Albistea entzun

Zientzia. ARGI ALDIAN

Urteko egunik luzeenak, alaienak?

Lide Arana - EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea

2022ko ekainak 3

Iritsi da ekaina, eta harekin urteko egunik luzeenak. Hondartza denboraldia estreinatu berri dugun honetan, opor usaina dario ekainari: badator uda eta badatoz festak! Aspalditik ospatu izan da udako solstizioa, eta badira arrazoi kulturalez haratago, ugaztun bezala, berezkoak ditugun hainbat arrazoi urteko egunik luzeenetan alaitasuna eta ongizatea sentitzeko.

Gure planetaren zikloetara egokitzeko, bizidunok ere zikloak osatzen ditugu gure baitan, ziklo zirkadianoak deituak. Gorputzean ordulari molekular konplexuak ditugu, gure zikloen maiztasuna eta anplitudea planetaren zikloekin sinkronizatzen dituztenak. Horren helburua inguruko elikagaien kalitatearen, tenperaturaren, hezetasunaren eta urte sasoiaren aldaketen aurrean baliabideak hobekien kudeatzea izaten da, biziraupena bermatzeko. Jakina denez, loa eta elikatzeko momentua erritmo zirkadianoak zehazten dizkigu, baina baita gorputzeko tenperatura, garunaren aktibitatea, hormonen ekoizpena, zelulen birsorkuntza, zaurien sendatzea, eta beste hainbat funtzio biologiko ere.

Ordulari gehienen antzera, barne ordulari horiek ere etengabe doitu behar dira. Hainbat ikerketak diotenez, eguzkiaren argiaren intentsitatea, uhin-luzera eta iraupena dira ordulari molekular horien funtzionamendua gehien moldatzen duten faktoreak. Gure erretinan argiarekiko sentikorrak diren zelula desberdinak ditugu: batzuek jasotzen duten informazioa ikusmenerako erabiltzen dugu, baina badira beste batzuk pigmentu bereziei esker eguzki argiaren bestelako informazioa jasotzen dutenak. Horrela, gure begietara iristen den argiaren araberako informazioa garunean (hipotalamoan) integratzen da, eta bertatik jariatzen den melatonina hormonaren bidez, gure zikloak eguzkiaren ordulari eta egutegiarekin sinkronizatzen dira.

Odoleko melatoninaren presentzia eta kontzentrazioa erritmo zirkadianoaren jarraipena egiteko erabili izan da hainbat ikerketatan: Suedia iparraldeko hainbat pertsonaren melatonina hormonaren zikloak, adibidez, urtaro aldaketak —eta bereziki eguzki orduek— sinkronizazio prozesuan duen eragina aztertzeko egindako ikerketa batean. Lortutako emaitzen arabera, pertsona horiek melatonina ordu eta kantitate desberdinetan jariatzen zuten urtaroaren arabera. Gainera, Siberian egindako beste ikerketa batean ikusi zutenez, melatoninaren zikloak hobeto doitzen dira udan neguan baino, eta argitaratutako artikuluak dioenez, Siberiako neguak ziklo zirkadianoaren sinkronizazioa zailtzen du.

Sinkronizazio prozesuak huts egiten duenean ondorio kaltegarri nabarmenak pairatzen ditugu, hala nola, depresioa, lo ezina, arazo gastrointestinalak, sistema-immunearen desorekak edo obesitatea. Hori gutxi balitz, Frontiers in Neuroendocrinology aldizkarian argitaratu berri den artikulu baten arabera, baita ugalketa-aparatuan ere. Artikulu honetan, gainera, argiztapen artifizialak eta argi kutsadurak gure osasunean izan ditzaketen kalteen inguruko gogoeta egin dute. Izan ere, argi artifizialak egun eta gau zikloak asaldatzen ditu eta berarekin erritmo zirkadianoaren sinkronizazioa eragozten du.

Laburbilduz, argiak —artifiziala zein naturala— eragin nabarmenak ditu gure gorputzean. Egunak luzatuz doazen honetan, gure barneko ordularia errazago sinkronizatzen da inguruarekin eta horrek hainbat funtzio orekatzen eta osasuntsu mantentzen laguntzen digu. Pentsatzekoa da ongizate honek positiboki eragiten duela gure umorean eta gure bizimoduak udan ematen dizkigun pozak alde batera utzita (oporrak, hondartza denboraldia, herriko festak...), gure arbasoek ere bazituztela urteko egunik luzeenak alaitasunez ospatzeko arrazoiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Itsaso Jauregi

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».
Nahia Sillero eta Sua Enparantza. ©EITB
 ©BERRIA

Urduritasunak gora, azazkalak ahora

Amaia Jimenez Larrea

Antsietatea, urduritasuna edo dena delakoa baretzeko asmoz, askok azazkalei hozka egiten diete. Ez dago azazkalei hozka egiten uzteko tratamendu finko eta eraginkorrik, baina adituek emozio horien jatorria aztertzea gomendatzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...