gure zelulak ez dira batere tontoak, eta ez dute alferrik energia gastatzen. Azkenaldian egiten ari diren ikerketa ezberdinak, proteinak sintetizatzeaz aparte, RNAk dituzten funtzio anitz eta ezinbestekoak deskribatzen ari dira.

Hain zuzen ere, eta birus infekzioekin erlazionatuta, EHUko Izortze Santin doktoreak, nazioarteko talde baten buruan (zeinaren parte izateko zortea eduki dudan), lnc13 izeneko RNA molekularen inplikazioa deskribatu du 1 motako diabetesaren garapenean. Santinen ikerketak deskribatu du infekzio biral baten aurrean lnc13ren kantitateak gora egiten duela, zelula pankreatikoen inflamazioa eta suntsipena bultzatuz, eta diabetesaren garapenean parte hartuz. Gainera, EHUko ikertzaileek ikusi dute diabetesari loturiko eta RNA honen barnean dagoen aldagai genetiko batek lnc13ren funtzio inflamatorioa areagotzen duela. Proteina bilakatzen ez diren RNA hauetan dauden eta gaixotasunekin asoziaturiko aldagaien funtzioa deskribatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, orain arte egindako ikerketa gehienek proteinen funtzionamenduan eragiten duten aldagaiak aztertu baitituzte bakarrik.

Baina RNA molekulen ezaugarri miresgarriak ez dira bakarrik birus infekzioei edo gaixotasun inflamatorioen garapenera mugatzen. Sinestezina bada ere, Princeton Unibertsitateko ikertzaile talde batek ikusi du C. elegans izeneko zizaretxoa gai dela lau belaunalditan zehar mantentzen den RNA bidezko arrisku mezuak bidaltzeko. Zizare hauek arriskutsuak diren bakterioetatik ihes egiteko jokabidea garatzeko gai dira, eta jokabide hori RNA molekulen bidez zuzenduta dago. Zizare amak bakterio arriskutsuekin topo egiten duenean, RNA txiki batzuek seinale bat bidaltzen diote zizarearen neuronei. «Zizare, bakterio hauek txarrak dira, ihes egin orain!», esaten du seinaleak. Amak, hortik aurrera, bakterio hori topatzean ihes egiteko jokaera izango du; baina bere seme-alabek, ilobek, birbilobek baita birbirbilobek ere seinale hori heredatuko dute, bakterio horiek inguruan daudenean ihes egin behar dutela jakinez. Ez al da zoragarria?

Ezjakintasun garai hauetan, RNAk ere mezu garrantzitsu bat dakarkigu: munduaren zilborra ginelakoan, SARS-CoV-2 birusa bezalako organismo «sinple» batek denbora eten egin du. Badirudi lehentasunak birpentsatzeko sasoia heldu zaigula; inguru-zaratari kasu egiteko momentua da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.