Jose Ramon Bilbao
ARGI ALDIAN

Eboluzioaren ordaina

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, izurri beltzaren pandemia izan da gizateriaren historia osoan heriotza kopururik handiena eragin duen gertaera. Duela 700 bat urte, Yersinia pestis bakterioak sortutako izurrite bubonikoak gogor astindu zituen Afrika, Asia eta Europa, eta populazio dentsitate altuko lekuetako biztanleriaren ia erdia amaitu zuen. Orain, hil ziren eta biziraun zutenen arteko desberdintasun genetikoak identifikatu ditu ikerlan batek, eta agerian geratu da izurriteak ezarritako presio selektiboak aukeratu zituela bizirik aterako zirenak. Gainera, Erdi Aroko botila-lepo ebolutibo horrek oraindik ere eragina du gure osasunean.

Ezaguna da gutako bakoitzaren osaera genetikoak infekzio mikrobiano baten aurrean erreakzionatzeko gaitasun indibiduala eta bizirauteko probabilitateak zehazten dituela. COVID-19aren pandemian ere identifikatu dira koronabirusak eragindako gaixotasunaren larritasuna baldintza dezaketen ezaugarri genetikoak. Erdi Aroan guztiz ezinezkoa zen epidemia baten hedapena geldiaraztea, eta aurre egiteko kanpo bitartekorik gabe, biziraupena norbanakoen ezaugarri genetikoen mende zegoen hein handiago batean.

Pasa den astean Nature aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, sistema immunologikoko proteinen ekoizpenean inplikatuta dauden lau generen aldaerek baldintzatu zuten izurritearen aurrean babestuta egotea edo bizitza galtzea. Nazioarteko ikerketa taldeak 100 urteko denbora leiho bat aukeratu zuen, eta antzinako 500 DNA lagin baino gehiago aztertu zituen, tartean izurritearen aurretik hil, izurritearen ondorioz hil edo bizirik atera ziren pertsonenak, Londresko East Smithfield auzoko eta Danimarkako ehorzketa masiboko izurri-putzuetan lurperatutako gaixoenak barne. Emaitzarik esanguratsuena ERAP2 genean dagoen rs2549749 aldaeran ikusi zuten, aldaera horren bi kopia zituzten pertsonek %40 eta %50 arteko probabilitate handiagoa izan zutelako bizirik irauteko. Izan ere, ERAP2 proteinaren rs2549749 aldaerak Y. pestis bakterioaren neutralizazio eraginkorragoa ahalbidetzen duela ere erakutsi du ikerketak.

Abantaila txiki horrek bizirautearen edo hiltzearen arteko aldea zehaztu zuen Erdi Aroan, eta soilik bizirik iraun zutenek transmititu zizkieten euren geneak ondorengoei. Aldaera hori gailendu da gure genoman izurriteak ezarritako presioaren ondorioz, baina eboluzioa aho biko ezpata da, eta antzina izurritearen aurkako babeslea izan zen aldaera gaixotasun immunologikoekiko joera handiagoarekin lotzen da egun, besteak beste Crohnen gaixotasunarekin edo artritis erreumatoidearekin. Berriro ohartzen gara ez dagoela genoma perfekturik, uneko egoerari hoberen egokitzen dena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.